Foucaulten pandemia

Foucaulten pandemia –

Galder Gonzalez, Beñat Irasuegi, Xabier Landabidea, Aiora Mujika, Eneko Olazabal eta Gorka Salcesek Etzi Portu Maritimoan.

Umberto Ecok idatzi zuen Foucaulten Pendulua tresna interesgarria da bizi dugun mundua ulertzeko. Liburuak Causaubonen ikerketa kontatzen du, bere lagun Jacobo Belpo bahitu dutela uste duelako. Causaubon eta Belporen arteko ikerketan oinarritzen da liburua, eta atal bakoitzak konspirazio baten berri ematen du, zein baino zein sakonagoa, zein baino zein sinesgaitzagoa. Baina frogak hor daude, eta berdin dio josulagunak, rosakruzak, ijitoak, juduak, Opus Dei edo tenplarioak izan. Konspirazioan sakonduz, espiral batean sakontzen du, inora ez daraman espirala. Edo bestela esanda, konspirazioa denean eta edozertan ikustearen kondenara. Azken batean errealitatean 5 zenbakia aurkitzen hasten dena gauza guztietan ikusten hasiko da…

Konspirazioak existitu egiten dira. Hori ukatzea munduaren funtzionamendua, gizakien eta gizarteen funtzionamendua ukatzea da. Denek konspiratzen dute, mundu guztiak dituelako helburuak eta helburu horietara iristeko bideak (beste kontu bat da lortzea). Hori esanda, noizbait jai sorpresa bat antolatzen saiatu den orok daki ez dela posible sekretua luze mantentzea eta hamar pertsona baino gehiago behar dituen plan bat egitea ia ezinezkoa dela: mundu guztiak ez duelako gauza bera ulertu, ez dituelako nahi berberak edo ez duelako konbentzituko bidean behar duen oro. Artikulu hau idazteko ere konspiratu dugu, helburuak markatu, argudioak bildu; ez dakigu, ordea, iritzia aldaraziko dizun: izan ere, konspiratzea ez da hain erraza.

Foucaulten pandemia
Cloister Conspiracy. Steve Lee.

Konspirazioak existitu egiten dira, eta batzuk besteak baino sinpleagoak dira. Har ditzagun 2001eko irailaren 11ko atentatuak: izan liteke talibanak egitea eta AEBn inor ez enteratzea; izan liteke zuzenean Bushen administrazioa izatea egin zuena eta hegazkinak tapadera bat izatea ere (are, izan liteke hegazkinak mozorrotutako misilak izatea). Eta izan liteke, marjina horretan guztian, talibana izatea erantzulea, AEBetako zenbait goi kargu jakinaren gainean egotea eta, hala ere, ez egitea ezer ere plana geldiarazteko, ondo zetorkielako. Lehenengo aukera sinpleena da, baina negligentzia handiak behar dira bidean; azkenak pertsona gutxi batzuk baino ez ditu behar, eta horiengan konfiantza osoa izatea; bigarren proposamenak (guztia AEBk antolatua izatea) ehunka, milaka pertsona beharko lituzke barnean, eta zaila da, marjina horrekin, guztia ondo ateratzea, inork ezer ere ez esatea, sekretua luze mantentzea.

Gizakiak azaldu ezin ditzakeen esparruetan indar imajinario bat erdian sartzeko gaitasuna du. Demagun arratsaldeko 8etarako minutu bat falta denean ogia erostera noala eta justu niri gustatzen zaidana ez dagoela. Ez dugu konspiraziorik bilatuko egoera horretan, prebisiblea delako. Demagun norbait saiatzen dela erailtzen estatuburu bat baina dena gaizki ateratzen zaiola: ez dugu konspiraziorik bilatuko. Baina hiltzen badu… orduan bai, orduan erraza da bilatzea konspirazio bat, ezin dugulako pentsatu historia askoz sinpleagoa dela: gauzak gertatu egiten dira, eta batzuetan ikusten duguna da gertatu dena. JFK nork hil zuen imaginatzea ariketa literario interesgarria da; Carrero Blancoren heriotzan CIA tartean zegoela pentsatzea erakargarria da Espainiako ezkerreko sektore batzuen artean. Eta bai, batzuetan badaude konspirazio ilunak heriotza horien atzean. Noski. Gehienetan, ordea, gauzak sinpleago izaten dira.

