Ez duzu artikulu hau osorik irakurriko

ez duzuIrakurri behar dituzu datozen lerroak. Edo agian ez zaizu axola zergatik jendeak ez dituen online artikuluak amaieraraino irakurtzen.

Azkarrean azalduko dizut hau, badakit ez zarela luzerako egongo eta. Eskukada bat galdu ditut dagoeneko, beste zerbait esperoko zuten. Artikulu honetan lurra hartu duten 161 lagunetik 61ek alde egin duzue dagoeneko, %38ari agur. Web trafikoaren zoramenean errebotatu dute beste norabait, orri honi kasurik egin gabe. Haientzat okerrago.

Ados, banoa, galbahe nahikoa egin dugu. 95 inguru gara orain. Taldetxo lagunkoi intimoa gara ia, benetan egon nahi dutenak besterik ez. Eskerrik asko irakurtzen segitzearren. Kezkatzen hasia nintzen, ez ote zineten arreta mantentzeko gai izango.. itxaron segundu bat, nora arraio zoazte? Artikulu hau jada txiokatzen? Ez baduzu irakurri ere egin! Imajinatu hemendik aurrera nazkagarri bihurtzen naizela, antibertsolaritzaren aurkako dotrina ematen edo (edo bertsolaritzaren aldekoa? zer da orain non-cool?).

Et, et, et, egon geldi hor, zuek ere bazoazte? A ze panorama! Oraindik ez diot hariari heldu eta.

Hobe nuke behingoz hastea. Hau da mamia: Zuetako gutxi batzuek baino ez dituzue internet-eko artikuluak osorik irakurtzen. Aspalditik susmatzen nuen, neu ere horrela ibiltzen bainaiz. Ireki eta itxi, ireki eta itxi… Baina orain datuak ditugu eskura: Datuen zientzialari batek, Josh Schwartz-ek, Slate webguneko erabiltzaileek nola egiten duten scroll aztertu du.

Schwartz-en datuek erakusten dute irakurleek ezin diotela arretari eutsi. Zenbat eta gehiago tekletatu, orduan eta gehiagok uzten naute bazterrean. Ez da nere kontua bakarrik. Ezta Slate-eko artikuluena. Ezta soilik ZuZeu-ren arazoa. Interneten edonon gertatzen da. Horretan euskaldunak ez gara ezberdinak. Artikulu batera heltzen denak nekez egiten du dena irakurtzeko ahalegina. #Horihalada. Askok eta askok ez dute erdiraino heltzeko gaitasunik ere. Zu jota uzteko arriskua badut ere, esango dut: jende mordo batek estekak txiokatzen ditu, artikulua osorik irakurri ere egin gabe. Batzuetan oso ebidentea izaten da hori, adibidez, txio batean “patxadaz irakurtzekoa” irakurtzen duzunean, ergo: ez daukat orain irakurtzeko asmorik. Erratzeko arriskuarekin, nere adiskide Zerdionk-en adibide xume bat hemen:

 

OK, ja ehunka bat hitz baditu artikulu honek (bai, ‘ja’ idatzi dut, ¿qué pasa?). Datuen arabera, goialdean alde egin ez dutenetatik erdiak bakarrik dauzkagu lerro hauek leitzen. Erdiak!

Behin honaino helduta irudi batekin sarituko zaitut. Schwartz-ek sortutako histograma bat da, eta erakusten du Slate-eko artikuluetan scroll egiten dutenak zein lekutan gelditu diren gehien. Slate-ekoei grafikoa lapurtu diet, baina (oraindik ez bazara konturatu) istorio hau ere kopia nazkagarri bat besterik ez da, (euskal) indigenismoz mozorrotuta. Seguru ez zaiela piperrik inporta, edo akaso flipatu egingo dute testu hau itzultzen saiatzen direnean. Bata ala bestea izan, hemen duzu artikulu originala, ingeles batuan. E! Baina ez zaitez izan (neu bezain) xixtrina, eta eutsi ZuZeuko kontagailuak igotzen; geroago irakurriko duzu Farhad Manjoo kazetariaren lan originala, eta bide erdian abandonatzeko moduko luzea. Ni banoa aurrera! Ez da asko falta.

Hemen duzu agindutakoa. Histogramak kanpoan uzten ditu sartu bezain azkar irten diren erabiltzaileak.
This is a histogram showing how far people scroll through Slate

Orokorrean, Web ozeanoetako istorio guztiak antzekoak dira: Gutxi batzuk heltzen dira amaieraraino. Gehienek ez diote aukerarik ere ematen klikatu berri duten artikuluari. Pena bat da. Adibidez, gogoratzen dut Zerdionk-ek Alberto Yariniri buruz idatzitakoa. Artikulu zaindua eta interesgarria zen, baina izerdi tantola dariola nenbilen amaitu nuenerako. Galdera: Ez badute irakurtzeko asmorik, zertarako klikatzen dute? Bata bestearen ondoan jarritako letrak baino gehiago espero al zuten?

Orrian behera segitzen dugu, eta nere ama besterik ez da ari irakurtzen (kaixo Ama!).

Schwartz-ek hamaika grafiko egin ditu, neretzako ulergaitzak dira gehienak, baina froga egin nahi baduzu hemen ikus ditzakezu. Egon lasai, nik neuk azalduko dizut dena eta. Laburrean: harreman oso gutxi dago scroll-aren sakontasunaren eta Twitterren elkarbanatzearen artean. Hasieratik bukaerara irakurtzen diren artikuluek ez dute zertan txio gehiago lortu, eta, alderantziz, gutxi irakurtzen direnak asko zabaldu daitezke.

Idazle naizen aldetik sumindu egiten nau honek (Farhad Manjook idatzi du hori, baina, gainontzeko testua bezala, neure egingo dut). Zuek ez zarete ohartzen -Teleberria ikustera joan zaretenok adibidez- baina idazteak denbora eta energia asko eskatzen dit. Azken lerroraino tentuz idazten dut (orain itzuli). Zer esango ote dudan beranduago, eta gero, eta irudia non ezkerrean ala eskubian jarri, paragrafoa non moztu edo zein esaldi betiko ezabatu.

Asko dago esateko, baina artikulu honek nahikoa du. Oso ondo pasatu dut Slate-ekoa irakurtzen, eta harrituta nago sormen itzulpen lan honek eman didan atseginarekin. Azkenean ia bost axola zait honaino zenbat despistatu heldu diren. Bai, irakurria izateko idazten dut, jakina, baina lehenbiziko irakurlea beti norbera da (aipu polita Iban Zalduarena e?). Nik artikulu hau azken hitzeraino irakurriko nuke. Eskertuko nizuke txiokatuko bazenu edo Facebook-eko horman jarri. Behin hau irakurtzera heldu bazara zerbait ondo egin dudan seinale izango da, ezta? Bidean ez bazara watsap-arekin entretenitu, frigorifikoa hustera joan edo youtube-n katuak ikusten hasi, “arrakasta” itzela izan da hau.

Hau guztia biribiltzeko 24 hitz: begi kolpearen garaian bizi gara. Ziztu biziko kontsumo kulturala. Lanpetuta zabiltza zu. Lanpetuta nabil ni. Beti daukazu beste zerbait irakurtzeko, ikusteko, jolasteko edo jateko.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiot Fardah Manjoo-ri hain artikulu itsaskorra idaztearren (negrita haren ohorez). Listo, hau da dena. Joan zaitezte jaunaren bakean.

Internet, irakurri, sarea
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

7 pentsamendu “Ez duzu artikulu hau osorik irakurriko”-ri buruz

  • Bai jauna. Ni ere biktima proklamatzen naiz.

    Irakurketa/idazketa diagonal eta apresuratuaren aroan bizi gara, eta okerrena da guk geuk (zuzeuk) sortu dugula, denon artean. Fitxa gehiago ireki nabigatzailean, link gehiago zabaldu saguaren erdiko botoiarekin. Akumulatu. Esparrua zabaldu, estimuluak gehitu, eta tartean gure arreta, Bilbo Zorrozabalek zioen bezala, ogi gehiegitan banatutako gurina bezala 😉

    Atzo ere eskukoa alboan eta tableta altzoan jarri nintzen filme bat ikusten (ez naiz ari exajeratzen).

    Eta gaur ere birritan izan dut artikulua “gerorako laga” eta beste zerbait zabaltzeko gogoa. Hiperestimulazio eta hiperkontsumoa, arreta eta ulermenaren kalte. Bete-betean asmatu duzu Iñaki: “Beti daukazu beste zerbait irakurtzeko, ikusteko, jolasteko edo jateko.” Abiadura gehiago eta gehiago, inora ere ez heltzeko.

    Hamsterrak gurpilean bezala.

  • Gonzalo Etxague

    Nik aitortzen dut batzuetan sarrera osorik irakurri gabe, erantzuteko sarrera bera baino iruzkin luzeagoak ere idatzi ditudala.

  • Nekez irakurtzen ditut Interneten 300 hitz baino gehiagodun idatzirik. Blogean ere ahalegintzen naiz pentsatzen dudana 200 hitzen bueltan adierazten.

  • Nik “ja” idazten dudanean komatxo bat jartzen zioat, Iñaki, “jada”ren laburdura dela adierazteko, honela: ja’.
    Bestela baztaneraz “ja” = “ezer” duk, edo algara bat izan ahal duk, edo… Gaizki idazten dugunean ere ongi idatzi beharko genikek, ulergarri behintzat, ez duk uste?
    Beste gauza bat: Zergatik diok youtuben katuak ikustearena? Bideo politak daude?
    Ikusten duanez, guztia irakurri diat (edo tarteko esaldi solteak irakurtzeko truko zaharra erabili?)
    Ongi izan.

    • Iñaki Larrañaga
      Iñaki Larrañaga 2013-06-09 20:16

      Ez zen askotan irakurriko hemengo artikulu bat hainbestetan osorik :)’Ja’-ren kontuaz: gaztelaniazko ‘ya’, motza, zehatza, erabiltzeko gogoz izaten naiz askotan. Badakit ez dela [batzuentzat] zuzena, baina ttak! apropos gelditzen dela iruditzen zait, eta horregatik komentariotxo hori. Katuena berriz… youtube-internet-katuak harremana sareko barne-broma inozo horietako bat da. Nahiz eta nik gutxitan ikusi ditudan, baina badakizu, audientzien erregeak dira haurrak eta animaliak. Adibide bat hemen

  • Estimulu lar, gutxi edo batere jasota ere , hamsterrak beti bere kaiolan kieto, erroberak abiada aurpegiaz edo gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude