Erregai prezioaren gorakadak kontsumoa gutxituko du (eta hori onuragarria da)

Erregai prezioaren gorakadak kontsumoa gutxituko du. Eta hori onuragarria da. – 

Egunotan, denok gaude kezkatuta Ukraina eta Errusia arteko gerragatik. Indarkeria eta heriotza latzaren lekuko gara. Ni, gainera, bereziki kezkatuta nago. Izan ere, ni neu Errusian jaio nintzen. Baina  7 urte nituenean adoptatu ninduten. Euskal Herrian bizi naiz ordutik eta gehiago dut euskaldunetik errusiarretik baino. Baina hori beste upeleko sagardoa da. Agian beste artikulu baterako emango luke horrek.

Etor nadin harira beraz. Jendartean kezka handia sortzen duen gai nagusia, orain, prezioen gorakada da. Batez ere, erregai fosilen prezioen gorakada. Horrek garraioen, argiaren, oro bat, energiaren garestitzea dakar eta ondorioz, produktu askoren salneurri hazkundea ere eragin du eta eragingo du. Gizarteko sektore askotan eros ahalmenaren txikitzea areagotuko du, batik bat, jadanik klase sozial apalenetan, ohikoa den moduan.

Nik alde positibo bat nabarmendu nahi dut hala ere. Webgune honetan deshazkundeari buruz irakurri nuen artikuluan bezala, eta nik neuk artikulu batean adierazi nuen bezala, erregai fosilen kontsumoa murriztu behar dugu. Ez bakarrik ingurugiroa ez kaltetzeko, baita beste herrialdeen menpe ez egoteko. Izan ere, erregai hauek diru-iturriak dira munduko hainbat erregimen autoritariorentzat. Kontsumo jasangarri eta arduratsua egin behar dugu, natura suntsitu gabe.

Nire irakasle batek esaten zuen bezala “apagar la luz o a pagar la luz”. Kontsumitzaileok gutxiago kontsumitzeko kontzientzazio-kanpainarik onena prezioak igotzea da. Bai, badakit hau gogorra izan ahal dela, deserosoa eta kalte ugari ekarri. Baina gizakia ondoegi, erosoegi bizitzera ohitu da. Ez dakigu edo ez dugu nahi gutxiago kontsumitu. Soilik herritar batzuok dugu kontzientzia gai honen inguruan. Alegia, nahiz eta aukera dugun bidaiatzeko, erosteko edo gastatzeko, gure burua behartzen dugu murriztera.

Itxurakeria handia dago, berez. Seguru nago, kalean galdetuta, denak daude prest klima aldaketaren aurka “zerbait” egiteko. Baina bidaia bat oparitzen badigute, zenbatek egingo lioke uko, gutxiago ez kutsatzearren? Denok esaten dugu bla-bla-bla asko, baina gutxik egiten dugu blo-blo-blo. Gainera, gizarteak kontsumitzera behartzen gaitu. Hau da, zure lagun guztiek arropa berri-berria badaramate, eta guk ez, ba, badirudi zu axolagabea/ganoragabea zarela zerbait zaharra edo pixka bat apurtuta baldin badaramazu (beno bakero apurtuak izan ezik, hori sozialki onartuta baitago). Baina benetan behar al dugu, arropa eta osagarri guztiak berri-berriak izatea? Bada, ez. Bai, ordea, gure inguruko guztiek horrela egiten badute.

Gure dendetan erosteko gutxiago badugu edo poltsikoan diru gutxiago, nahitanahiez kontsumoa gutxituko dugu. Eta hori onuragarria da.

Erregai prezioaren gorakadak kontsumoa gutxituko du. Eta hori onuragarria da.

4 pentsamendu “Erregai prezioaren gorakadak kontsumoa gutxituko du (eta hori onuragarria da)”-ri buruz

  • Mendebaldeko hainbat herrialde aberatsean erlijio klasikoek egundoko atzerapausoa eman dute haien eragin eta presentzia sozialetan. Utzitako hutsunea erlijio berri batzuek hartu dute, erlijio izena erabiltzeari utzi diotenak eta, beraz, errazago sartu dira erreferente moralik gabeko gizartean.

    Hala ere, erlijio berri hauek klasikoen ezaugarri berberak dituzte: zabaldu behar den egia errebelatua, salbazio-promesa, salbazioaren bide-orria, fededunak, bekatuak eta bekatariak, fedegabe eta bekatarientzako zigorrak, bide-orria ez jarraitzearen hondamendia eta sakrifizioak egiteko beharra, apostoluak, ebanjelariak eta fundamentalistak.

    Boterea eta boteretsuak betidanik erlijioekin primeran moldatu dira, eta erlijio berriak berehala besarkatu dituzte zaharren erabilgarritasuna kolokan jarri den bezain laster.

    Artikulu honen sinatzaileak gogoz besarkatu du puri-purian dagoen erlijio berri horietako bat. Zaila da garaiontan tentazioari eustea, hainbeste kanaletan etengabe hainbeste propaganda jasotzearen ondorio naturala da. Gizakiaren eboluzioan erlijioek paper garrantzitsua izan dute, eta gure biologian bertan eragina izan dute. Mendebalde aberatsean erlijio klasikoek utzitako hutsunea bete beharra dago, eta behin eta berriz istorioa errepikatzera kondenatuta omen gaude.

    Hau tristura.

  • Bi kontutxo baino ez. Euskarak mugagabea dauka, eta historia eta istorio ez dira iturri bereko ura.

  • Tomax Elgorriaga 2022-03-28 08:01

    Eskerrik asko, Angela, eztabaidarako bidea irekitzeagatik!

    Kontsumo kapitalistaren eredua aldatu behar dugula argi dago, mundua eta gure gizartearen etorkizunaren mesederako. Zer, zenbat, zer motakoa, zergatik, non eta nori erosi. Eta nola erabili, noiz bota. Hori “deshazkundea” deitzen ohi den alde bat izanik. Beste aldetako bat ekoizpena da. Zertarako ekoizten da? Beharrak asetzeko edo kontsumora behartzeko?

    Badakigunez, deshazkundea eta kontsumoaren murrizketa -gutxienez- bi motakoa izan daitekela: lehengai eta produktuen agorpenaren eskutik etorriko dena, edo bizitzeko beharrezkoa dena soilik kontsumitzen dugula, inguru naturala, soziala eta kulturalarekin orekatua.

    Lehen kasuan, deshazkunde antisozialean, eredu kapitalista-kontsumista mantentzen da, eta dirudunek soilik ahalko dute beraien zarraztelkeriazko bizimoduari eutsi. Baina beste guztiok edo askok, ez dugu bizitzeko behar duguna ere izango. Deshazkunde desorekatua da hau, asimetrikoa. Kontsumoaren murrizketa ondorioa da, ez helburua. Eta natura eta gizakiak esplotatuak eta ustiatuak jarraituko dute izaten. Txiroenek sufrituko dute, baina sistema orohar jasanezina jarraituko du izaten.

    Energi mailan ditugun adibideak: kotxe elektriko indibidualen eromena edo ekoizpen kapitalistaren errobotizazioa ezin da txiroen berogailuen itzalketarekin konpentsatu!

    Deshazkunde jasangarria kapitalismoa suntsitzearekin etorriko da: ondo bizitzeko behar duguna bultzatuz, kontsumoa murriztuko da. Herritar guztien beharrak asetzeko produzitu, eta ez gutxi batzuen mozkinak areagotzeko asmatutako behartutako kontsumoa. Bizitzaren beharrak, ez kapitalarenak.

  • Amonamantangorri 2022-03-29 14:44

    Erregaiak garestituz gero, bizitza garestituko da. Hori, noski, urtero pare bat aldiz oporretan doazenentzat, bussiness klasean bidaiatzen dutenentzat, kapital apurtxoa pilatu dutenentzat ez da arazo larria; bai, ordea, gutxiengo horretatik aparte gauden ehundaka milioi gizon-emakumeontzat.

    Iruditzen zait Ekologismoaren sektore batek ez duela alderdi sozioekonomikoa behar bezala tratatzen. “Nekazaritza ekologiko” delakoa eta elikagai-subiranotasuna, gaur-gaurkoz, ez dira bateragarriak, zeren mekanizazioa, ingenieritza genetikoa, pestizidak eta abar ezinbestekoak baitira. Energia berriztagarriak oso ongi, baina oraingoz hidrokarburoek ez daukate ordezkorik. Ez du zentzurik eta hipokrita xamarra da gure industria kutsagarriak ixtea, zertarako eta behar ditugun gai horiexek atzerritik inportatzeko…

    Tomax Elgorriagak egindako bereizketa hagitz zuzena eta beharrezkoa iruditzen zait. Bizimodua aldatu behar dugu, baina denok; ez pobreok haragia jateari utzi eta ibilgailu propiorik ez erabiltzea, oso kutsagarria delako, eta dirudunak horren kezkarik batere ez izatea.