Euskal jendarteari agiria

Euskal jendarteari agiria –

Nik, Asier Guridi Zaloña, Venezuelako Errepublika Bolibartarrean euskal iheslari politikoa, gaur, asteartea azaroak 15, Caracaseko  Saimeren egoitza nagusiaren aurrean, nire nortasun-agiria eskatzeko asmoz mobilizazio eta borroka dinamika hasi dudala jakinarazten dut, Venezuelako Errefuxiatuen Komisio Nazionalak, Defentsa eta Atzerri Ministerioen bozkekin, erabakitakoari jarraiki. Horrela, bada, nortasun-agiriak ematen dituen Saime instituzioa Conarek (Comisión Nacional de Refugiados) harturiko Estatu-erabakia desobeditzen eta bete gabe uzten ari da.

Euskal jendarteari agiria

2021eko abenduaren 7an, arrazoi jakinengatik errefuxiatu-izaera aitortzen zidan Conareren dokumentua eman zidatenean, amaitutzat eman nuen Caracasen Espainiako Kontsulatu Orokorraren aurrean egiten ari nintzen gose greba. Aipatu dokumentuan, Venezuelako errefuxiatu eta asilodunen lege organikoaren araudiko 13. artikuluak dioenari jarraiki, Saime instituziora joan eta “oinezko” gisa nortasun-agiria egitea agintzen zitzaidan. Baina Saime instituzioak behin da berriz erantzun gabe utzi ditu nik nortasun-agiria eskatuz aurkeztu dizkiodan eskakizunak; era berean, aurkezturiko idatzizko eskakizunen kopiak egiaztagiri gisa sinatu eta zigilatzeari uko egin dio, haien aldetik behin da berriro gertatzen ari den isiltasun administratiboa babesteko. Saime instituzioak ez ditu eskariak erantzuten, ez bai eta ez ez; jaramonik egin gabe eta indokumentuta uzten ditu Venezuelan errefuxiatu-izaera aitortua duten pertsonak. Hau ez da beti horrela izan; adibidez, Dante Rivas Saimeko zuzendari zelarik, Conareko ordezkari batek errefuxiatua Saimeko egoitzara laguntzen zuen eta errefuxiatua nortasun-agiri batekin ateratzen zen. Ez da Asier Guridi Zaloña euskal iheslari politikoaren aurkako neurri bat; izan ere, Asier Guridiri bezalaxe, azken garaietan errefuxiatu-izaera aitortu zaien pertsonei ere eragiten die Saimeren azkenaldiko jarrerak edo erabakiak.

Venezuelako Errepublika Bolibartarreko Konstituzioari atxikita egingo den eta Caracaseko Baralt etorbideko Saimeren egoitza nagusiaren aurrean aurrera eramango den protestaldi baketsu honek izango duen lehen faseari elkarretaratze iraunkorra deituko diogu. Lehen fase honen helburua, informazioa zabaltzea eta elkartasuna bilatzearekin batera, Saimeko zuzendaritza, Conarek agindu bezala, Venezuelan errefuxiatu-izaera aitortu zaien pertsonei nortasun-agiriak ematen has dadin lortzea da. Ondoren, nortasun-agiria lortu arteko borrokaldiaren bigarren fase bat hasiko litzateke. Hastera noan protesta hau errefuxiatu-izaera aitortua didan Venezuelako Estatuaren kontra ez doala argiro azpimarratu nahi dut; aitzitik, Conareren agindua etengabe desobedituz errefuxiatuei nortasun-agiria emateari muzin egiten dion Saime instituzioaren kontrako protestaldi zuzena dugu.

Besteak beste, Asier Guridik 14 urteko semea du, Saimek aitaren nortasun-agiriaren eskakizunei jaramonik ez egitearen ondorioak jasaten ari dena. Saimek eragindako indokumentazio egoeran blokeatuta egotearen ondorioak dira urte askoz semearen dokumentuak zuzendu eta ordenan jarri ezinik egotea.

 

ASIERRENTZAT NORTASUN AGIRIA!

VENEZUELAN ERREFUXIATU-IZAERA AITORTU ZAIENENTZAT NORTASUN-AGIRIAK!

 

? SAIME: Servicio Administrativo de Identificación, Migración y Extranjería

? CONARE: Comisión Nacional de Refugiados; (Errefuxiatuen Komisio Nazionalak)

Euskal jendarteari agiria  Euskal jendarteari agiria

Euskal errefuxiatua Venezuelan