Erresuma Batua salbatzeko plana: berregin ala hil

Erresuma Batua salbatzeko plana: berregin ala hil

Brexita izan da azken sastakada. “Aldaketa erradikalaren ordua heldu da. Herrialde honek batasun itun berria behar du”. Diagnostiko beltza du Erresuma Batuaren batasunak, under threat, mehatxupean. Eskozia, Gales, Ipar Irlanda, hanka egiteko atarian daude. Analisi hau ez dute independentista ameslariek egin, baizik eta Londresen osatutako CRG Konstituzio Erreformaren Eztabaida Taldeak. Unionistak dira partaide guztiak, parlamentari kontserbadore, laborista eta liberal ohiak. “Pobrezia eta miseria dakarte estatuen apurketek”, dio CRGren dokumentuak, eta hori bera gertatuko dela iragarri dute “ezer egiten ez badugu”. Erresuma Batua berandu baino lehen salbatzeko herrialdea berregitea proposatu dute argitaratu berri den eztabaidarako txostenean (Towards a New Act of Union).


Erresuma Batua salbatzeko plana: berregin ala hil

Eskoziak 1999tik du parlamentua.

Galesek eta Ipar Irlandak 1998tik. 

Zer proposatu dute?

Erresuma Batuko Federazioa sortzea, erreferendum bidez nazio guztien aldeko botoarekin. Eskozia, Gales, Ipar Irlandak eta Ingalaterrak norbere gaineko subirautza izatea. Eskumenak nazioei itzultzea proposatu dute, 11 salbuespen ezarrita:

  • Koroa
  • Osaketa konstituziogilea
  • Kanpo harremanak
  • Defentsa
  • Segurtasun nazionala
  • Politika fiskal, monetario eta ekonomikoa
  • Txanpona
  • Immigrazioa
  • Estradizioak
  • Larrialdiak

Nazioek aukera lukete salbuespen horietatik haratagoko erabaki guztiak beraien gain hartzeko. Jauzi handia da gaur egun dutenarekin alderatuta. Berritasun gisa, Ingalaterrak ere parlamentu propioa luke eta Westmisterreko parlamentariak 146 MPra murriztuko lirateke.

Proposamenaren alde agertu da The Guardian egunkaria, “inoiz baino herrialde zatituagoa da gurea”, aitortu dute Erresuma Batua berriz irudikatzeko ordua editorialean.

Kataluniatik Vilaweben Londresko aditu taldearen jarrera Espainiakorekin alderatu du Madrilek entzun nahiko ez duen lezioa iritzi artikuluan. “Eskoziarra banintz eskertuko nuke saiakera baina nahiago dudala alde egitea. Halere, seguru nago dotoreziaz agurtuko nukeela britainiako klase politikoaren inteligentzia eta ausardia”.

Erresuma Batua salbatzeko plana: berregin ala hil
brexit, Erresuma Batua, Eskozia, Gales, independentzia, Ipar Irlanda
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Erresuma Batua salbatzeko plana: berregin ala hil”-ri buruz

  • “Jauzi handia da gaur egun dutenarekin alderatuta.” esaldia egia bada ere, gero proposamenaren muinari erreparatzen badiogu, hots, “ekonomiari”, remake hutsa dela ondorioztatu behar dugu. Alegia, “Politika fiskal, monetario eta ekonomikoa” nazioen esku ez badago, nola erabaki euren etorkizuna?. Independentzia monetaren kontrolean datza, Britania Handian, Katalunyan, EHn, edonon…; bestela esanda, moneta kontrolarik gabe, erabakitzeko ahalmena ez dago nazioen esku.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude