[Simone Weil] Erroztamendua XXIII

[Simone Weil] Erroztamendua XXIII –

Erroztamendua (XXIII bidalketa)

Dostoieskik blasfemarik higingarriena egin du, erran duelarik: «Kristo egia ez bada, nahiago dut egon egiatik kanpo baina Kristorekin»; Kristok ordea erran du: «Egia naiz» eta erran du  ogia eta eta edaria ere; baina erran du: «Ogi egia naiz, edari egia», erran nahi du egia baizik ez den ogia, egia baizik ez den edaria. Kristo irrikatu behar dugu lehenik egia gisa, ondoren bakarrik hazkurri gisa.

[Simone Weil] Erroztamendua XXIIIBergson Kristautzat hartzeko, gauza horiek erabat ahantzi behar izan ginituen; izan ere, harek mistikoen energian uste zuen ikustea bere idolotzat hartu zuen bizi-oldarraren forma burutua. Alta mistikoen eta sainduen kasuan, miresgarria dena ez da bizi gehiago edo bizi intentsuagoa edukitzen dutela baizik eta haien baitan egia bizia bilakatzen dela. Zeren mundu honetan, bizia, Bergsonen bizi-oldar maitea, ez baitira gezurrak baizik, eta heriotza da bakarrik egia. Zeren biziak behartzen baigaitu sinestera bizitzeko sinetsi behar duguna; behartze hori doktrina gisa eraiki zen pragmatismoaren izenpean; eta Bersonen filosofia ez da pragmatismoaren forma bat baizik. Baina, aragia eta odolagatik ere, barruko limita bat heriotzaren baliokidea pasatu duten izakiek limitaz bestaldean jasotzen dute beste bizi bat, zeina ez den lehenik bizia, zeina egia den lehenik. Egia bizi egina. Egia heriotza bezala eta bizia bizia bezala. Bizia, Grimmen kondairek dioten bezala, zuria elurra bezala eta gorria odola bezala. Hori da jainkoaren hatsa, Jainkoaren izpiritua.

Pascalek jada onestasun-faltaren krimena egin zuen. Nola bere inteligentzia eratu zen zientziaren praktikan, Pascal ez zen pentsatzera ausartu inteligentzia bere gisa aske utziz, honek frogatze bat aurkituko zuela dogma kristauan. Eta ez zen ausartu ere kristautasuna gabe pentsatzeko arriskua hartzeraino. Beraz abiatu zuen bilaketa intelektual bat aurretik erabakiz honek nora iritsi behar zuen. Beste norabait iristearen arrisku guzia ekiditeko, bere buruari hertsidura kontziente eta nahitako bat inposatu zion. Horren ondotik frogak bilatu ditu. Probabilitateen eta seinaleen sailean, gauza biziki ohargarriak hauteman zituen. Baina, zehazki, frogei dagokienez, ez ditu miserable bakar batzu baizik aurreratu, parioaren argudioa alegia, profeziak, mirakuluak. Berarentzat larriagoa dena da segurtamena ez duela sekula ardietsi. Fedea ez du sekula errezibitu, eta hori eskuratzen entseiatu zelako.

Kristautasunera doazen gehienak, edo, barnean sortuak izanik edo sekula urrundurik, mugimendu egiazko eta suhar batez hari atxikiak direlakotz, gehienak haren gana bultzatuak dira eta gero bertan mantenduak bihotzaren premiari esker. Erligioarik gabe ez litezke bizi izan. Edo bederen, ez lezakete erligioa abandona haien baitan halako endekapen-mota bat sortu gabe. Alta, erligio-sentimendua egiaren ezpirituarekin bat etor dadin, erabat prest izan behar gara erligioa abandonatzeko, egiaz beste zerbait izango litzatekeen kasuan, horregatik bizitzeko arrazoi guzia galdu behar baginu ere. Soilik izpiritu aldarte horretan juja dezakegu egia baden haren baitan ala ez. Bestenaz ez gara problema, bere zorrotzean, jartzen ausartzen ere.

Giza-bihotzarentzat, Jainkoa ez da bizitzeko arrazoi bat izan behar altxorra zikoitzarentzat den bezala. Harpagonek eta Grandetek beren altxorra maite zuten. Harentzat, beren burua hilaraziko zuten, harengatik penaz hilen ziren; harentzat eginen zituzten adore eta kemenezko gauza miragarriak. Jainkoa horrela maita liteke. Baina ez da horrela maitatu behar. Hobeki erraiteko, amodio-mota hau soilik arimaren parte jakin bati zilegi zaio, zeren beste amodio motaz gai ez baita, baina arimaren parte hori gehiago balio duen arimaren parteari mendetu eta abandonatua izan behar zaio.

[Simone Weil] Erroztamendua XXIII

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua