Eskozia

Eskozia –

Eskozia
Arg: Azerifactory

Azkenaldian Ukrainako gerrari buruzko pare bat manifestu idazten ausartu naizen arren, ez ohi naiz ni urrutiegi joaten hiru laurdeneko analisi hauek izkiriatzeko. Normalean eroso sentitzen naiz Navarra Sumaren edo gisakoen azken zitalkeria salatzen, etxeko gauzen inguruko iritzia aise ematen baitut, nire ezjakintasunak sobera agerian utzi gabe.

Baina gaur Eskoziara begira jarri naiz, hango lehen ministroak iragarri baitu zenbait ekimen legegile eta, derragun, propagandistiko martxan jarriko dituztela 2023ko urte bukaera baino lehen independentziari buruzko bigarren galdeketa egin ahal izateko.

Lehenbizi Londresi eskatuko diote erreferenduma egiteko baimena. Baina ziurrenik ezezkoa jasoko dutenez, aukera guztiak aztertuko dituzte galdeketa legezkoa izan dadin, aldebakarrekoa izan arren ere.

Eta, tira, iragarri dutena ez da sekulako iraultza eta, independentzia lortuko balute ere, Eskozian ez lituzkete, adibidez, kapitalismoaren zutabe sendoak zartatuko; bertzeak bertze independentzia lortzeko argudio sendoenetarikoena Europako Batasunean sartzearena baitute. Baina zer nahi duzue erratea, niri gauza hauek ilusioa eragiten didate. Aupa, Eskozia!

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko ekainaren 15ekoa]

Eskozia

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.