Ezusteko gonbidatuak

Ezusteko gonbidatuak – –

Ezusteko gonbidatuak
Arg: La Politica Online

Han dago atzean kazetari saldoa, kazetari grafikoak batez ere, argazki nahiz bideo kamerekin. Eta lehen planoan, Pere Aragones eta Jordi Sanchez. Kataluniako presidente izango dena traje eta korbataz, modu instituzionalean jantzita. Junts-eko ordezkaria informalago doa, bakero eta zapatilekin. Elkarren artean distantzia fisiko arautua. Zuzen begiratzen diote kamerari, ekaitzaren osteko irrimurri apalarekin; esango nuke batak zein besteak begizulo sakonak dituztela. Kazetariak eta bi politikariak ez daude, ordea, bakarrik. Babes duten jauregiaren goiko balkoian, hara non ageri diren Tricicleko hiru kideen siluetak, beti bezala, sinuak egiten: lehenengoa, Paco Mir, argazkiak ateratzen ariko balitz bezala; bigarrena, Joan Gràcia, telefonoari eusten; hirugarrena, Carles Sans, eskuak buruan, harridura aurpegi ikaragarriarekin. Triciclekoei buruzko erakusketa bati dagokio irudi hori. Susmatzen dut honez gero komunikazio arduradunen batek jasoko zuela tamainako bronka Pere Aragonesen eta Jordi Sanchezen atzoko agerraldiari halako eszenategia jarri izanagatik. BERRIAren zuzendariak, Martxelo Otamendik, “betiko xextran” ikusten ditu Junts eta ERC, eta iragarpen hau egiten du: “Oso baikorra, eta errealitate gordinetik kanpokoa, izan beharra dago gobernu berriaren bizitza ez dela trumoitsua izango aurreikusteko”. Ea Triciclekoek ozpina apur bat gezatzen duten.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko maiatzaren 17koa]

Ezusteko gonbidatuak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude