Funtsezkoa eta gainontzekoa

Funtsezkoa eta gainontzekoa

Zientzialari batzuk itsaso mediterraneoan ur-analisiak egiten zebiltzan. Probeta batekin H2O-aren laginak hartu behar zituzten, eta emaitzak xehetasun osoz ikertu. Tamalez itsasontzian probeta bakarra eraman zuten. GPSan markatutako tokira heldu zirenean urperatu zuten probeta txikia. Minutu gutxira ikusi zuten emaitza harrigarria. Edukiontzia itsasotik atera zuten, eta aztertzeari ekin zioten. Barruan karramarro bat aurkitu zuten. Animalia horren aurkikuntzarekin itsututa, probetako ura kanpora isuri, eta urgentziaz telefono deia egin zioten kontinenteko zientzia zentroko lankideari: “Itsasoa karramarroz beteta dago”. Herritar asko aztoratu zituen aurkikuntza hark: “arrainik ez dago, beraz? eta lehortu egin al dira ozeanoak?”.

Parabola txepel hau Kataluniako emaitzen interpretazioarekin lotu nahi dut. Funtsezkoa eta gainontzekoa bereizteko. Ura, eta ezustean agertutako karramarroa.

Hauteskunde emaitzak ikuspegi zabalarekin irakurri behar dira, eta ez mikroskopio edo probeta batekin. Nire ustez, bozka hauetan funtsezkoa bide-orri independentista aplikatzeko gehiengo parlamentarioa lortzea izan da. 72 parlamentari horiek gaitasuna dute haien borondate politikoa gauzatzeko, Junts pel Sí-k eta CUPek adostuta. Herenegun baino posizio hobean daude orain. Egoera definitiboa izan gabe, prozesu independentista luzean beste mugarri bat gainditu dute.

Bigarren mailan daude egunotan idatziko diren irakurketak. Interesgarriak guztiak, hala ere. Inportantea da botoen %50era ez heltzea, Europara mezua trabatuta helduko dela, beste hainbeste Artur Mas-ek alde egingo duen ala ez… eta horrela beste hamaika erpin. Hizketagai erakargarriak denak, ezin da hori ukatu! Baina, horrek baldintzatuko du etorkizun politikoa? Azpititular horiek ez dute ukatzen funtsezkoa dena, lausotu bakarrik egiten dute. Behelainoaren atzean berriz egingo dute topo errealitatearekin: 72 parlamentari, eta estatu propioa sortzeko bide-orri bat. Hori dena, gainera, sekula baino boto independentista gehiagorekin, 1,9 milioi, eta parte hartzea ikaragarria -gehiengo isilaren teoria txikitu duena-.

Interpretazioak libre dira, hainbesteko elastikotasuna dute alderdi politikoek, ezen  bakoitzak baduen bere garaipena. Beti izan da horrela, eta ez dugu zertan sorpresa aurpegia jarri. Uste dut oinarrizkoa dela barneratzea independentisten esku dagoela Kataluniako ekimen politikoa. Gauzak ondo egitea haiei dagokie eta ez dago hori etengo duen gehiengo alternatiborik edo Madrilgo egunkaririk. Motelago edo azkarrago. Gehiago ala gutxiago gustatu, independentisten gehiengo absolutua da 2015eko iralaren 27ko mugarriaren zigilua.

Funtsezkoa eta gainontzekoa

analisia, Katalunia
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Funtsezkoa eta gainontzekoa”-ri buruz

  • Galdeketa egin zutenean espaniolek zioten: katalanen 1/3ak soilik nahi du independentzia. Orain %50tik gertu katalanek bozkatu du: bai!
    Prozesua aurrera doa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude