Erresistentziatik ofentsiba antolatzen (Brasilgo brigadaren 2. kronika)

Erresistentziatik ofentsiba antolatzen (Brasilgo brigadaren 2. kronika) –

MST, Lurrik Gabeko Nekazarien Mugimenduaren sakontasunean eta Brasilgo nekazal lurretan murgildu aurretik, hiriko errealitatera hurbiltzeko aukera izan dugu. Horrez gain, Brasilgo Eskubideen eta Mugimendu Sozialen Ikerketarako Institutuak antolatutako jardunaldietan parte hartzeko parada ere izan dugu. Bertan, Brasilgo hainbat mugimendu ezkertiar bildu dira egungo testuinguru politikoa aztertzeko: MST, Levante Popular da Juventude, Movimento dos Atingidos por Barragens eta Uniao Nacional dos Estudiantes.

Analisi bat egiteko oraindik ezagutza eta informazio asko falta zaigun arren, jardunaldietan entzundako puntu garrantzitsuenak bildu nahi ditugu bigarren kronika honetan, Euskal Herrira ere iritsi dadin Brasilgo mugimendu ezkertiarren ahotsa.

Egungo testuinguru politikoa ulertzeko, ezinbestekoa da denboran atzera egitea. 2003tik 2016ra bitartean, Brasilgo Langileen Alderdiaren (PT) esku egon zen gobernua; Lula da Silvaren presidentetzarekin lehenengo, eta Dilma Roussefenarekin ondoren.

Erresistentziatik ofentsiba antolatzen (Brasilgo brigadaren 2. kronika) 2016an, Brasilgo eskuineko sektoreek estatu kolpe parlamentarioa eman zuten (Brasilen impeachment deitua), eta Michel Temer, ordura arte presidente ordea zena, presidente izendatu zuten. 2018an Brasilgo hauteskundeen atarian, inkesta guztiek Lula Da Silva jotzen zuten hautagai faboritotzat. Testuinguru horretan, inhabilitatu eta atxilotu zuten Lula Da Silva, Lava jato operazioa deituan, Langileen Alderdiaren garaipena saihesteko. Eta horrek bide eman zion Jair Bolsonaroren gobernuari.

Jair Bolsonaro ejertzitoko kapitain ohia da, eskuin muturrekoa, diktadura militarraren nostalgikoa eta gobernu akordio ultrakontserbadorearen defendatzaile sutsua. Inongo konplexurik gabe aldarrikatzen du sozialismoarekin eta komunismoarekin amaitu nahi duela. Horretarako, etengabea da Brasilgo mugimendu sozialen aurkako kriminalizazioa eta errepresioa.
Bolsonaroren gobernua ez da kasu isolatua; mundu osoan gertatzen ari den eskuin muturraren gorakadaren baitan kokatu behar da. Bolsonaroren gobernuaren proiektu neoliberalaren helburua herrialdea nazioarteko kapital finantzarioaren esku uztea da: pribatizazioak, hezkuntza publikoaren aurkako erasoak, gizarte segurantzaren aurkako erasoak, agronegozioaren indartzea, etab.

Proiektu hori eraikitzera bidean, mugimendu sozialen aurkako neurri gogorrak hartzen ari da. Bere gorroto diskurtsoaren bidez indarkeriaren erabilera normalizatzen ari da; herritarren artean mugimendu sozialak erasotzeko zilegitasuna eta inpunitatea zabalduz. Horren adibide da Luiz Ferreira MSTko militantearen erailketa. Funtsean, barbarie jendartea eraikitzen ari dela diote ezker mugimenduetatik. Eta honen guztiaren kaltetu nagusiak emakumeak, LGTBI eta beltzen komunitateak dira, orain arte lortutako eskubideak galtzen ari direlako.

Zentzu horretan, Brasilgo mugimendu ezkertiarren (ikasle mugimendu, gazte mugimendu, sindikatu, zein alderdi politikoen) arteko aliantzak eta elkarlana ezinbestekoa izango dira jasaten ari diren atzerakadari erantzuteko eta bestelako jendarte eta sistema ekonomiko eta politikoa eraikitzen jarraitzeko.

Hala ere, egoera zaila den arren, mugimendu sozialek borrokan jarraitzen dute: ikasleak, lurraren aldeko mugimendua, beltzen komunitateak, eta baita komunikazio arloan zein gazte mugimenduan ere. Horietako bi proiektu ezagutzeko aukera izan dugu Sao Paulo hirian.

.

Desinformazioaren aurrean, kontrainformazioa da bidea

CPMmidias (Centre Popular Do Midias) proiektuaren bulego nagusia Sao Paulo hirian dago, eta guztira 70 langilek egiten dute lan bertan. Komunikabide honen helburua da ideien eztabaida bultzatzea, langile klasearen eta Brasilgo jendarteko sektorerik baztertuenen zerbitzura egongo den komunitate herritarra sortzeko.

Lehen 10 urteetan (2003-2013), CPMidias proiektuak Brasil de Fato (BdF) izeneko egunkari nazionala jarri zuen martxan. Elkarrizketen eta erreportajeen bidez, borroka sozialen bozgorailua izateko helburua zuen: politika, ekonomia, giza eskubideak eta kultura arloko artikuluak idazten dituzte. 2013an, ordea, nazio mailako egunkaria egiteari utzi, eta estatu mailako egunkariak egiten hasi ziren hainbat estatutan (Rio de Janeiro, Minas Gerais, Sao Paulo, Paraná eta Pernambucon, besteak beste) irakurleengana zein esperientzia zein borroka lokalengana gerturatzeko.

Erresistentziatik ofentsiba antolatzen (Brasilgo brigadaren 2. kronika)
CP MIdias proiektuko kideak lanean.

Gaur egun, estatu mailako egunkariez gain, webgune bat eta 2014.urtean sortutako Radioagencia Noticias do Planalto (NP) izeneko irrati agentzia bat dituzte. Sortutako audio eta testuak herrialde guztiko irratietan argitaratzen dituzte, eta hainbat gai lantzen dituzte: politika, ekonomia, giza eskubideak, eguneroko bizitza eta kultura, besteak beste.

Brasil de Fato komunikazio agentzioko edukiak sare sozialen bidez zabaltzen dituzte. Hona hemen euren web gunearen lotura: www.brasildefato.com.br/

.

Brasilgo egoera gazteriaren begietatik

Levante Popular de Juventude gazte militanteez osatutako erakundea da, eta 2007. Urtean sortu zen Rio Grande do Sul estatuan; 2012an nazio mailako erakunde bihurtu zen. Nekazal eremuko gazteak, eskoletakoak, unibertsitateetakoak eta hirietako periferietako gazteak antolatzea da beren helburua, beren eskubideak defendatzeko eta jendarte parekideago eta justuagoa lortzeko.

Hiru borroka eremu nagusi dituzte:

  • Ikasle mugimendua: Brasilgo unibertsitate eta eskoletako ikasle mugimenduarekin lan egiten du, kalitatezko hezkuntza publiko baten alde.
  • Nekazal mugimendua: herrialdeko nekazal mugimenduekin batera, hiri eta nekazal eremuko gazteen batasuna lortzea da beren helburua.
  • Lurraldetasuna: hiri handietako auzoetan antolatuta dago batez ere, gazteen ongizatearen alde, eta gazteek kulturara zein hezkuntzara sarbidea izan dezaten.

Hainbat sektoretan antolatzen dira: beltzen mugimendua, dibertsitate sexuala eta feminismoa. Era berean, hainbat lan eremutan banatzen dira: agitazioa eta propaganda, komunikazioa, formakuntza politikoa, finantzazioa eta internazionalismoa. Hiritik nekazal eremura etorri gara berriz ere. Bahia estatuko Egídio Brunetto Agroekologia eta Agroforesta eskola nazionalean gaude.

Hurrengo egunetan izango duzue hemen ikasten dugunaren berri!

Erresistentziatik ofentsiba antolatzen (Brasilgo brigadaren 2. kronika)

Erresistentziatik ofentsiba antolatzen Erresistentziatik ofentsiba antolatzen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude