Eztenkadak

Eztenkadak –

Eztenkadak
Egilea: Kurzon

Igelak bizkarrean daraman eskorpioia da Espainiako Alderdi Sozialista. Dagoeneko langileek ez dakite zenbat orbainek gurutzatzen dituzten haien bizkarrak, ezten ase ezin eta traidore haren zaurien arrastoak. Patronalaren lan erreformaren hazkura oraindik sumatzen dute gorputzean.

Hego haizeak Saharako hondarra ekarri berritan, oso mingarria izan da eskorpioiaren azken eztenkada. Mendebaldeko Sahara Marokoren autonomia izatea begi onez dakusa Pedro Sanchezek; hala esan dio Marokoko errege kolonoari.

Basamortutik heldu zen harea gureganaino, esan nahiko baligu bezala: “Ez zaitezte Mendebaldeko Saharaz atzendu. Beste behin”. Fabularen arabera eztena sartzea da eskorpioiaren natura, horrek bere burua kondena badezake ere. Izan liteke Espainiako Gobernu hau eraitsi dezakeen eztena? Zenbatgarren zaurian emanen du amore ezkerrak? Ez baita azkenengoa izanen, eta badakite.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko martxoaren 22koa]

 

Eztenkadak

BARDO GORRI NAFARRA