Munduan heldulekuak behar ditugu, ziurtasunak. Helduleku horiek desagertzen direnean hutsuneak betetzeari ekiten diogu. Historian zehar hala gertatu da: ziurgabetasun egoeren aurrean jada ezaguna zitzaigunari heldu diogu, retrotopiak eraikiz. Retrotopia horiek iragan ez determinatu mitiko batean kokatzen dira, jada ezagutzen genuen zerbaitetan. Normaltasun zaharrean, existitu ez zen iragan batean edo gertatu ez diren gauzen nostalgian. Helduleku horiek izan daitezke familia, lana edo erlijioa. Baina XXI. mendeak bi hamarkada bete dituen honetan, mundu ez dakigu likido, gaseoso edo solido honetan, helduleku horiek desagertu egin dira. Horien ordez jatorri ezezaguna duten egia errebelatuak daude, misterio guztiak konpontzen dituzten kontakizunak… eta horiei heltzea da normalena, ziurtasuna ematen dutelako, errelato koherentea direlako. Errealitatea, tamalez, ez da koherentea; errealitatea ausazkoa da; koherentea eta lineala dena, ziurgabetasunik gabeko ildo jarraia dena fikzioa da. Harkaitz Canori irakurri geniola uste dugu, baina ziur arinago beste batzuek ere esana zutela: errealitateak ez du koherentziarik eskatzen, fikzioak bai.

Fikzioak egileak ditu. Eta konspirazioak existitu egiten dira. Mundua eraldatu duen pandemia baten erdian gaude eta pentsa dezakegu honen guztiaren atzean norbait dagoela. Informazioaren gizartea deitu den honetan, erraza da nahi dugun gauza oro ziurtatzen duen iturri bat aurkitzea. Informazioa egoteak ez duelako esan nahi egia dagoenik: soilik fikzio gehiago daudela. Konspirazioak existitu egiten dira, fikzioak ere eta egileak dituzte. Googlen, YouTuben edo lagun batek bidalitako Whatsapp batean guztia azaltzen duen bideo bat jaso dugu, eta pozik gaude behingoagatik badugulako helduleku bat. “Bada garaia norbaitek BENETAN gertatzen dena esan dezan”. Helduleku fisiko bat, lasaitzen gaituena, gure ezinegona azaltzen duena. Baina blog, bideo edo audio horrek egilea du, eta egile horrek ere baditu bere interesak. Bestela esanda: konspirazioak zabaltzen dituztenek ere konspiratzen dute, beste agenda batekin. Konspirazioak, fikzio forman, sortu egiten dira, eta badute haien barne-koherentzia. Konspirazioek fikzioa behar dute, fikzio ulergarria. Errealitatea ez da ulergarria, konspirazioa bai.

.

Paralisiaren aurka

Konspirazio teoriak paralizanteak dira, zentzu batean baino gehiagotan. Ea azaltzea lortzen dugun.

Compendium Maleficarum. 21. grabatua.

Konspirazio teoria on batek soluzio asko (gehiegi egia izateko) ematen dizkie munduan azalpena behar duten fenomenoei. Hainbesteraino, ezen gertatzen den guztia, baita egon daitezkeen barne mugimendu, eztabaida publiko edo aktoreen arteko desadostasunak konspirazioaren parte diren. Oceans Eleven sagan dituzten B planen antzera, guztia dago milimetrora neurtuta, baita egongo diren akatsak ere. Zentzu horretan, konspirazioari heltzea paralizantea da, hartzen den edozein bide jada aurkariaren planaren baitakoa delako.

Gainera, aurkariari botere infinitoa ematen dio. Gai da, aldi berean, oso plan elaboratua egiteko, milaka (milioika) pertsonari plan hori eginarazteko, bere urratsak estaltzeko eta, aldi berean, aktore guztiek izango duten portaera aurreikusteko. Botere infinitudun agintariak dira, Jainko judeo-kristaua hala: gertatzen den guztia bere borondatea da, eta hartuko dugun bidea antzua da, jada bere borondatearen parte delako. Zentzu horretan ere, botere infinitoa onartzea norbaiti paralizantea da, ezin delako ezer ere egin botere hori ukatzeko.

Adibide bat jartzearren: aurrekoan argudiatu ziguten konspirazioaren teoriarik haluzinagarrienak eta terraplanismoa bera konspiratzaileek hamarkadetan zehar nahita landatu eta finantzatutako azalpen eroak zirela, benetako krisia zetorrenean (COVID-19a) perspektiba kritiko oro “terraplanista” edo “Lur4”tzat desakreditatu ahal izateko. Hein horretan, konspirazioaren teoriarik eroenen existentziak ere frogatuko luke Konspirazioa -letra larriz- erreala dela. Ez legoke irteerarik.

