Galiziako zazpi preso daude sakabanatuta, bataz beste, 560 kilometrotara urrunduta



Presoen sakabanaketa zer den eta zein ondorio dituen aski ezaguna da Euskal Herrian. Ziur, ordea, galiziar gehienek ez dutela horren berririk, nahiz eta bertako preso batzuei ere zigor erantsi hori aplikatzen zaien.

Que voltem a casa plataformak Galiziatik kanpo espetxeratuta dauden zazpi herrikideren hurbiltzea eskatzen du. Gaur gaurkoz zazpi gizon-emakume galiziar daude Espainiako espetxeetan sakabanatuta, Auzitegi Nazionalaren aginduz zigortuta. Mugimendu independentistako kideak dira eta Resistencia Galega-ren izenean lehergailuak jartzea egozten zaie. Talde horrek agiri baten bidez eman zuen bere berri 2005eko uztailaren 20ean, Galiziako Aberriaren Egunaren atarian, alegia. Alta, zenbait elkarte independentistek RSrekin loturak dituztenik ukatu dute eta independentismoaren aurkako “kriminalizazio” kanpainarekin lotu dute ekintza armatuei Espainian emandako oihartzuna.

Zazpi preso sakabanatuak Galiziatik 560 kilometrora daude bataz beste, nahiz eta Galizian bertan bost espetxe dauden. Que voltem a casa plataformak “Galiziako gizarteak aldarrikapenak bere egitea” nahi du, “Familia eta lagunei” joan-etorriek eragiten dien diru nahiz buru urraketa. Antiterrorismoaren legepean epaitutako presoek bizi dituzten “salbuespen neurriak” salatu ditu plataformak blogean argitaratu duten idazkian.

Euskal Herriko ehunka preso sakabanatuen aldean, bistan da gutxi direla zazpi preso. Halere, Espainiak aldarrikapen politikoak dituzten pertsona presoak zigortzeko duen moldearen adibideak ere badira preso independentista galiziarrak.

2011ko abenduan Galizian egindako atxiloketen harira Que voltem a Casak eginiko prentsaurrekoa: