“Eskoziak Erresuma Batuan ote duen etorkizuna da eztabaida, eta ez eztabaida hori behar den ala ez”

uk scotlandMichael Moore liberal-demokrataren hitzak dira; Erresuma Batuaren batasunaren aldekoa bera. Euskal Herritik begiratuta, inbidia iturri bilakatu da Eskoziako Gobernuaren independentzia asmoen aurrean David Cameron Lehen Ministroak hartu duen zentzuzko jarrera.

Ez debeku konstituzionalik, ezta mehatxu militarrik. David Cameron Erresuma Batuko Lehen Ministroak Espainia aldean “aberriaren traidoretzat” joko zuketen jarrera hartu du. Eskoziari independentzia galdeketa loteslea egiteko proposamena egin dio. Horrek, inplizituki esan nahi du onartzen duela eskoziarrek haien etorkizuna erabakitzeko duten aukera.

Hala eta guztiz ere, David Cameronek baldintzak jarri nahi dizkio galdeketari: Loteslea izan dadin 18 hilabetean egin behar dute eta galdera independentziari baiezkoa edo ezezkoa besterik ezingo du planteatu.

Baldintza horiek independentziaren aldeko emaitza galarazteko asmoa dute, inkesten arabera, gaur egun, independentziak ez duelako Eskozian behar besteko indarrik. Alex Salmond Eskoziako Ministro Nagusiak 2014an burutu nahi du galdeketa.

Gogor erantzun diote Eskoziatik: “Westmisterreko politikariak presioa egiten ari zaizkigu”.

Hara David Cameronen erantzuna: “Ez gara ari Eskoziako erreferenduma diktatzeko saiakeran”.

Independentziaren aurkakoen hitzak dira Erresuma Batuko kultura politikoaren erakusgarriak. Michael Moore liberal-demokrataren esanak garbi uzten dute hori:

“Uste dut guk auzi hau eztabaida konstituzional bilakatu genezakeela ikusteko ea Eskoziak baduen erreferenduma egiteko aukerarik. Baina, ez dut uste inoren denbora xahutzeko modu zentzuzkoa denik”

 “Gaur egungo eztabaida da Eskoziak Erresuma Batuan duen etorkizuna, hori eztabaidatzea garrantzitsuagoa da eztabaida hori izan ala ez izan eztabaidatzea baino”

 “Benetan sinisten dut Eskoziako Parlamentuak, hala erabakitzen badu, erreferendumarekin jarrai dezakeela”

 

Michael Moore politikariak Espainian oihartzunik izan duen ala ez ezin jakin. Erresuma Batuak bere estatu barneko nazioekin duen jarrera Espainiarena baino askoz ere demokratikoagoa dela argi gelditu da. Iritzi publikoak ez du estatuko nazioekiko oldarkortasuna saritzen, errespetua baizik. Eskandalurik ez da sortu, eztabaida bai. Are gehiago, ez da eztabaida antzurik sortu baizik eta EZTABAIDA letra larriz. Azken batean ideia hau da: “Independentzia nahi duzue, bai ala ez? Zuek ikusi. Guk ez dugu trabarik jarriko”. Hori nola gauzatuko den ikusi beharko da, baina oinarriak sendoa dirudi: “eskoziarren independentzia nahi duten edo ez erabakitzeko eskubidea dute”.

Espainiarekin, bitartean, eztabaidaren eztabaidaren fasean gaude oraindik. Eta, autodeterminazioaren eztabaida ez da argudioen logikarekin egiten, eskandaluaren eta biolentziaren terminoetan baizik. Espainiaren Batasuna bermatzen duen konstituzioak argi eta garbi dio:

“Las Fuerzas Armadas, constituidas por el Ejército de Tierra, la Armada y el Ejército del Aire, tienen como misión garantizar la soberanía e independencia de España, defender su integridad territorial y el ordenamiento constitucional.”

Inork ez du Espainia aldean artikulu honi uko egiteari buruz hitzik egin.

 

2014, Alex Salmond, david caremon, Erreferenduma, Eskozia, independentzia
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan ““Eskoziak Erresuma Batuan ote duen etorkizuna da eztabaida, eta ez eztabaida hori behar den ala ez””-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude