Espainiatik haratago, errealitatea bestelakoa da

Espainiatik haratago, errealitatea bestelakoa da –

Espainiatik haratago, errealitatea bestelakoa da. Espainiaren irudi garbiketarik ez 2022ko Frankfurteko Liburu Azokan

Espainiatik haratago, errealitatea bestelakoa da

Aurten Espainia Frankfurteko Liburu Azokako ohorezko gonbidatua izango da. Frankfurteko Liburu Azoka munduko liburu-azokarik handiena da eta, beraz, nazioarteko kultur-merkatuko ekitaldirik esanguratsuenetakoa. Azoka honetako tendentziek, eztabaidek eta ekitaldiek mundu mailan dute eragina eta, bertako gonbidatua izatea Espainiarentzat plataforma ezin hobea da azken urteotan hainbat gertakarirengatik (Kataluniako erreferenduma eta errepresioa, erregea, ustelkeria, VOX alderdiaren igoera…) kaltetu den irudia zuritzeko eta kontakizun berri bat eraikitzeko. White-washing edo green-washing delakoetan bezala, litekeena da hemen ere ahots dibergenteakzenbait gauza zuritzeko erabili nahi izatea, sistematikoki baztertzen diren hizkuntzak, hots, katalana, euskara eta galiziera, Espainiaren “aberasgarri moduan” aurkeztuz.

Ekimen honek nazioartean erakarriko duen arreta erabili nahi dugu, gaiari hainbat ildotatik heldu eta Espainia horrekin zer ikusirik ez dugula erakusteko. Era berean, geure hizkuntzak, kulturak, memoria historikoa eta borrokak aurkeztu nahi ditugu, Espainiako erakundeen menpe egon gabe.

Horretarako, literatur ekoizpenetik eta aktibismo politiko/sozialetik datozen lau lan ildo dituen kultur jaialdia aurkeztu nahi dugu:

  • Euskal Herria, Galizia eta Katalunia nazioak dira,  berezko hizkuntza, kultura eta literatura dituztenak. Gure hizkuntzei, kultur ekoizpenei eta gure errealitate politiko eta sozialari oholtza bat eman nahi diegu, Espainiaren eszenaratzetik haratago. Gonbidatutako idazle, olerkari eta musikariek euren lanak aurkeztuko dituzte eta, gizarte arloko hainbat erakundek hizkuntza eta  kulturaren alde egiten duten lana ezagutzera emango dute.
  • Espainiak  Frankfurteko Liburu Azokarako iragartzen duen “Sormenez gainezka” alde iluna du: Espainian hainbat artistari espetxe zigorra ezarri zaie monarkiarekin kritiko diren testuengatik. Gainera, “koofizialak” deritzen hizkuntzak (galiziera, euskara eta katalana) sistematikoki baztertzen dira funtsezko funtzio sozialetan: legebiltzarretan, enpresetan, hezkuntzan, komunikabideetan… funtzio horietatik ezabatu eta folklore soil gisa erabiliz. Mugimendu demokratikoek jazarpen juridikoa eta indarkeria jasotzen dute. Katalunian, besteak beste, ia 3.000 auzi penal pendiente daude gaur egun.
  • Europako beste herrialde askotan bezala, Espainian ere eskuindar populismoa eta eskuin muturreko alderdiak lekua irabazten ari dira. Hala ere, beste herrialde batzuetan ez bezala, tendentzia hori nahita bultzatu zuen gobernuak, Kataluniako mugimendu independentistaren aurkako “Salbatu Espaina” kanpaina batekin, Francoren diktaruraz geroztik aurrekaririk gabea eta gobernu sozialdemokrataren partaidetzarekin. Ez da harritzekoa, beraz, Francoren biktimen ondorengoek justiziaren alde borrokan jarraitu behar izatea. Hil zituzten milaka lagun hobi komunetan daude oraindik, adibidez. Hori egin zutenei amnistia eman zieten, eta egitura frankistek bere horretan jarraitzen dute polizian, armadan eta justizian, gaur egunera arte.
  • Espainia potentzia kolonial ohia da, Ameriketako kontinentea errukirik gabe arpilatu zuena eta bertan milioika pertsona erail zituena. Espainako indar eskuindar eta neofrankistentzat, ordea, Latinoamerika oraindik kolonia gisa ikusten dute; Espainaren  kultur eta ekonomia hegemoniaren  menpe, hizkuntza eta kultura indigenak suntsitzen jarraitzen duena eta lurra eta baliabideak ustiatzen dituena. Espainiak mendeetan zehar azpiratutako horiek ere gure ekitaldietan taularatu nahi ditugu.

Beyond Spain azoka crowdfunding bidez eta partaideen banakako finantzaketaren bidez egingo da. Jaialdia lagundu nahi baduzu, crowdfunding ekarpen bat egin dezakezu, GoFundMe estekaren bidez: gofund.me/d7497e63  Dohaintza bakoitzak programa anitzagoa eta interesgarriagoa egiteko aukera emango digu, azpiegitura egoki bat eskaintzeko eta baliabide ekonomikorik ez duten egileek eta aktibistek parte har dezaten.

Ekimen honen asmoa ez da gaztelania beraren edo gaztelaniaz idazten duten egileen eta kultur sortzaileen aurka egitea, ezta haien argitaletxe edo sustatzaileen aurka egitea ere. Hala ere,  kultura eta literatura testuinguru politiko batean kokatzen dira beti eta norberak erabaki behar du zein neurritan parte hartu nahi duen aurretik deskribatutako egoera estaltzen edo zuritzen.

Horregatik, agertoki bat eskaini nahi diogu esparru ofizial horretan sartu nahi ez den eta hizkuntzen, kulturaren, literaturaren eta aktibismo politikoaren errealitate guztiz ezberdina erakutsi nahi duen orori.

Ekimen hau nazioarteko herri ekimen bat da, espazio bat sortzea helburu duena: kultura eta literatur sorkuntzarako, hizkuntza zein hizkuntza eskubideetarako eta, era berean, ideia demokratiko, antifaxista eta anti-kolonialen alde. Frankfurten (Alemania) egingo da 2022ko urriaren 19tik 24ra, liburu azoka ofizialaren paralelo, leku alternatiboetan.

Arrakasta eta emaitzak guztion esku daude. Parte hartzera gonbidatuta zaude.


 

Kontaktua: “Beyond Spain” antolakuntza taldea, Frankfurt / Main

Posta elektronikoa: deu@beyondspain.neteus@beyondspain.net

Espainiatik haratago, errealitatea bestelakoa da  Espainiatik haratago, errealitatea bestelakoa da  Espainiatik haratago, errealitatea bestelakoa da

Alemaniar euskaldun - euskaldun alemaniar. Banaiz Bagara elkartea

2 pentsamendu “Espainiatik haratago, errealitatea bestelakoa da”-ri buruz

  • Badakit hainbat euskaldun, katalan eta galegok parte hartuko dutela ferian, eta haietako batzuek pozik lagunduko dutela Espainiaren irudia garbitzen. Gutako askorentzat, ordea, iraingarria da tartetxo bat erreserbatuta edukitzea Espainia etnozida protagonista nagusia den ekimen batean, zuen borondate ona gorabehera, eta uste dugu boikota egin beharko litzaiokeela Espainiarekin batera ezertan parte hartzeari. Benetan gure alde egin nahi baduzue, izan daitezela penintsulako (edo Europako) kultura eta nazio zapalduak feriaren hurrengo edizio bateko gonbidatuak. Baina Espainiarik gabe.

  • Nik ez dut horrela ulertzen testuak dakarrena. Azoka alternatiboa da, ez dauka zerikusirik programa ofizialarekin. Horregatik abiatu dute crowdfunding-a, azoka ofizialak ez dauka horren beharrik! Zera diozu “gure alde egin nahi baduzue… izan daitezela… nazio zapalduak feriaren hurrengo edizio bateko gonbidatuak”. Hau antolatu dutenak bolondresak direlakoan nago, ez dut uste inor gonbidatzeko indarrik daukatenik. Eta zuk aipatzen duzun boikota egingo diotela uste dut nik, horrela ulertzen baitut azoka paraleloa egitearena.