Frantziak armada bidali du Saint Aignan herriko jendarmeak babestera

Azken egunotako gertakarien aurrean, Frantziako armadak 250 soldadu (300 zenbait iturriren arabera) eta bi helikoptero bidali ditu Loir-et-Cher departamentuko Saint Aignan herrira. Prefekturak komunikatu batean azaldu du soldaduek “biolentzia berrasteko edozein saiakerari aurre egingo” diotela.

MjkxMA==

Izan ere, berrogeita hamar bat pertsonak, aizkora eta burdinazko barrak hartuta eta aurpegia estalita, herriko komisaldegiari eraso zioten igandean, jendarmeek ostiraletik larunbatera bitarteko gauean tirokatutako 22 urteko gazte baten heriotzaren aurkako protestan. Dirudienez, gazteak jendarmeen kontrol bati izkin egin zion. Jendarmeak orduan autoaren atzetik irten ziren eta, jazarpen betean, tiroka eraitsi zuten gaztea. Liberation egunkariak aipatzen dituen polizia iturrien arabera, gaztearen heriotzaren nondik norakoak argitzeke daude oraindik, eta kasuarekin zerikusia duten bi polizia zaintzapean daude.

Gertakariak are harrigarriagoak dira Sain Aignan herria 3.400 biztanleko herri txiki bat dela kontutan hartzen badugu. Erasoaldian, polizia-etxeari su emateaz gain, hiru ibilgailuri ere su eman zieten, zuhaitzak eraitsi zituzten, eta semaforoak, kaleko mobileria eta okindegi bat txikitu zituzten.

Liskarrak Grenoblen ere

Bitartean, Isère departamentuko Grenoble hiriburuan, bere horretan dira poliziak larunbat goizaldean tirokatutako gaztearen heriotzak eragindako istiluak. Villeneuve auzoan, hiriko txiroenetako batean, gertatzen ari diren istiluek 20 atxilotu eta 60 kiskalitako auto utzi dituzte oraingoz. Kasu honetan ere, jendarmeek auto jazarpen batean tirokatu zuten biktima, 27 urteko Karim Bouboda gaztea.

Irudia | Frantziako armadak Saint Aignango kaleak patruilatuko ditu | isafmedia | Creative Commons By SA