Eroturik?

Eroturik? –

Rikardo Arregik Noticias de Gipuzkoa egunkarian.

Eroturik dago Trump? Baietz esaten dute askok. Ez dut uste. Askotan pertsona batzuen jokamolde gaiztoa erotasunaren bidez azaltzeko joera dago gaiztakeriari, gaizkiari, nahi baduzue, ulerbide moduko bat emate aldera. Trumpek bere interesak, agintean segitzea batez ere, eta ordezkatzen duen taldearen interesak zaintzen ditu. Zuri aberatsek osatzen dute talde hori; egia da Trumpek beste taldeetako batzuk (zuri pobreak, aberats beltzak, erdi mailako asiarrak, hirugarren belaunaldiko latinoak) engainatzeko gaitasuna duela, eta jendea, oro har, lasai mantendu nahi duela. Baina gauzak okertzen direnean, jendearen lasaitasuna ez dago lehen lerroan, George Floyden hilketaren aurka dauden protestetan ikusten ari garen bezala.

Eroturik?Lehen lerroan Etxe Zuriko bizkartzain gazteak, txakur amorratuak eta arma izugarriak daude, Trump bunkerrean ezkutatzen den bitartean filmetan bezala. Baina oraingoan etsaiak ez dira ipar korearrak, eta ez dago katurik edo txakurrik edo nerabe jasangaitzik salbatu behar duen heroi-aktorerik; oraingoan etsaiak amerikarrak beraiek dira, Trumpen begietan herritarrak izateari utzi diotenak, noizbait herritar izan baziren, ergel, bandalo, basati eta terrorista (ai, terrorista) bilakatzeko. Eta terroristen aurka den-dena erabili ahal da, ezta? Armada barne.

Trump ez dago eroturik. Egiten dituen gauzek helburu argi bat dute. Aginduak eman zituen astelehenean Etxe Zuritik Saint John presidenteen eliza deitzen dutenerainoko tartea garbi dezaten gas negar-egilearekin eta gomazko balekin, elizaren aurrean argazki bat nahi zuelako biblia eskuan. Mariann Budde apezpiku andreak protesta egin du bere elizetako bat horrela erabiltzeagatik, baina seguru Trumpi bost axola zaiola guztia; argazkia opari ordainezina da bere hautesle leialentzat, esku batean biblia eta bestean fusila daramaten horientzat.

Trumpek antifaxista hitza irain bihurtu nahi du bere portaera autoritario eta arrazista ezkutatzeko, eta munduko kirten eta txerri guztiak faxismoa eta antifaxismoa berdintsu direla errepikatzen ari dira.

Ez, Trump ez dago eroturik. Bere interesen eta bere ideologiaren alde lan egiten ari da gogor.

Eroturik?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Eroturik?”-ri buruz

  • Eroa? Baliteke, eta hori horrela balitz beldur izatekoa da. Telefono gorria erabili gabe botoiari emanen balio?

  • Baina Trump kontrako kritiketan bada zerbait ia inoiz aipatzen ez dena: Estatu Batuetako presidente bajarrenetakoa da atzerrian gerrarik piztu ez duena joan de aspaldian. Beste 4 urtez piztu edo indartuko ez balu besterik, merezi luke hurrengo hauteskundeetan irabaztea

  • Eroa ote den, ala egiten dituenak ondorioak aztertuta egiten dituen zalantza, prentsaurrean bere osasun aholkulariari Covid19a tratatzeko desinfektantea txertatzea proposatu zuenean argitu zitzaidan niri.