Galera

Galera –

Posible al da hizkuntza bat erabat galtzea? Bai, noski, bada adibidea ugari. Eta, galera hau, denbora gutxian, egun batetik bestera bezala gerta liteke? Bada, bai, konturatzerako gerta liteke, bai. Beraz, galdera are garrantzitsuagoa, konturatzerako gerta baldin baliteke, ohartuko al gara hizkuntza bat galtzeko azken zorian dagoen uneaz? Hau da, jabetuko al dira azken hiztunak euren elkarrizketak hizkuntzaren azken hatsa direla?

Txileko artxipielago batean, Chiloé, bazen veliche izeneko hizkuntza bat, mapudungun hizkeren taldekoa, behinola uharteetako indigenek zein kolonoek egunerokotasun eta normaltasun osoz erabili izan zutena. Konkistaren lehen oldarrari eutsi zion eta esan liteke XIX. mendera arte gaztelania baino hedatuago zegoela uharte haietan. Zer diren gauzak, Txileko Errepublika independientearen sorrerarekin, ordea, 1826an, hizkuntzen egoerak berehala aldatu ziren.

Castro, Chiloéko hiriburua, C. Darwinek marraztua

Juan Elias Carrera velichearen gainbeheraz ohartu eta baten bati galera horren berri ematen ahalegindu zen. Kontzientzia horrek izango zuen zerikusirik bere egiazko izenarekin. Zeren eta Juan Elias Carreraren izena, izatez, Necul baitzen, hura zuen bere herrikoen artean deitura. Caguancheko irlan bizi izan zen eta, beharrik, bazekien idazten. Neculen garaian, uhartediko biztanleek mende erdi soilik zeramaten Txileko Errepublikaren menpe eta, jada, nabaria zen hizkuntza ordezkapena, Estatuaren abiaraztearekin batera, gaztelania gero eta gehiago ari baitzen zabaltzen. Agintariek gaztelaniaz egiten zuten eta eta, gainera, maiz, lehen baino gehiagota, uhartez uharte ibiltzen ziren kontu eske eta, jakina, han-hemenka umeei gaztelaniaren garrantzia sartuko zieten eskolak irekiz. Bistan denez, Txileko estatuak bere burua gaztelaniaren gainean eraikia ikusten zuen indartsu.

Neculek zalantzarik ez zuen bere hizkuntza desagertzera zihoala eta nahigabez begiratzen zion etorkizunari. Bera ote zen zetorrenaz jabetzen zen bakarra? Ala beste herritarrik ere izan zuen gogaide? Kanta horiek, sutondoko hitz horiek bukatzear zeudela ez al zuen inork esan behar?

Necul bazen norbait bere herritarren aurrean ere. Bere herritarrentzat bitartekari aritzen zen agintari berrien aurrean. Bazekien idazten eta, gaztelaniaren ortografia erabiliz, bere hizkuntzaren hitzak finkatzeko lana hartu zuen. Eta 1880 an, collag batzuk bildu zituen, alegia, herri-literatura pieza txikiak.

1911an deskubritu zituen collag hauek Alejandro Cañas Pinochet izeneko batek eta, bilduma interes handiz irakurri ondoren, gaztelaniara itzultzen saiatu zen. Urte hartan bertan argitaratu zuen Lengua veliche liburua. Oso itzulpen librea izan omen zen eta, zoritxarrez, berezko esanahi asko galduak dira. Hala ere, olerkitxo etsituok dira, Naculen argitasunari esker gorde diren hizkuntzaren zantzu bakarra.

Hara hor euskarara ekarritako bi:

  1. Collag-a.

Haizea bezala

Piñamcu etorri da

lur hartara.

Hilda dago eta, hala ere,

oraindik ez dago ahaztua.

Ai ene,

Non dira senideak?

Dei egiten zenien.

Inoiz ez zuten erantzuten.

  1. Collag-a

Denbora luzez

bakarrik eta triste,

atxilotuta banintz bezala,

Calbucoko lurretan

bizi izan naiz.

Nire etxera itzultzeko

mendikatea zeharkatu nuen

eta, ahaztuta, okerreko bidetik

jaitsi nintzen.

Ezagutzen ez nuen

jende abegikorra.

“Zer moduz zaude?”

galdetzen zidaten.

Galera