Errua

Errua –

Santi Leone gaizki erranka Argia aldizkarian.

Odon Elorzak dio independentista katalanen errua dela Andaluzian Voxek goiti egin izana. Irantzu Varelak dio errua –sorpresa, sorpresa, zeinek erran– gizonena dela.

ErruaMaite Pagazaurtunduak dio EH Bildurekin paktatuz gero inork ez diola inori antidemokrata edo faxista deitzen. Daniel Bernabék dio ezkerrak duela errua, identitate politiketan zatitu eta bere egiazko helburua galdu baitu. Alberto Moyanok ez du errua norena den erran, baina liburu bat berriz gomendatzeko aprobetxatu du –Eiríkur Örn Norðdahl-en Illska, edo gaiztakeria–, eta bidenabarkoan pasarte bat ekarri du gogora, dioena Ekialdeko Alemanian eskuin muturreko militanteak auzo pobreetako jendeari laguntzeko gauzak antolatzen ibiltzen ziren garaian, ezkertiarrak unibertsitateetako liburutegietan zeudela, Zizek irakurtzen.

Zenbaitek dio ezkerra argot akademiko ulertezin bihurtu dela, eta horrek uxatu duela jendea. Jule Goikoetxeak dio ez dela feminista materialista antifaxisten errua ez badugu ezkertiar zuri esentzialisten eta Voxen arteko lotura ikusten. Pablo Casadok, Albert Riverak eta Sergio Sayasek ez dute uste Voxek goiti egin izana inoren errua denik, ez dute kezkatzeko motiborik batere ikusten, eta horrek Adornoren dictum-a berresten du, zeinaren arabera argi eta garbi demokraziaren kontra jotzen dutenak baino arriskutsuagoak baitira demokraziaren gorputzean mozorroturik txertatzen diren joera faxistak. Gorka Bereziartuak galdegin du nork erran behar zigun Espainian alderdi faxista bati botoa emango zion jendea zegoenik, “ha-rri-tu-ta nago”, gehitu du.

Santi Leonék, ARGIAn zutabe bat duen arren, ez daki norena den errua, baina, erran didanez, bat egiten du Bereziartuaren harridurarekin, uste baitu honen ironiak erakusten duela afera luzeagoa eta sakonagoa dela, bart nork zer egin duen baino.

errua – Santi Leone gaizki erranka Argia aldizkarian
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude