Espainia eta Frantzia Gadafiren lagun zirenean

Beti ez da begi berberekin ikusi Gadafi. Espainiako ordezkari modura Moratinos atzerri ministroa Gadafik boterean zeramatzan 40 urteak ospatzeko festara joan zenean, Libia “Mediterranio eta Magrebeko herrialde garrantzitsua” zela adierazi zuen. Bere hitzetan ez zegoen Gadafiren erregimena kritikatzeko nahirik. 2009ko irailaren 1a zen. Orduz gero, Zapatero Libian izan zen iaz ere, orain kolokan dagoen buruzagi politikoarekin akordioak ixten.

2003koa izango da kasurik sonatuena Espainiari dagokionean. Aznar presidente zela, Gadafi Espainian izan zen. Aznarrek adieraziko zuen: “Libia Kubaren kontrako bidea egiten ari dela gogoratu behar da”.

Zapaterok eta Aznarrek, PSOEk eta PPk, jarrera bera izan zuten Gaddafirekiko, beraz. Jarrera hau ulertzeko baina, gaur Publico egunkariak dakarren datu bat: Libia da Iranen atzetik, Espainiara petrolio gehien ekartzen duen herrialdea. Ez presidente batek ez besteak, ez zuten Gadafi diktadore anker gisara ikusi.

Greenpeaceren blog honetan irakur daitekeenez gainera, Espainiak ez zuen azken unera arte eten Libiarekin zuen arma salmetarako tratua.

Frantzian ere berdin

Ez dago hain urrun Frantziaren jokabidea ere. Honek gainera, Gadafi boterera igo zenetik ditu harremanak. 1970ean Chaban-Delmasek “mendeko akordioa” sinatu ei zuen Libiarekin, arma salmenta ikaragarriak egin zizkionean. 1976an Chiracek bi herrialdeen arteako harremanak zeinen onak ziren azpimarratzen zuen.

Marie Kostrz-ek Rue 89 agerkarian dioenez, Gadafik paper garrantzitsua jokatu du Frantziarentzat etorkinen uholdeak gelditu eta borroka antiterroristan Sarcozyren aliatu gisara. Horren azpitik zer nolako akordioak dauden jakin gabe, aliatu estrategikoa izan da Frantziarentzat Libia. Sarcozyrentzat ere, orain arte, ez zen diktadorea Gadafik.

Azken berrien arabera, NBEk zigortu egingo du Libiako gobernua azken astetan izandako jazarpenengatik. Ez ditu baina azken 40 urtetan konplize izan dituen gobernuen jarrerak zentsuratuko?

Gaddafi orain diktatorea da, baina Espainiaren eta Frantziaren lagun izan zen

Irudia | Gaddafi orain diktatorea da, baina Espainiaren eta Frantziaren lagun izan zen | Publico | LGPL