Euskal odoleko bi emakume Venezuelako historian

Euskal odoleko bi emakume Venezuelako historian –

Euskal Herritik milaka joan ziren Mundu Berrira, hau da, Ameriketara, bizimodu hobe baten bila, Ainitz artzain gisa, besteak soldadu edo eskribau moduan… eta Ameriketako bazterrak euskal abizenez bete zituzten. XIX. mendean, Ameriketako iraultzak piztean, ainitz izan ziren matxinoen alde borrokatu zirenak, eta baita militar zanpatzaileen lerroetan aritu zirenak ere. Oraingoan, Venezuelan, matxinoen alde aritu izan ziren euskal odoleko bi nesken aipamena ekarriko dut lerro hauetara. Lehena Luisa Arranbide eta bigarrena Zezilia Mujika, gaur Venezuelako abertzale martirien zerrenda luzean aurki ditzakegunak.

.

Luisa Arranbide

Euskal odoleko bi emakume Venezuelako historian1789an jaio zen La Guairan, diruz ongi zebilen euskal odoleko familia batean. Aita Jabier Arranbide zuen eta ama Petronila Roldan. Etxe hartan bilkura franko egiten zituzten, zeinetan arteaz, kulturaz eta politikaz mintzatzen ziren. Simon Bolibar berak bilkura horietara joateko ohitura omen zuen. Aipatu bileretan ideia iraultzaileak eta independentzia zaleak ohiko gaia ziren. Iduriz, arranbidetarren etxean matxinadarako lehen urratsak antolatu omen ziren.

Espainiarrek antolamendu horien berri eduki bezain laster, Luisa atxilotu eta jende aurrean torturatu zuten Caracaseko Kaputxinoen Plazan, orduan San Juan plaza deitzen zena. Aipatu plazan, kanoi handi batean lotu zuten Luisa, biluzik, eta sastasokaz kolpatu zuten konortea galdu zuen arte.

Ikusleek kontatu zutenez, ez zuen negarrik egin, eta jotzen zuten aldiro, Gora aberria! Heriotza tiranoentzat! oihu egiten omen zuen. Hainbat urteren buruan, Puerto Ricora joan zen eta 1814an, hamasei urte zituela, Tomas Pacannisekin ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituzten. 1825ean, hogeita zortzi urterekin, hil zen azken alabaz erditzean.

.

Zezilia Mujika

Zezilia Mujika Yaracuyko San Felipe hirian sortu zen 1790. urtean, euskal jatorriko familia aberats batean. Badirudi Martin Mujika, Zeziliaren aita, masoia zela, eta ideia iraultzaile eta independentzia zaleekin bat egiten zuela. Gazte-gaztetik Zeziliak, Henrique Villalonga senargaiarekin batera, matxinoen aldeko mugimenduan militatu zuen, matxinoentzat zintzilikarioak josten eta olerkiak eta kantuak egiten eta zabaltzen. Henriquek bitartean paskinak eta propagandazko buletinak hedatzen zituen. 1812an Venezuelan izan zen lurrikaran Zeziliaren aita hil zen eta Zeziliak gaizki pasatu zuen haien ondasunak mantendu ahal izateko.

1813an espainiarrek, mugimendu independentzia zalea moztu nahian, jende parrasta bat atxilotu eta torturatu zuten, horien artean Zezilia eta bere senargaia zirelarik. Zezilia Cocoroteko bidean den Zunzunes deituriko tokira eraman zuten, eta han, enbor lodiko zuhaitz batean loturik, fusilatu zuten. Hil behar zutela ikusirik, konpromiso-eraztuna eta ile-xerlo bat eman zizkion hango ezagun bati presondegian zeukaten Henrique senargaiari eman ziezazkioten. Gora askatasuna! oihu eginez fusilatu omen zuten.

Euskal odoleko bi emakume Venezuelako historian

Euskal odoleko bi emakume Venezuelako historian

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude