Ez dira terroristak

Ez dira terroristak –

Rikardo Arregik Deia egunkarian.

Zutabe hau idazten hasi baino minutu batzuk lehenago irakurri dut egunkari batean Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Sailak, kanpo harremanez arduratzen den departamenduak, ez dituela talibanak talde terroristen zerrendan inoiz sartu: talibanak ez dira inoiz terroristak izan, ezta Bin Laden, Al Qaeda eta lagunak Afganistanen ibiltzen ziren garaietan ere. Ez dakit harritu naizen edo ez naizen batere harritu, edo harritu naizen une berean desharritu naizen, edo alderantziz, azken finean Estatu Batuek mota guztietako islamistak elikatu zituzten Sobietar Batasunaren aurka Afganistanen borrokatzeko. Orain damuak eta aieneak etorri dira; orain, hondamendia estaltzeko, giza eskubideak; orain, suntsipena ez ikusteko, emakumeen eskubideak; orain, gerrak zer diren ahantzi eta laguntza humanitarioa.

Saudi Arabiako, Arabiar Emirerri Batuetako eta Qatarreko emakumeen eskubideei buruzko kezkak fokutik urrundu dira (gertu-gertu ere ez dira inoiz egon). Ulertzen dut premia, ulertzen dut larrialdia: Afganistango emakumeek lehentasuna dute. Bitartean inork gutxik jartzen ditu zalantzan Saudi Arabiarekin egiten diren negozioak, batzuek negozioak eta oporrak egiten dituztela Emirerrietan (Espainiako errege zaharrak, besteak beste) eta askok Qatarreko munduko futbol txapelketarekin amets egiten dutela. Afganistangoak Yemengoa estali du, eta Kurdistanen Turkiak (aliatu hori!) egiten duena. Hondamendi naturalak (sic) ez aipatzeagatik: Haitirako ez zegoen minuturik telebistetan.

Ez dira terroristakHilabete gutxi barru munduko beste txoko batean egongo dira larrialdiak, giza eskubideen urraketak, gerrak, goseteak, eta Afganistango emakumeak izengabekoen zerrendara pasako dira. Egoera normalizatuko da (talibanak ez dira terroristak), eta negozio erdi garbi, erdi zikinak bueltatuko dira, edo gerra zibila, negozioa ere dena, opioa eta ustelkeria, eta hori guztia. Kabulgo aireportuan, edo Afganistango edozein lekutan, aste honetan bertan tiroz, jendearen artean itota, auskalo nola, hil denak ezin izango du jadanik jakin zer dakarren etorkizunak gure munduarentzat. Gauza onik ez, antza.

 

Ez dira terroristak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude