“Eta putreak bolikostarren gainean hegaka dabiltza dagoeneko”

“Eta putreak bolikostarren gainean hegaka dabiltza dagoeneko” –

"Eta putreak bolikostarren gainean hegaka dabiltza dagoeneko"

Boli Kosta Mendebaldeko Afrikako herrialde baketsuena eta oparoena zen duela hamar urte arte, zatiketa etniko, erlijioso eta ekonomikoa piztu zen arte. Anicet Djéhoury saiakera idazle bolikostarrak Frantziako Rue 89 albistegi digitalean adierazi duenez, bolikostartasun politika (l´ivoirité) «nazkagarria» xaxatu dutenek utzi dute herrialdea hankaz gora. Ouattaraz ari da, eta hark multinazionalekin petrolioa ustiatzeko sinatu dituen kontratuez.

Delako bolikostartasun ideia hegoalde eta mendebalde kristauan zabaldu zen, iparraldeko musulmanen aurka. Loraldi garaian, inguruko herrialde txiroagoetatik, Malitik eta Burkina Fasotik, jende asko joan zen Boli Kostara lanera, eta horietako askok lotura etnikoak zeukaten iparraldeko herritarrekin. Gainera, haiek ere musulmanak ziren. Hegoaldeko zenbait buruzagi iparraldeko herritarrak baztertzen hasi ziren, benetako bolikostarrak ez zirela egotziz eta, hala, iparraldeko hautagai Ouattarari 2000ko hauteskundeetan parte hartzea debekatu zioten. Hegoaldeko hautagai Laurent Gbagbok irabazi zituen bozak. Horri aurre egiteko, Ouattararen aldekoak matxinatu egin ziren eta armadak gogor zapaldu zituen. Dena den, bi urte geroago, matxinoek gerra zibila hasi, Abidjan hiriburu ekonomikoraino iritsi eta, Frantziako armadak geldiarazi ostean, herrialdea bitan zatituta geratu zen.

Ouattarak (Nazioarteko Diru Funtseko Afrikako zuzendari ohia) eta bere aldekoek armadaren erasoei aurre egin zieten, baina aldi berean, Bouygues, Bolloré, Total eta beste enpresa multinazional batzuei kontratu baliotsuak eman zizkien, «gardentasun gutxiko kontratuen bidez» eta nazioartearen babesa lortu du.

«Jokoan dagoena izugarria da, badakigu. Gure lurpean urre beltza aurkitu izana eta adituek argitaratutako datuak, hau da, egunean 90.000 upel inguru ekoizten dituztela Espoir, Lion eta Baobas  eremuetan bakarrik, harrapari berrien begirada erakartzen dute». Urre beltzak maldizioa ekarri diela nabarmendu du Djéhouryk: ustelkeria, ezegonkortasuna eta gerra zibilak.

Gaur egun, Afrikan interes asko daude, AEBak eta Txina elkarrekin lehian ari dira eta Djéhoury beldur da Barack Obama AEBetako presidentea eta Nicolas Sarkozy Frantziazkoa edozer tresna erabiltzeko gai izango ote diren Boli Kostan esku hartzeko:  «Hedabideen propaganda,  mehatxuak, zigorrak, ultimatuma, gerra kontseilua Eliseoan, Nazioarteko Zigor Auzitegia, hobien aurkikuntza, bolikostarrei gosea pasaraztea matxinatzera bultzatzeko… eta agian suntsipen handiko armen aurkikuntza, Abidjango presidentetzaren jauregian».

Errusiak eta Txinak ere etekinak atera nahi dituztela uste du, nahiz eta Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan Boli Kostaren aurkako neurriak hartzearen aurka egin duten.

 

Irudia | Bolikostako haurrak | Nazio Batuak | Creative Commons By SA
“Eta putreak bolikostarren gainean hegaka dabiltza dagoeneko”

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...