Gayaldia, New Yorkeko Euskal Etxearen lehendabiziko gay festa

Gayaldia 2012 New York

Iragan larunbateko gauean New Yorkeko Euskal Etxea diskoteka bihurtu zen, elkartearen aurreneko Gayaldia ospatzeko. Nahiz eta eguraldia makurra izan –gau osoan euria egin zuen– eta metro zerbitzua bertan behera gelditu, lagun asko bildu ziren euskal etxera, euren lehendabizikio Gayaldiaz gozatzeko prest. Festa ekitaldi “historikoa” izan zen euskal elkartearentzat, izan ere, Eusko Etxearen ia ehun urtetan egin den aurreneko gay jaia izan baitzen.

Ron Like Hell DJ-ak jarri zuen musika eta Rowan eta David go-go boys-ek dantza mugimenduak, gau osoan gelditu gabe ibili baitziren dantzan euskal etxeko tabernako barra gainean. Gaua ahaztezina izan zen, antolatzaileen esanetan, eta datorren urtean bigarren edizioa izango du, zalantzarik ez.

New Yorkeko Eusko Etxeko zenbait bazkidek aspalditik zuten buruan gay festa bat antolatzeko idea. 2005ean, orduan presidentea zen Luis “Koitz” Foncillas-ek San Frantziskoko Basque Club-eko Xabier Berruetari AEB mailako gay jaia antolatzea proposatu zion. Berruetari, nahiz eta gay izan ez, ideia bikaina iruditu zitzaion, baina inork ez zuen antolakuntzaren ardura bere kargu hartu eta ez zen ezer egin.

Ideia berriz ere piztu zen New Yorkeko Euskal Etxera heldu ziren bazkide gay berrien etorrerarekin, horien artean Imanol Botxo eta Aitzol Azurtza. Elkarteko aspaldiko bazkide Patxi Olaberekin batera aurreneko Gayaldia antolatzea erabaki zuten. Euskal etxean egiten diren ekitaldi batean sortu zen festaren izena eta antolatzaileek elkarteko urteroko egutegiaren parte bihurtzea espero dute.

Gay eta lesbianei zuzenduriko ekitaldi berezi bat antolatzen duen aurreneko AEBeko euskal etxea da New Yorkekoa. “Ideia New Yorken sortzea logikoa zen”, esan du Koitzek, “izan ere hiri honetara heltzen diren euskal immigrante asko gayak dira, edo hobe esanda, gara”.

“Gayaldiaren ideiak hasieratik izan du elkarteko zuzendaritzaren eta bazkideen babesa”, gehitu du Imanolek, azpimarratuz AEBetako euskal etxeen artean horrelako egiten duen lehena izan dela. “Beste behin ere, New York aitzindari izan da”, esan du, brometan, Aitzolek. Antolatzaileek espero dute orain AEBetako beste euskal etxeek ere antzeko ekitaldiak, denei irekiak, antolatzen hasiko direla.

Euskal Etxean elkarteko bazkide ez diren gay askoren presentzia ohikoa bihurtu da azkenaldian, elkarteko bazkidek gonbidatuta, eta horrek gaztetze eta modernizazioa ekarri du elkarteko hainbat arloetara, antolatzaileen ustez. Adibidez, berriki “It’s Good to Be Us. A Summer Day on Gay Fire Island” argazki erakusketa izan zen ikusgai Eusko Etxean, New Yorketik gertu dagoen Fire Island gay guneko eguneroko bizitzari buruzkoa.

Aurreneko Gayaldi honen leloa “A Dance Party Celebrating Everything Basque and Queer” izan da.

3 pentsamendu “Gayaldia, New Yorkeko Euskal Etxearen lehendabiziko gay festa”-ri buruz