Entziklopedia Britainiarra ez dute gehiago inprimatuko

Encyclopædia Britannica

Bazen garai bat non munduko jakintza guztia paperean gordetzen zen, txukun-txukun, hainbat liburukitan antolatua. Liburutegiek, hirietako gune garrantzitsuenetan kokatutako eraikin handi eta ikusgarriek, jakintza hori guztia gorde izan dute mendetan zehar. Baina denborak aurrera egin du, eta Guttembergen asmakuntza iraultzailea gelditu egin da, munstro digitalak txiki-txiki egin du eta.

Entziklopedia Britainiarra (Encyclopaedia Britannica) inprimatzeari utziko diote. Urrezko hizkiez apaindutako liburuki serio eta astun horiek ezin izan diote Internet eta Wikipediari konpetentzia egin, eta 244 urteren ostean, munduko entziklopedia onentzat jotzen dena ez da gehiago inprimatuko.

1990an, 120.000 ale saldu ziren AEBetan, baina 2010eko edizioak, berrienak, 8.000 erosle besterik ez ditu izan, eta soberan geratutako gainontzeko 4.000 aleak biltegian daude hautsa hartzen.

“Eduki zabalagoak daude Interneten. Entziklopedian aurki dezakezuna munduko aditu onenetako batek idatzitakoa da, baina ikuspuntu bakar batetik azaldua. Bizitzako gauza eztabaidagarri guztiak ikuspuntu batetik baino gehiagotik ikusi behar dira“, dio Gary Marchioninik, Ipar Karolinako Unibertsitateko Informazio eta Biblioteka Zientziatako dekanoak.

Entziklopedia Britainiarra ingelesez jarraian argitaratu den entziklopedia zaharrena da eta luxuzko gaia bihurtu da; 1.395 dolarretan saltzen da eta. Enbaxadek, gizarte-maila altuko jende kultuak, liburutegiek eta ikerketa institutuek erosi ohi dute.

Zabalago, The New York Timesen

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude