Emakume berrien aroa

Emakume berrien aroa –

Emakume berrien aroaOiartzungo elkarrizketak beste protagonista bat izan zuen: Ekhiñe Atorrasagasti. Berak gidatu zuen elkarrizketa. Oso lan txukuna egin zuen. Galdera zuzenak, egokiak, umoretsuak, baita biziak ere. Ekhiñeren galderek musika  zuten, nolabait esateko, eta Arnaldoren erantzunak  asko errazten zituzten. Arnaldok ez zuen bere arratsalderik onena, nire ustez, baina Ekhiñeren lana bikaina izan zen. Ahotsa, keinuak, erritmoa, musika, umorea eta, batez ere, burua egokiak izan ziren oso.

Nonahi agertzen ari diren euskal emakume berrien beste adibide bat da Ekhiñe. Leku guztietan bezala, gure artean ere emakumeek lan handiena egin dute, baina leku guztietan bezala haien protagonismoa eskasa izan da. Salbuespen modura baino ez dira historiaren protagonistak izan emakumeak.

Emakumeen eta euskaldunen egoera parekoa da. Haiek dira oinarrizko lana egiten dutenak, baina protagonistak gizonak dira —  emakumeen kasuan —  eta politikariak —  euskaldunen kasuan —.

Bukatu da eskubide errebindikazioen garaia. Gaurko emakumeek, euskaldunek bezala, protagonistak izan nahi dute. Nahi eta ahal dute. Emakumeek ez dute kanpotik eskatzen protagonistak izatea, barrutik baizik. Izan ere, emakumeak  dagoeneko, izatez, protagonistak dira, adimena eta irudimena beharrezkoa diren lekuetan batez erez. Horregatik, emakumeek orain eskatzen dutena beraien protagonismoa aitortzea da.

Euskaldunak bezala, emakumeak ere bidegurutze batean daude, halere. Protagonistek izan behar dute eta izango dira, baina zein protagonismo mota aukeratuko dute emakumeek? Etsaiarentzat lan egingo dute eta gizon kristau, burges eta matxistek asmatutako botere estrategian parte hartzen ahaleginduko dira ala emakumeen erara beren estrategia sortuko dute?

Euskaldunak eta emakumeak, zorionez, bidegurutze berdinean gaude. Gure nazioa eta gure bizitza sortzeko bidea aukeratu behar dugu. Aurrean gizon botere-zaleek irekitako bide zabala dugu. Boterea eskaintzen du bide horrek. Botere hori, tamalez, gizonen antzirudira egina dago.

Gizonezko boterearen lohian harrapaturik geratu nahi ezean, emakumeak nahiz euskaldunak gure berezko bidea asmatzera kondenatuta gaude. Kristau burgesek eta matxistek sortutako boterearen mundu ikuskerari bizkarra emanez, komunitatearen bidea ireki behar dugu. Ez da erraza izango.

Hitzaldian, Ekhiñek Arnaldo gidatu zuen. Baina Arnaldok zeraman aginte makila. Emakumeek aginte makila eramateko garaia iritsi da. Baina haiek ere, euskaldunek bezala, aukeratu beharko dute zein aginte makila mota lehenesten duten: boterearena ala komunitatearena.

Emakume berrien aroa

FILOSOFO OHIA

2 pentsamendu “Emakume berrien aroa”-ri buruz

  • Joseba Garcia 2017-05-27 18:00

    “Leku guztietan bezala, gure artean ere emakumeek lan handiena egin dute, baina leku guztietan bezala haien protagonismoa eskasa izan da.”

    Errealitatea justu kontrakoa da. Kurdistango hilotzak esaterako, guztiak gizonak, baina kameraren aurrean ematen du gizonik ez dagoela beren armadan.

    • Besterik gabe, gaur egun feminismoari pelota egitea arreta deitzeko eta iritzi bat onartua izateko taktika bat bihurtu delakoan nago, beti geratzen da ondo “genero ikuspegia” aintzakotzat hartzea. Hori bai, emakumeak gizonezkoen gainetik dauden gaietan ez, genero ideologia bere pisuz erortzen baita batzuetan.