Espainiar egia sainduak nola desegiten diren nazioartean

Espainiar egia sainduak nola desegiten diren nazioartean Espainiar egia sainduak –

Gezur bat  mila alditan errepikatzeagatik egia bihurtuko ez den era berean, gezurrok etxearen gozotik irtetzean bihurtzen dira zaurgarrien. Kontsentsuak ziraldoka hasten direnean eta autoritatea oinarri duten egia sainduak argudioen taulara igarotzean. Izan ere, kanpoan hotz egiten du. Azken denboran, kataluniarren desobedientzia ariketari eskerrak, nazioarteko eztabaidagaien artean jarri dira Espainia banaezina eta Konstituzioaren predikadoreen diskurtsoa. Eta Europar Komisioak edo beste edozein erakundek dioena diola, Espainiaren barne afera, nazioarteko afera bihurtu da, de facto.

Sarean biral egin diren bi knockoutek deitu didate atentzioa. Lehenengoa, Ramon Grosfoguel Puerto Ricoko soziologoak Juan Carlos Monedero Podemoseko ideologoari emana. Ezker matrailezurra astindu dio Berkeleyko Unibertsitateko (Kalifornia) irakasleak. Sekuentzia ulertzeko lehenengo komeni da bideo hau ikustea, non Monederok Grosfoguelen beste bideo honi erantzuten baition. Eta honako hau da azken kolpea, ezin argi, zorrotz eta zuzenagoa.



Bigarrena BBCtik etorri da, ezker eskuin oraingoan. David Dimblebyk aurkezten duen Question Time eztabaida saioan herritar batek egindako galderaren karietara irten da Kataluniako gatazka mahai gainera: “Espainia estatu faxista bezala jokatzen ari da?”. Galderaren pisu berekoak izan dira hizlarien erantzunak (bideoan 21. minututik, 34. minutura). Owen Jones pentsalari eta The Guardianeko zutabegilearen ezker gantxoa entzutekoa bada ere, ezin duzu galdu 23. minutuan Daniel Hannan kontserbadoreak Rajoyren gobernuari emandako eskuin ukabilkada.



Argi dago autodeterminazio eskubidearen eta oinarrizko printzipio demokratikoen gaia nazioartera eramandakoan, argudioen eztabaida mahaian, Espainiar Estatuak galtzeko guztiak dituela. TVE, Antena3, La Sexta eta Telecincoko platoetatik kanpo, epaileak inpartzialak diren ringetan, mantso eta traketsa da españolismoa. Estatu autoritario bat garaitzeko nahikoa ez bada ere, balio beza sikiera, gezur zenbaiti egia sainduaren mozorroa kentzeko.

Espainiar egia sainduak nola desegiten diren nazioartean
David Hannan, Espainia, Grosfoguel, Katalunia, monedero, owen jones, Question Time
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude