Euskalduna baztertuz eta arioa goratuz

Euskalduna baztertuz eta arioa goratuz –

National Geographic-en azken aleak Marija Gimbutas andere lituaniar-estatubatuarra aipatzen duen arren, ez du aintzakotzat hartzen haren ekarpen erabakigarria Aitzin Europari buruz. M. Gimbutas arkeologo eta antropologoa izan da, izan ere, neolitoko Europa Indigenari buruz (-9000-5.500) ikerketa sakonena egin duena, dudarik gabe. Ama ildoko laborarien Zibilizazio baketsu hura azaleratu du bere arkeologia ikerketan eta liburu ospetsuetan, besteak beste: Diosas y Dioses de la Vieja Europa (7000-3500 a.C.)

Euskalduna baztertuz eta arioa goratuz
Arg: Alexander Mueller

Bera izan da, baita ere, “Indoeuropar” edo Arioen inbasioak datatu dituena zehazki (berak kurgoak deitzen die, haien hilobi motarengatik), eta “kurgo” haien etorrera nondikoa izan zen zehaztu du, halaber: Itsaso Beltzaren eta Kaspio Itsasoaren ipar parteko estepa zabaletik abiatu ziren abeltzain nomadak zirela. National Geographic Historiak (aurrerantzean NGH) Renfrew antropologoa aipatzen du bestelako bertsiotzat, hots, arioak Anatoliatik sartu zirela, baina aspalditxo da Renfrew jaunak berak Gimbutasi arrazoia eman ziola.

Goian esan dugunez, NGHk (Los Orígenes de Europa.2021eko iraila) bazterrean utziko du Europa Indigena, zeinen arrastoa euskal enda den, Gimbutasek berak idatzita utzi duenez; eta hortaz, NGH aldizkari nazioarteko garrantzitsuenak, zibilizazio arioa jartzen du Europaren sehaska edo ardatz. Ez du ezagutzen, ostera, edo behintzat zeharo bazter uzten du, Akitania paleolitokoaren egitekoa Europaren jatorrian.

Arioak etorri aurrekoak diren Trikuharri eta Zutarri megalitikoak aipatzean ere, hiru-lau nagusienak aipatzen ditu, eta Euskal Herrian diren hainbestetik bat ere ez du markatzen mapetan; eta ez du azaltzen megalitoen sinbologia ere (ikur matristak etab.), baizik eta soil-soilik haien kultura materiala. Ostera, arioen kulturaz diharduenean, haien sinbologia ugari-ugaria bai eskaintzen digula, koloretako irudi ederretan.

Mendebal Europako megalitoen garaian, txoko zabal honetan euskera besterik ez zen egiten; ez da ageri bestelako hizkuntzarik Europa Mendebaldeko habia bio-kultural honetan; halere NGHak ez du ezagutzen euskera konturik, ezta inoiz aipatzen ere. Aldizkariko 35. orrialdean, Europaren jatorriarekin lotzen dituen hiru hizkuntza kide izendatzen ditu, William Jones jaunari jarraituz: sanskritoa, grekoa eta latina. Baina horiek baino hainbat milaka urte lehenagokoa den euskerak ez du merezi, haien aburuz, aipamen nimiñorik ere.

Hizkuntza arioen hamar familia aipatzen ditu (hitita, anatolioa, indo-iraniera, grekoa, italikoak, zelta, germaniera, armeniera, tokarioa, balto-eslaviera eta albaniera); egiaz, zerrenda horretan, hizkuntza indoeuropar ez diren hiru sartzen ditu bederen: hitita(hizkuntza kaukasiar dena) hizkuntza italikoak (unbro, osko, etrusko, ligur…horiek ere aurre-indoeuroparrak) eta armeniera (sáharar jatorrikoa dena).

Baina hizkuntzei buruzko ezjakintasuna hasi baino ez da egin; 36-37 orrialdeetan ageri da bete-betean ezjakintasuna, euskera-iberiera diren hitz peto-petoak NGHak “indoeuroperatzat” jotzen dituenean. Behintzat aurretiaz abisatzen digu ezen (*) ikurra dutenak (izatez, guztiok) sanskritoaren konstrukto hipotetikoak direla: *patèr, *matêr, *bradêr, *swesôr (ahaidetasunezkoak); *pásû, *gáus (ganado, vaca); *rot, *yugom (rueda, yugo); eta ezin falta *deiwos/Deva (jainkosa), zeinek, NGHko “adituon” ustez, “zenbait ibai espainiar izendatzen dituen”.

Bada, izen horiek guztiok euskal/iberikoak dira, euskeratik erraz interpretatzen direnak, adibidez DEBA *ze-boroa?deba  “goi (BOA/BA) iturburua (DE/ZE/ZI)”. Baina utz ditzagun ñabardurak, eta buka dezagun, irakurlea asper ez dadin.

Euskeraren ekarpenak ez ezagutzeaz gain, adibidez megalitismoaren alorrean (trikuharri, zutarri, okabe, mairubaratz, Mariren ortu, cromlech (*koro-on-leze), ez dute ezagutzen, ezta ere, euskal/iberikoaren hedapena Europa osoan zehar (-10.000), madaleine emigrazioaren eskutik, gure hizkuntza lingua franca izan zen garai luze-zabala. Ostera “indoeuroparren zabalkundean”  ipintzen dute Europaren Jatorria, Uskara Akitano paleolitikoak (-18.000) Europaren Jatorri egiazko (eta ez hipotetiko) horretan izan zuen eginkizunaz, tutik ere ez.

Aldizkari horretako mapei erreparatuz gero, iruzurtia da. Adibidez, Iberia penintsulari dagokion mapan, eskolan ikasi genuen ohiko zatiketa ageri da: “iberoak, zeltak eta zeltiberoak”. Zeltei esleitzen zaien partean, euren koloreak zati gehiena okupatzen du. Baina errealitatea desitxuratzen du zeharo, zeren zeltek tantatxo bat besterik ez ziren populazio iberikoaren ontzian; eta gutxi horiek berehalaxe asimilatu zituen iberoen itsasoak. Horregatik da zeltek sortutako toponimo bat ere ez agertzea Iberia osoa, haien fonetika eragina salbu “Zeltiberia” ospetsua delakoan (ospetsua espainiar nazionalistentzat, baina ez etnia, ez hizkuntza berezia, baizik eta eragin fonetikoa soil-soilik) eta Lusitania-Galizako zenbait lurraldetan.

Eta ene buruari galdezka, zerk egiten ote du, baina, hain erakargarri indoeuropeoa, horrenbeste ario-philia gertatzeko? Zeren NGHren aldizkari ale berezi horrek zehazki azaltzen duenez, gizarte arioa, patriarkala izateaz gain, klasista zen, hots, hiru kastatan egituratua (apaizak, militarrak eta laborariak); eta gainera, txit gerlaria, gerratan espezialista.

Zergatik, bada, halako gizarteak erakartzea? Zergati bakar bat bururatzen zait: haien ondorengoek direla orain agintzen dutenak Europan eta Mendebaldeko Zibilizazioan.

Euskalduna baztertuz eta arioa goratuz Euskalduna baztertuz eta arioa goratuz Euskalduna baztertuz eta arioa goratuz

Gautegiz-Arteaga. Saiakeraegilea eta itzultzailea. Zamora-apaiz kartzelako