Falangista zaharrak “gure artean daude”

* (OHARRA: Argazki hauek egun osorako gorputzaldi eskasa edo ondoeza eragin dezakete).

Falangista zaharrak "gure artean daude"

 

 

Carlos Bosch (Buenos Aires, 1945) argentinarrak hiru urte eman zituen Espainiako falangisten artean; euren batzar ezkutukoenak eta ekitaldi publiko nagusiak jaso zituen argazkietan, ideologikoki beraiekin ez zuela bat egiten konturatu ziren arte.

“Argentinarra naiz eta Espainiara etorri naiz, nire aitak Ebroko batailan borrokatu zuelako eta egun minbizi terminala duelako. Hiltzen ari da gaixoa, eta oroigarri bat eraman nahi diot bueltan”. Horixe da argazkilariak falangistei kontatu zien gezurra, beraien artean har zezaten; “eta orduan hasi ziren, `kamarada!, kamarada!´, eta ingurua faxistez betetzen hasi zen…”.

Falangista zaharrak "gure artean daude"Argazkilariak bete betean asmatu zuen alibiarekin, falangistek beso zabalik hartu zuten-eta. Bere benetako historia, oso ezberdina da ordea. Gizona Buenos Aires hirian bizi zela, Argentinan, aitaren laguna zuen Osiris Villegas Jeneralak aholku bat eman zion, edo agindua, zehatzago: “Zure aitaren laguna naizen aldetik, ez ordea zurea, ohartarazi nahi zaitut. Hobe duzu hemendik alde egitea”.

Ordura arte Bosch-ek Noticias egunkariko argazkilaritza atala zeraman; bertan besteak beste, Rodolfo Walsh idazle itzaltsua zuen lankide.

Osiris Villegasekin hitz egin eta biharamunean -militarra antikomunista porrokatua zen eta Barne Ministro izatera heldu zen Argentinan-, kamerak poltsan sartu eta Madrilera jo zuen argazkilari gazteak, eta hiria gustatu ez zitzaionez, Bartzelonara gero.

 

Francoren heriotza urtemugak

Bosch-ek Espainiako Alderdi Komunistako kide baten elkarrizketari argazkiak egin behar zizkion Madrilen, eta bertan zela, Francoren heriotzaren lehen urteurrenaren karietara, Fuerza Nuevako kideek Paracuellos del Jaraman egin zuten elkarretaratzearen berri izan zuen. Hiru mila lagun fusilatu zituzten leku hartan bertan falangistak zirela leporatuta, 1936an.

“1976ko azaroaren 20a zen. Faxistak heltzen hasi eta babestu beharra nuela sentitu nuen. Beraz, Fuerza Nuevako prentsa idazkariarengana jo nuen, Frantziako agentzia batentzako argazkiak egin behar nituela esatera, eta ideologikoki bat egiten genuenez, kopiak emango nizkiela. Oso pozik jarri ziren, falangearen aldizkari Fuerza Nuevak ez baitzuen argazkilaririk, eta neu hartu ninduten lanerako. Gezurraz konturatu ziren arte, hiru urtez toki guztietara eraman ninduten”.

Paracuellos del Jaraman formazio militarrei egin zizkien argazkiak. Beste behin, Giorgio Almirante (MSI italiar ultraeskuindarren burua), Blas Piñar (Frente Nacional-eko burua) eta Mussoliniren semearen arteko bilera bati.

Falangista zaharrak "gure artean daude"Franco hil zeneko bigarren urtemugan, Madrileko Oriente plazan egin zuten hitzordua. Egun euritsua izan zen oso . Bosch eta bere laguntzaileak mahaitxo bat jarri zuten estalpe baten azpian, eta plazara bildutakoei argazkiak egiteko aukera eskaini zioten . Derrepente egin zuten ilara; argazkia atera eta izen abizenak apuntatzen zizkien helbideekin batera, gero argazkiak etxeetara igortzeko aitzakiarekin. “Ez nuen sekula argazki bakar bat ere bidali, baina den-denak fitxatu nituen!”, gogoratzen du harro argazkilariak.

1976 bukaeratik 1979 urtera arte jardun zuen horrela. Bartzelonan egiten zuen lan baina Madrilera jotzen zuen falangisten argazkiak egitera. Garai haietan, Cambio 16, Interviú eta Primera Planan argitaratzen zuen; El Periódico de Cataluñaren sortzaileetako bat eta El País egunkariko berri emaile ere izan zen Bartzelonan. Nahiz eta hedapen zabaleko komunikabide hauetan argazkiak plazaratu, Fuerza Nuevan ere argitaratzen zituen; batzuetan argazki berdinak eta aldi berean!

Gero, eta Nuremberg-en burutu zuen argazki erreportaje bat tartean zela, ziria sartu ziela jabetu ziren falangistak, eta ihes egin behar izan zuen; 1980an Bartzelonako manifestaldi batean berriro falangistekin topo egin eta hauek jipoitu zuten arte.

“Zergatik eman zituen Bosch-ek hiru urte falangistekin?” galdetzen du kazetariak argazkilariari egindako elkarrizketa batean. “Obsesio bat dut beraiekin; gure artean daude! Faxisten Internazionalak sendo jarraitzen du eta Amberesen elkartzen da urtero. Gure artean daude -harritu da kazetaria-. Egun PP-koak dira denak; falange zalerik gabe gelditu zen denek Partido Popularrera jo zutelako”.

“Eta obsesioa, zer dela eta?”, jarraitzen du kazetariak, harrituta. “Beldurrak eragina. Arriskurik handiena eskuin muturrean dago. Proposatzen eta amesten duten guztia negatiboa eta kaltegarria da. Gorrotoa dira, eta horrek izutzen nau”.

Falangista zaharrak "gure artean daude"

Carlos Bosch-ek “El huevo de la serpiente” argazki erakusketa egin zuen hiru urte haietan falangistei egindako argazkiekin.

Falangista zaharrak “gure artean daude”

ArgazkilaritzaFranco, Carlos Bosch, falangistak, Fuerza Nueva, nueva

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude