Faxismoaren aurka, apurtu kapitalaren Europa!

Faxismoaren aurka, apurtu kapitalaren Europa! –

Faxismoaren aurka, apurtu kapitalaren Europa!1945eko maiatzaren 9an, Berlinen, nazien armadak bere kapitulazioa helarazi zion Sobietar armadari. “Garaipenaren eguna” bezala gogoratuko zen eguna izan zen hura. Soilik 5 urte geroago, ordea, Frantziako kanpo arazoetako ministroak, Robert Schumanek, ordurarte Alemaniako Errepublika Federala izandakoa eta Frantziar Estatua barnebilduko zituen elkarlanerako administrazioa proposatu zuen. Proposamen honek, beraz, Europako lehen komunitate ekonomikoa osatu zuen, eta honen urteurrenean, 1985. urtetik aurrera, Europaren egun gixa ospatzeko aitzakia suposatu zuen.

Azken urte hauetan, Europar Batasunak, bere burua faxismoaren eta ultraeskuinaren aurkako azkenengo gotorleku gisa aldarrikatzeko erabili du egun hau. Beti ere, demokrazia liberal baten bermetzaile bezala, instituzioek inposatzen duten eredu kapitalista zalantzan jartzen duen edozein proiektu erdi-progresistaren aurrean. Hala ere, hasiera hasieratik Europar Batasuna Europako interesei, zein nazioarteko interes kapitalistei erantzuten dien instituzioa bezala kontsolidatu da. Europa bera osatzen duten herriek politika ekonomikoaren gainean duten erabakiak hartzeko gaitasun guztiak erauziz. 80. hamarkadako reestrukturaziotik hasi, 90. hamarkadatik aurrerako pribatizazio prosezuetatik pasa, nola egun Europatik datozen New generation funts berriakin jarraituz, Europar Batasunaren interes kapitalisten adibide argiak dira, guztietan langileen eskubideen murrizketa berriak barnebilduz. Hori gutxi balitz, Europar Batasuna agente inperialista ere badela argi ikus dezakegu, azken hamarkadetako eraso inperialisten zerrenda luzearekin, nola kanporatze politika kriminalak areagotuz eta mugak itxiz, bere aurpegi arrazista eta krudela azaleratuz.

Azken hilabeteotan, Gasteizko Askapenatik antolatutako hitzaldi zikloan esparru ezberdinak hausnartuz (osasuna, lurraldetasuna eta garapen eredua, biolentziaren monopolioa, heteropatriarkatua, etab.) argi ikusi dugun bezala Europar Batasunak europar langileriaren eguneroko bizitzak larriki baldintzatzen ditu. Baldintza guzti hauek, proiektu inperialista honen politiken ondorio garbiak dira, eta horregatik, hauek gainditzeko lanean ezinbestekoa izango da EB, OTAN eta gainontzeko estruktura inperialisten kontrako borroka gure gain hartzea.

Ez diezaiegun utzi polizia jator eta polizia gaiztoak ezberdinduz gu engainatzen! Ez demokraziaz jantzitako faxismo liberalik! Ez ongi jantzitako eta langile elkartasunez mozorrotutako faxismo nazirik! Honen aurrean, goazen gure borrokak berreskuratzera, langile klasearen, herrien askatasunaren, emakumeon… alde! Elkarlaguntzan eta elkartasun internazionalistan oinarritutako borrokak berreskura ditzagun. Proposamen zehatzak eraiki behar ditugu, gaur egungo sistema kapitalistaren ondorioak jasaten ditugun estratu kaltetuenak defendatuz eta, egunerokotasunaren beharrek eraikitako lubakietatik abiatuz, Europar Batasun zapaltzaile eta antidemokratikoa borrokatuz. Bere burua eskuin muturraren aurrean harresi bezala zuritzen duen arren; honen programa bera aplikatzen duen, instituzionalizatzen eta legitimatzen duen eta aurre egiten dioten edozein proiektu jazartzen eta kriminalizatzen duen, Europar Batasuna kolpatu behar dugu.

Maiatzaren 9 honetan, zuritutako faxismoa inposatu nahi digun Europar Batasunaren kontra, batzeko deiean berresten gara. Berandu baino lehen zapaltzen gaituzten estruktura hauek gainditu ditzagun. Eta ezin dugu amaitu Ivan Duqueren gobernuaren errepresio basatiari aurre egiten jarraitzen duen Kolonbiako herriari besarkada iraultzaile bat bidaltzeko aprobetxatu gabe, apirilaren 28ko lanuzte deialdiei erantzunez kalera ateratako armadaren aurrean duin diharduen herriari. Bestetik, une honetan bere lurra defendatzen jarraitzen duen herri palestinarrari ere elkartasun internazionalista adierazi nahi diogu, batez ere Jerusalemen dauzkagun burkideei, kolonoen eta Israelgo okupazio-indarren etengabeko eraso eta okupazio-saiakeren aurka baitarraite. Azkenik, herri kurdua ere gogora ekarri beharra daukagu, bere askapenaren eta faxismoaren aurkako borroka duinagatik.

Gora Euskal Herria internazionalista! Jo ta ke, kapitalaren Europa apurtu arte!

Faxismoaren aurka, apurtu kapitalaren Europa!