“Ez naiz sekula Ipar Korean izan eta ez dut bertako inor ezagutzen”

Hizkuntza bera dute eta Seuletik Pyongyangera 195 kilometro daude. Hala ere, Su Jin Kim 24 urteko neska hego korearra ez da behin ere izan “iparraldean”.1945etik aurrera hesiz eta hormaz banatu zituzten. 2012 urteko lekukotasunak harremanen gordina erakusten du: “Ez zaizkit gehiegi axola”.

Iritzi hauek Su Jin Kim seuldarrarenak dira, ez beste inorenak. Ipar Koreako inor ez du ezagutzen, ez da han behin ere egon. Pertzeptzioen leihotik hitz egiten du, ez egiantzatik. Seul hirian bizi da, bertako pentsamolde eta balioen jabe. Hego Koreako belaunaldi gazte hiritar eta ikasiaren lagin adierazgarriaren parte da. Seuleko Sungkyunkwan University-ko ikaslea, Europan ere izana da ikasketak amaitzen.

Su Jin Kim amarekin unibertsitate agiria eskuratzeko egunean

“Badaki” ipar korear askok haien mugetatik haruntzago dagoenaz berririk badutela. “Beraien askatasun gabeziaren jabe dira”, dio gazteak. Haren irudiko, Ipar Korean izan da Kim Jong Il zenaren heriotzarekin poztu denik.

Gazte-gaztetatik Iparraldea eta Hegoaldea “batuta” egon behar liratekeela irakatsi diote Seuleko eskolan. Alabaina, “egia esan, ez zaizkit gehiegi axola” dio. Onartzen du biak “herrialde-anaiak” direla. Harreman hori, ordea, borondate onak betetzen du gehien bat.

Ipar Korean izandako buruzagitza aldaketari buruz galdetuta hau dio: “Kim Jong Un gazteegia da bere aitaren gisan jarduteko”. Mendebaldeko hedabideek zabaldutakoaren arabera, erregimen iparkorearra ahaleginak eta bi egiten ari da sistema politikoari bere horretan eusteko.

“Aldaketa asko egon behar dira Ipar Korean, baina herritarrek beraiek egin behar dute hori, inork laguntzekotan Hego Koreak egin behar luke, ez AEBk, ez Txinak ezta Errusiak ere, gehitzen du.

Gerra hotzak zartatutako herria

Azken ehun urteak gerra eta banaketa urteak izan dira Koreako penintsulan. 1905 urtean Japoniako Inperioak konkistatu egin zuen herrialdea. II. Mundu Gerrara arte izan zen nipoien menpe. 1945eko japoniarren galerak korearren independentzia ekarri ordez, munduko bi potentzien xake pieza bilakatu zen. Sobietarrek eta amerikarrek bien artean banatu zuten herria 38 paralelotik. 1950etik 1953ra iraun zuen Koreako gerrak bitan zatitu zuen herrialdea. Batetik, iparra, sobietarrek lagundua, bestetik, hegoa, ipar amerikarren menpekoa. Ordutik bakoitzak bere bideari egin dio; kontrako norantzako bidea.

100 urteko gatazkak ez ditu XX. mende arteko historia elkarbanatua, lotura kulturala eta hizkuntza komuna ezabatu. Alta, milaka soldaduk eta muga fisiko eta komunikatiboek bi edukiontzi hermetiko bezala mantentzen dituzte bi herriak. Elkarkibizitzarako saiakerak saiakera iragan hurbil latzaren aztarnak gehiago pisatzen du, momentuz. Historiak ez du etenik, ordea.

Zer gertatuko da murruak eraisten dituztenean? Izango al da Su Jin Kim iparraldeko korearrekin harremantzeko gai?


 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra