Frantziak onartu ditu froga atomikoek eragindako biktimak

Saiakera atomiko baten irudia. CC-by United States Department of Energy
Saiakera atomiko baten irudia. CC-by United States Department of Energy

Urteak eman zituen Frantziak grandeur atomique-aren atzetik. 1960 eta 1996 urte bitartean 210 saiakera atomiko egin zituzten militar frantziarrek Sahara aljeriarrean eta Frantziako Polinesian. Froga horietako 50 atmosferikoak izan ziren, alegia, euri erradiaktiboa eragiten zuten horietakoak. Esan barik doa honek kutsatzeko arriskua dezente biderkatzen duela. Bada, lege proiektuarekin batera aurkeztutako txostenari so, 70.000 lagun inguru kutsatu zituzten frogok; horietako asko lur azpian daude dagoeneko.

Lagun talde horretan dauden tumore kasuak normaltasunean daudenaren bikoitza dira; odol-gaixotasun kopurua ere ikaragarri altua: Frantziako batez bestekoa baino 35 aldiz handiagoa. Kutsatutakoek izandako seme-alabetako asko malformazioekin jaio ziren ere, eta abar luzea. Defentsa Ministerioaren azterketak dioen bezala: “erradiazio ionizatzaileek eragin ohi dituzten alterazioak”.

AVEN (Association des Vétérans des Essais Nucléaires) elkartearen bitartez hasi ziren kaltetuak Estatua auzitara eramaten, baina salaketa guztiak geratzen ziren bertan behera. Oraingo txostenak Frantziaren erantzukizuna horren argi adierazten badu ere, kaltetuak ez daude pozik; beren eskubideen alde borrokan hainbeste urtetan ibili eta gero erradiazioa jaso zutenen portzentaje txiki batek baino ez ditu diru laguntzak jasoko. Biktimen Polinesiako elkartea den Moruroa et Tatouk horrela adierazi du desengainua: “Geuk eskatutako bi gauzetatik bat bera ere ez du legeak barne hartzen: alde batetik ez du onartzen kalteak Estatuaren ekintza zuzenaren eragina direla eta, bestalde, ez du Defentsa Ministerioarekiko independentea izango den indemnizazio sistema bat ezartzen”. Honi gehitu behar zaio iturri ofizialek emandako datua: legeak aurreikusiko dituen 10 milioi euroek ehun bat kaltetu frantziar laguntzeko baino ez dute balio izango. Eta ondo asko zehazten dute “frantziar” hitza, kaltetutako Saharako tuareg-en inguruan txintik ere ez baitu esaten.

Beste ‘herrialde nuklearren’ jarrerak

Ameriketako Estatu Batuak ere egin zituen mota honetako frogak; are gehiago, Nevadako frogetan eragindako kraterretatik ibiltzera behartu zituzten soldadu asko “gerrate nuklearrera ohitzeko”. Etxe Zuriak, gerora, konpentsatu egin zituen beterano atomikoak.

Erresuma Batuaren kasua askoz ere deitoragarriagoa da: Australian egindako frogek 40.000 kutsatu eragin zituzten eta, oraingoz, ez dute kaltetuak eta familiak laguntzeko keinu txikiena ere egin.

Kazetaria.