Galdutakoa

Galdutakoa –

Galdutakoa

Badira galdutakoa berreskuratu nahian bizi direnak. Batzuk gaztaroaren bizipenak eguneratzen aritzen dira, garai batean bizi izandako esperientziak helmuga. Oraingoa ez zaie nahikoa, gogoan (idealizatu) dituzten une horiek etengabe bilatuz. Gehienetan porrota dakarren jarrera da, ez baikara ginenok, ingurukoak ez baitira zirenak, egungo mundua ez baita herenegungoa.

Beste batzuk, galdutako bikotekidea gogoan, lehenaldian loturik geratzen dira, iraganeko maitasun horri agur esan ezinik. Honek malenkonia eta tristezia ekar dezake; edo batzuetan frustrazioa eta  biolentzia ere bai, gaurko errealitatea onartu ezinean, egoera (idealizatu) hartara itzuli nahian. Horren ezintasunak agresibitatea elikatzen du, batzuetan muturreko biolentzia ere eraginez.

Frantziarren artean oso sustraitua dago “grandeur” sentimendua, garai batean Frantzia  izan zen (idealizatu) horri lotua. Urrezko aro haren “handitasunean” bizitzen jarraitzeko nahia dago, Frantziak gaur eduki behar duen funtzioa definituz; horrela, iraganaren oihartzunak gaurko erreferentzia bihurtzen dira.

Gaur, urriak 12, Espainiaren “Fiesta Nazionala” da. XX. mendearen erdialdetik Francoren erregimenak bultzatu zuen, “Día de la Raza”-“Arrazaren Eguna”  izenpean. Amerikaren “aurkikuntza” da erreferentziazko gertaera, espainiar inperioaren goreneko garaia. Zer geratzen da inperio (idealizatu) horretatik? Nola dago gaur eta nola? Berdin dio, garai “handi” bati lotutako sentimenduak bizirik dirau. Badirau, baina gaur egungo testuinguru sozial eta politikoan gero eta frustratuago, hori bai. Eta galdutako horretan bizitzeko nahi itsuak malenkonia eta gorrotoa dakar: zabaldu egunkariak, entzun irratiak, joan epaitegietara, harritu polizia txostenekin, adi egon diskurtso politikoei, irakurri arretaz “intelektualen” jarioa, ezagutu estatuaren estoldak… Batzuen ameskeria, beste askoren amesgaiztoa.

Galdutakoa

Galdutakoa

Irakaslea ofizioz, mendizalea afizioz eta Baskoniazalea bizioz.