Hori gutxi balitz, eratu dugun markoaren barruan, hartzen diren erabaki guztien zergatia azaldu behar dugu: zergatik hau egin daitekeen eta hau ez; zergatik teorian barku berean dagoen agintari honek kontrakoa dioen; zergatik dagoen gehiengo bat teoria bera defendatzen ikuspegi anitzetatik. Guztia ahalguztidun baten plana bada, gertatzen ari den gauza absurdo zehatz honek ere plan horren parte izan behar du, derrigor. Paralisia ziurtatuta dago, gauza ilun guztien arrazoi gordea pentsatu behar dugulako. Nora ote dihoan denbora aldakor honek daraman bidea.

Azkenik, eta garrantzitsuen, paralizantea da eztabaidatan trabatzen garen bitartean (zein da 5Garen eragina? PCRak benetan dira fidagarriak? Munduko Ordena Berria zer da? Zergatik ez da jarri behar musukorik Danimarkan?…)  ez dugulako hitz egiten gure ustez garrantzitsuago diren gaiei buruz: nola sendotuko dugu gure osasungintza publikoa? Zer egingo dugu ingurumenarekin oreka handiagoan bizitzeko eredu bat sortzeko? Nola egingo dugu ondorio ekonomikoak ez ditzagun betikoek ordaindu? Nor da bizi dugun egoeraren erantzule? Kapitalismoaren osteko planeta bat imajinatu dezakegu?

Fikzio asko kontatzen dizkigute, eta fikzioak, normalki, koherenteak izaten dira. Fikzio horren helburua gu paralizatzea baldin bada, azter dezagun nork nahi duen paralisi hori gertatzea eta aurkituko dugu fikzioaren egilea.

.

Paralisi (honen) genealogia

Foucaulten pandemia
La colonna infame e la lapide. Autore ezezaguna.

Olentzero ez da existitzen. Olentzeroren existentzia azaltzeko oso konspirazio handia dugu euskaldunok eratuta, tartean hezkuntza sistema, komunikabide, guraso (ia) guztiak, dendariak, txinatar fabriketan sortutako Olentzeroak, museo pare bat, alkateak, koro eta musika bandak eta aktoreak. Milioika euro erabiltzen ditugu helburu eztabaidagarri baten truke: umerik txikienek pentsamendu magikoa garatzea. Gainera, Olentzero aukeratzen dugu eta ez Hiru Erregeak, Nikolas, Bizarzuri edo beste pertsonaia bat nahi dugulako euskal umeek euskal fantasia bat bizitzea.

Lurra ez da laua. Lurra laua dela diotenek oso konspirazio sofistikatua sortu dute datu horren ezkutaketa azaltzeko. Izan ere, Lurraren formaren inguruan gezur erraldoi eta oso garesti bat kontatzeak (munduko Espazio Agentzia guztien aurrekontua, behintzat, eta hasteko) ez du zentzu handiegirik, ez delako ezer ere lortzen horrekin. Hala ere, bada pentsatzen duenik benetan ari direla datu hori ezkutatzen, eta arrazoiak badituztela, hauek ere ezkutuak. (Edo ez hain ezkutuak: batek argudiatu zigun behin jesuitek milioika globo terrakeo egin dituztela eta horiek saltzeko montatu dutela hau guztia).

Konspirazio bakoitzak bere genealogia dauka, bere helburuak eta kooperanteak. Pandemiarekin sortutako konspirazioaren genealogia batez ere Ameriketako Estatu Batuetan bilatu behar dugu. Soilik horrela uler daiteke Gernikan zabaldutako kartel batean Fauci doktorea agertzea eta ez Murga edo Simón.

Plandemia deitu izan den konspirazioan (pandemiaren asmakizuna plan gisa) faktore asko sartu dituzte, oso plan konplexua delako. Azken helburuak jendearen gaineko kontrola areagotzea, kapitala are gehiago kontzentratzea edo Munduko Ordena Berria ezartzea izango lirateke, gaur egungo estatuak deuseztatuz. Horretarako birulentzia gehiago edo gutxiago duen birus bat asmatuko litzateke (izan daiteke guztiak hiltzeko helburua izatea edo, benetan, ez izatea beste edozein baino arriskutsuago), nolabaiteko lotura egongo litzateke 5G teknologiarekin, estatuek nolabaiteko kontrol plana izango lukete (maskarak, derrigorrezko txertaketa, itxialdiak…) eta, hau beti agertzen da, benetako soluzioak ezkutatzen dira (hidroxiklorokina edo/eta kloro dioxidoa, adibidez). Planaren egile nagusia Bill Gates izango litzateke, bertsioen arabera Sorosen laguntzarekin eta euren izen kolektiboa “globalistak” da. Plana orain abiatzea Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeekin lotuta egongo litzateke bereziki Trumpen aurkakoak direlako “globalistak”

Artikulu honen helburua ez da horiek guztiak desmuntatzea, lehenengo eta behin lan handiegia delako; bigarrenik antzua delako: teoria horretan sinesten duenak beti aurkituko ditu helduleku gehiago hor hemen baino.

Baina konspirazio teoria horren atzean beste konspirazio batzuk daudela ohartaraztea ez dago soberan. Hasteko, gehienak Ameriketako Estatu Batuetatik datoz, zehazki #QAnon deitzen den ultraeskuineko taldetik. Horien ustez, “globalistek” (oro har, ezkertiarrak, Satanasen adoratzaile eta pederasta ere badirenak) pandemia bat asmatu/sortu dute Trump kanporatzeko, Trump delako gizateria salbatuko duen politikaria/mesiasa/Jesukristoren errenkarnazioa (ez gara hau asmatzen ari). 5Garen kontuaren atzean teknologia horren garapenean Txinak duen abantaila suntsitu nahi duten interes geopolitikoak daude. Munduko Ordena Berria deitzen duten horretan mundu unipolarra (Sobietar Batasuna desagertuta, AEBek botere absolutua duten hori) defendatzen da, beste aktoreen gorakada suntsitu asmoz.

Bill Gates-George Soros bikotea (benetan bikote al dira? Ez dakigu) demonizatzearen atzean konspirazio judeo-masoniko zaharra dago, bina baita osasun unibertsalaren aurkako mezu guztiz neoliberala ere. Azken finean, txertoak doan banatzearen aurkako mezuan, osasuna soilik ordain dezakeenarentzat izan dadila inplizitua dago. Bitxia da, bide batez, Osakidetza/Osasunbidea/Carte Vitale izeneko txarteltxoa dugun euskaldunon artean ere “guztia digitalizatuta duen osasun historiala” etorkizuneko aukera kontrolatzaile gisa agertzea; konspirazio horren jatorriaren beste pista bat da.

Eta helduleku asko benetakoak badira ere (industria farmazeutikoa ez da munduko industriarik gardenena) zientziaren aurkako mezuek publikoa dena desegiteko helburua dute. Zientziak, azken finean, esfortzu publikoa behar baitu funtzionatzeko, izan Unibertsitate, ikerketa zentro edo beka sistemen bidez. Diskurtso antizientifikoaren aurka, izan ultraeskuinekoa edo New Age formakoa, helburu bera dago: heldulekuak suntsitzea, “askatasun indibidualaren” izenean agenda indibidualista bat bultzatzeko. Zientziaren aurkakoa ez da guaya. Zientziaren aurkakoa oskurantismoa da, bere iluntasun, itzalekin eta arrisku guztiekin.

Diskurtso antizifientifikoaren heldulekua bere erritmoa, kontraesan eta finkatzeko duen abiadura da. Zientziaren erritmoa geldoa da. Hemen azalpen luze bat sartu nahi genuen horren inguruan, baina bikain azaltzen du Joana Garmendiak Gaur8n idatzitako hitz hauetan:

“Eta zientziak, kasu hauetan, ez du nahi genukeena adinako erritmo bizirik. Idazle batek argitara dezake pandemiari buruzko liburua itxialdiaren bigarren astean, horrelaxe, hausnartu beharreko guztiak goizetik gauera hausnartuta. Horixe abilidadea. Ikerketa zientifikoan ezin da magiarik egin”.

.

Tximino mozkorrak bolantean

Bella, Whipsnade Zoo.

Gauzak sinpleago direla uste dugu: inork ez daki zer den egin behar dena, inork ez dakielako, benetan, gertatzen ari dena zer den. Politikari gehienak kargura ausaz iritsi dira, askotan Tourmaleta igotzen ari den liderra bezala, talde osoak ia goraino iritsita, zaleen animo artean. Utzi ezazu liderra bakarrik, ez utzi gurpila hartzen, ez ezazu bultza eta ikusiko duzu nola bigarren bihurgunean erortzen den. Murga adibide. Bizikleta gainean, inertziaren poderioz, agintzen duten politikariak ditugu: onak dira orekan mantentzeko gai diren bitartean. Zaldibar lekuko. Bestela, ez dakite oso ondo zer egin. Pandemia honetan bezala.

