Erreportariak Massachusetts-eko gobernadoreari: Bandera faltsuko operazioa izan al da?

Screen-Shot-2013-04-16-at-1.05.42-AM-630x418Dan Bidondi InfoWars hedabideko erreportariak Deval Patrick Massachusetts-eko gobernadoreari ahoan bizarrik gabe galdetu dio, prentsaurrean Bostonen: bandera faltsuko erasoa izan al da? (alegia, AEBtako gobernua den erantzule).

Erreportaria: “Zergatik lehergailuak eztanda egin aurretik lasaitasuna eskatu diote bertaratutakoei bozgorailuetatik? Hau ere beste bandera faltsuko operazioa al da gure eskubide zibilei eraso egin eta aberriaren segurtasuna sustatzeko kalean gabiltzala galtzetan begiratzen diguten bitartean?”

Gobernadorea: “Ez. Hurrengo galdera”.

Konspirazioaren teorietan murgilduta dabilen hedabideko erreportaraiak egin du galdera, beste hamaika kazetari inguruan zituela, lehergailuek Bostonen bi pertsona hil eta ordu gutxira. Ameriketako Estatu Batuak atzean daudela iradoki du, denen harridurarako. Irudikatu dezakezu halako galderarik Madrilen martxoaren 11aren arratsaldean? 

Ez da InfoWars-en ildoan berritasuna halakorik esatea. 2001eko irailaren 11koa ere Irak eta Afganistan inbaditzeko eta hiritarrak kontrolatzeko bandera faltsuko operazioa zela uste baitute (hamaika dokumental daude teoria hau babesten dutenak). InfoWars-en, behin hasita, konspirazioak harri azpitik ere ateratzen dituzte. New Yorkeko erasoa ez ezik, Newtown-eko haurreskolako tiroketan ere (27 hildako) gobernuaren eskua ikusten dute konspirazioaren teorien jarraitzaile hauek. Barack Obama ei zegoen heriotzen atzean, armak gainean eramateko eskubide estatubatuarra mugatzeko asmoz. Bostongo erasoan ere bandera faltsuaren teoria indartzeko ustezko lekuko batzuekin “bideo-erreportaje” bat osatu dute.

Bidondi eta InfoWars hedabidea eskuin muturrekotzat jotzen dituzte. Bere adiskidea eta irrati saioaren gidaria Alex Jones ezaguna da. Harek ere bandera faltsuaren teoria zabaldu du Twitterren.

 

Batzuen jarraipen sutsua du, baina baita beste hainbaten gorrotoa ere. Izan ere, argudiorik gabe gezurrezko iragarpenak zabaltzea egozten diote. Dena den, InfoWars kritiketatik elikatzen da eta jada bere webgunean jaso du Bostoneko konspirazio teoriaren harira Jones-ek jaso dituen irainen zerrenda.