Felipe VI, oraindik printzea zela, biluzik agurtu nuenekoa (biluzik ni, ez bera)

Felipe VI, oraindik printzea zela, biluzik agurtu nuenekoa (biluzik ni, ez bera) –

Urteak dira Josu Lezametak gertakari bitxi hau kontatu zuela, baina orain gutxi berak berrriro ere gogorarazi digunez, bere blogetik jaso du salabardoak:

Kontatzea gustatzen zaidan anekdota da. Urteak dira jada, halako strip-tease momentu batean hementxe esan nizuen erdizka:

«Egun batean Espainiako Felipe printzea agurtu nuen eta berak ere agurtu ninduen ni, irribarretsu. Berak neska ilehori eder bat zeukan alboan, lotsatuta alde egin zuena. Ni biluzik nengoen; larru gorritan, alegia. Hitzez hitz».

Eta erantzunetan, Patxitrapero handiak azalpen luzeagoa eskatuta, zehatzago kontatu nuen:

«Agian xehetasunak azalduta bere xarma galduko du kontakizunak, baina argi dezagun pasadizoa, sikieran lagunen osasuna ez kaltetze aldera:

Kontua da belaontzi batean genbiltzala eusko-neandertal kuadrilla bat Baleareetako ez dut gogoratzen orain zein irlaren kostaldean, Menorca edo Cabrera izan litezke. Gu, axolagabe, eguzki epelean, eskifaia osoa larrugorritan. Halako batean ortzemugan agertu zen ikaragarrizko “yate”-a; konturatu orduko ondotik pasa zitzaigun ziztu bizian, dena kea eta zarata, ondoko kala batera sartu zelarik. Gutako batek esan zuen: -Txo, hori ez da “Fortuna” izan? Eta gu, eusko-neandertal ausartak, joan egin ginen kala hartarantz eta gure hipotesiak frogatzeko hurbildu ere egin ginen. Bueno, saiatu egin ginen, ze, gu aurrera begira ari ginela, atzetik, berdez jantzita doazen horiek bat-batean agertu zitzaizkigun motordun yate berde batean eta Fuera! Fuera! Por la derecha! (marinel petoak, alajaina) esaka atera gintuzten handik. Bitarte horretan izan ziren agurren trukea, gu goitik behera biluzik, eta ilehoriaren ihesa, ontzi barruan sartu baitzen presaka Sartorius abizendun orduko printzesagai ederra. Eta hau hala bazan…».

Eskerrak atzean zintzilik generaman Zodiac-ak estaltzen zuen ontziaren izena eta jatorria: Callirhoe III – DONOSTIA – PASAI SAN PEDRO. Geroago gogoratu dut irla Cabrera zela, artean -1989 urteaz ari gara- Parke Natural izendatu gabea. Diapositiben kaxako estrato jurasiko batean hau guztia froga dezakeen argazkia aurkitu dut eta hemen behean daukazue. Kamera, Leica zahar guztiz mekaniko bat, sinetsidazue: ez zeukan pila edo bateriarik batere, eta objektiboa 300 mm-ko Zenith bat, 30 zentimetro luze eta kilo bat baino gehiago pisatzen zuena. Haiek garaiak!

http://jozulin.eus/2014/06/felipe-vi-oraindik-printzea-zela-biluzik-agurtu-nuenekoa-biluzik-ni-ez-bera/

Felipe VI, oraindik printzea zela, biluzik agurtu nuenekoa (biluzik ni, ez bera)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.