Eragiok, Mutil, Aurreko Danbolinari (Baina Nazioarteko Diru Funtsak Zigortuko Hau)

lagarde_2232526b

Kontent nago Estatu Batuetan bizi ez naizelako. Nire poza, halere, negatiboa da: ez nago kontent Euskal Herrian bizi naizelako, Estatu Batuetan bizi ez naizelako baizik. Duela bi aste, astero bezala, nire autoan etorri nintzen Euskadi Irratiak Iruñean duen egoitzara. Eta, astero bezala, malda piko batean aparkatu nuen, maldan goiti hain zuzen ere. Ailegatu nintzen unean, aitzineko autoa bazihoan –nik, badaezpadaere, nahiko tarte zabala utzi nuen bi ibilgailuen artean–, baina hari frenoak huts egin eta gibelat irristatu zen nire kontra jo artio. Uste nuen gidaria autotik jautsi eta desenkusatuko zela, baina ez, motorra berriz piztu eta bazihoan. Bozina jo nion, eta orduan bai, bere autotik atera zen: bere portaera aurpegiratu nion, haserre. Hark serio aditu zidan, eta erran zidan: “Akitu duzu? Lasai zaude? Ezki-ura hartu beharko zenuke, urduri zaude-eta”. Eta horregatik nago kontent Estatu Batuetan bizi ez naizelako: zeren, Ameriketan bizi izan banintz, naski pistola bat edo eskopeta bat eramanen nukeen maletategian, eta, hortaz, arrapostu haren ondotik, tipo hura hantxe bertan akabatuko nukeen, eta, ondorioz, kartzelara eramanen ninduketen eta gaur ez nukeen testu hau idatziko.

Orain errepikatuko ez ditudan hitz batzuk bota nizkion, eta kafe bat –tilarik ez, esker mila– hartzera joan nintzen: eta orduan, hausnarrean ari nintzela, edukaziorik gabeko basapiztia ote nintzen kezkatua, ohartu nintzen gizon hura dotore jantzita zihoala, eta nik, aldiz, nire betiko elastiko zarpail horietarik bat neramala, eta berriz ere poztu nintzen Estatu Batuetan ez bizitzeagatik, zeren, han bizi izan banintz, segur aski nire autoaren kontra jo zuen tipoak –eta ez nik– eramanen zuen arma bat sakelan, eta hantxe berean niri bi tiro bota eta kazetari guziei kontatuko ziekeen berak elkarrizketa eta bakea maite dituela, baina ni morroi arriskutsua nintzela, garrasika eta espantuka ari nintzela, hari fisikoki erasotzeko prestatu bitartean. Krimen bat justifikatu eta estaltzeko –edo are gehiago, krimen hori krimen izan dela ukatzeko–,ezinbertzekoa baita irakaspen morala duen narrazio bat asmatzea.

Krisia amaitu egin da: hala diote hedabide eta politikari gehienek. Ekonomiak hobera eginen du 2015ean: beharbada guk ez dugu gauza handirik sumatuko, baina horixe erakusten omen dute datu makroekonomikoek –orain “makroekonomiko” hitza erabili behar da krisia akitu dela saltzeko, sukaldaritzan, esperimenturik arraroena ere saltzeko, testura solasa erabili behar den bezalaxe–. Zenbaitek, zuhurtzia handiz, zera gaineratzen dute: krisitik atera gara, edo ateratzeko bidean gara, edo fite aterako gara, bertze kontu bat da nola aterako garen. Baina, zorionez, krisi ondorengo ikuspegi lazgarria justifikatzeko badugu –badute– asmatua irakaspen morala duen narrazio bat: ezin dugu ez daukagun dirua gastatu, gure baliabideen gainetik bizi izan gara eta gaurko egoera horren ondorioa da. Ekonomia orgia bat izan da, eta horrek ezin zuen iraun. Gure bekatuek ekarri gaituzte purgatorio honetara.

Fabula moral horrek, gainera, badu abantaila bat: galtzaileen artean ere badira mailak. Batzuek hiru hipoteka eta bi mailegu hartuak zituzten –eta orain arrunt gaizki pasatzen ari dira–, eta bertze zenbaitek uko egin zioten burbuila espekulatiboan parte hartzeari –eta orain krisiaren zeharkako ondorioak bertzerik ez dute sufritzen–. Sodoma eta Gomorran bezala, ba omen dira errugabeak ere. Horrekin mila erreportaje egiten ahal dira.

Mundua orgia –ekonomiko– handi bat izan omen zen 2008 artio, baina soilik mikrozakila zutenak zikiratu dituzte, soilik mikrotitiak zituztenak zigortu dituzte: maila makroan mugitzen direnek hortxe segitzen baitute. Krimena, jakina, ez dute aitortu: krisia desastre natural bat izan da, guziok ustekabean harrapatu gaituena, ez da inoren errua izan –eta kontrako erraten dutenak urduri daude naski, eta apika eski-ura hartu beharko lukete–, eta haiek –makroekonomia beti ahotan dutenek; krisia hasi zenetik bestarekin jarraitzeko after bat aurkitu zutenek; nolanahi ere, krisia inolaz ere eragin ez zutenek– behar diren neurriak hartuko dituzte –hartzen ari dira– krisia konpontzeko.

Eta neurri horiek paradisu berrira eramanen gaituzte: tira, beharbada ez gara ohartu, baina, izan ere, paradisu berrian gara dagoeneko: bertan askatasuna da (zernahi saldu eta erosteko askatasuna, enpresak tokiz aldatzeko askatasuna, langileak kanporatzeko askatasuna –a.k.a. malgutasuna–, eskola –kontzertatua edo pribatua– edo ospitale edo osasun-aseguru –pribatua– hautatzeko askatasuna, ingelesa ikasteko askatasuna) hitz magikoa, eta gaurgero ohartu ez bagara zeinen ona den Munduko Ordena Berri hau, oraindik ideologia zaharkituei eusten diegun seinale da. Errealitateari ezikusiarena egiten diogun seinale.

Paradisu berrian, ekonomia neoliberala baita errealitatea, ideologien gainetik dagoen doktrina, tentaldi politikoen itsasoan askatasuna bideratzeko balio digun itsas-argia. Alde horretatik, askatasun liberala ez da askatasun katolikotik gehiegi bereizten. Eliza katolikoak ere libertatea aitortzen digu, baina libertatea erabiltzekoa da jainkoak nahi duena egiteko; bertzenaz, ondorioak etorriko da. Sexua da adibide klasikoa: nerabezaroan, elizak zera erraten zuen, nahi baduk, eragiok, mutil, aurreko danbolinari –hori hire esku zagok–, baina itsu geldituko haiz, edo infernura joanen haiz, eta abar. Egun hauetan, Grezian badute askatasuna nahi duten alderdia hautatzeko, baina Nazioarteko Diru Funtsak gomendio batzuk eman dizkie greziar hautesleei –eta, bidenabarkoan, diru-laguntzak kendu egin dizkie–. Egoera txarra omen da, baina nonbait Greziako herritarrek egiten ahal duten gauzarik makurrena egoera txar hori aldatu nahi dutenei botoa ematea da. Jainkoarenak bezala, neoliberalismoaren bideak misteriotsuak dira. Edo arras begi-bistakoak, nondik begiratzen zaien.

Behin –zazpi-zortzi urte nituelarik– erlijio klasean, apez batek azaldu zigun zer den ebastea: norbaiti zerbait kentzea, haren baimenik gabe. Apez horrek pegatina batzuk konfiskatu zizkion nire lagun bati, hau haiekin klasean jostetan ari zelako. Hurrengo klasean, apezari galdegin nion pegatina horiek ez ote zizkion lapurtu nire lagunari, honen baimenik gabe hartuak baitzizkion. Bai, demagogiko samarra zen argudioa: nire ikaskide guziak txaloka hasi ziren. Hitza ez zen modan, baina uste dut ordurako populista nintzela.
[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

 

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.