Horregatik hartzen dituzten neurriak kontraesankorrak, askotan absurdoak izaten dira. “Hasieran esan zuten musukorik ez zela erabili behar eta orain derrigorrezkoa da”. Ez, maskarak eramanaraztea ez da konspirazio bat. Are eta gehiago, hasieran ez eramateko agindua bai zela konspirazioa, “guztientzat ez zegoelako” ez eramatea eskatu zutela esan dute, ofizialki. Egun batean hartzen duten neurriak talka egiten du hurrengo egunean hartutakoarekin, guztiok konturatzen gara dekoratu batean gaudela, antzerki obra erraldoi batean, gidoigile txar batzuen neurri ulergaitzen menpe.

Konspirazioaren teoriaren arabera, guztia da oso plan konplexuaren parte. Baita ulertzen ez duzun hori ere. Helburua kontrol soziala handitzea izango litzateke, botere gehiago izateko.

Baina agintariek ez dute neurri drakonianorik hartu behar kontrol soziala handitzeko. Boluntarioki egiten dugu. Boluntarioki jaisten ditugu gure lokalizazioa ematen duten aplikazioak boluntarioki erosi dugun mugikorrera. Boluntarioki etiketatzen ditugu lagunak boluntarioki igotzen ditugun argazkietan. Boluntarioki esaten dugu produktu bat gustatu ote zaigun boluntarioki erabiltzen dugun aplikazioarekin erosi ondoren. Boluntarioki esaten diogu Facebooki nor den gure laguna, zeintzuk gure gustuak, planak, helburuak, nahiak, ametsak, beldurrak. Boluntarioki bilatzen ditugu Googlen, gure kontua erabilita, plan, gustu, nahi, amets eta beldur horien inguruko informazioa. Boluntarioki esaten diogu aplikazio bati nora goazen, norekin biltzera, zer egitera. Kontrol soziala areagotzeko ez dute ezer errepresiborik asmatu behar, askatasunaren bidetik informazio gehiago, datu gehiago eta, beraz, produktuak eta alderdi politikoen programak saltzeko aukera gehiago ematen ditugulako.

Konspirazio teorien arabera, guztia da oso plan konplexuaren parte. Baita ulertzen ez duzun hori ere. Helburua aberatsak aberatsago izatea da, eta pobreak pobreago.

Baina kapitalistek ez dute pandemia baten beharrik horretarako. Eztabaidatu dezakegu luze ea kalte egin dien edo ez, baina bagenekien, hasi aurretik ere, Jeff Bezosek, Bill Gatesek edo Amancio Ortegak dirua egiten jarraituko zutela. Egunero egiten duten bezala. Orduero egiten duten bezala. Segundoero egiten duten bezala. Kapitalismoak krisia behar du kapital metaketa prozesuak indartzeko, baina berezkoa du krisia, sistemikoa, eta ez du pandemiarik sortu behar berezkoa duena eragiteko. Ez ditzagun nahastu sistemikoa dena eta konspirazio antolatua, bere dekadentziaren onenean zegoen kapitalismoa, beste krisi baten zain, betikoa egiten jarraitzeko.

Gauzak sinpleago direla uste dugu. Jarri hamar tximino mozkor kotxe baten barruan eta norabaitera helduko dira. Jarri hamar agintari pedalen inertziarik gabe, lurrean erorita, nora joan ez dakitela eta zerbait asmatuko dute. Kontraesanak konstanteak dira ez plana oso sofistikatua delako baizik eta kontrakoagatik: ez dagoelako planik, tximino mozkorren talde batek agintzen digulako, inork ez dakielako zer den egin behar dena. Tximino mozkorrak daude bolantean eta guk pentsatzen dugu gaizkiaren superbilauak direla, guztia kontrolpean duten supergizakiak. Ez. Ez dira. Ez dakite zer egin.

Baina guk badakigu zer den egin behar dena. Ez koronabirusa sendatzeko, baizik eta gure osasuna eta komunitatea zaintzeko. Ez digu inork ere agindu behar babes neurriak hartzeko. Gu helduak gara, baita umeak ere: badakigu nola zaindu elkar. Eta ez badakigu, ikasi dezakegu; saia gaitezke, behintzat. Elkar zaintzea delako pandemia bati aurre egiteko modua; elkar zaintzea delako autoritarismoari aurre egiteko modua; elkar zaintzea delako egin behar dena, zabaltzen zaigun aukera. Zaindu. Zuen burua eta besteak. Ez du beste inork guregatik egingo.

Eskerrik asko, bihotzez.

.

Nabarmendutako irudia: Wayman Elbridge Adams, The Conspiracy (1919), showing Joseph Pennel, J. McClure Hamilton, and Harry Watrous.

Foucaulten pandemia Foucaulten pandemia

Foucaulten pandemia Foucaulten pandemia Foucaulten pandemia Foucaulten pandemia Foucaulten pandemia Foucaulten pandemia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.