Emakume bati burua moztu diote sorginkeria egotzita

SorginaTitularra X. mendean idatzia dirudien arren, atzo bertan gertatutakoa da –Giza Eskubideen Nazioarteko Eguneko biharamunean ia-, Saudi Arabiako iparraldean, alegia. Islamak zorrozki debekatzen du sorginkeria, eta Saudi Arabiako legeria Xariaren –kode islamiarraren- bertsio gogor batek zuzentzen du.

BBCk jasotzen duenen bezala, Amina bin Abdelhalim Nassar 60 urteko emakume bat zen eta, ustez, gaixotasunen aurkako sendagaiak saltzen zituen, Al Hayat egunkariak lortutako polizia iturrien arabera (gobernuak ez baitu horren inguruan ezer esan nahi izan). Bera izan da herrialde islamiarrean hiltzen duten 73. pertsona. Bortxaketak, arnegari izatea, armaz lapurreta egitea eta droga trafikoa, besteak beste, dira heriotzarekin zigortzen diren delituak. Exekuzioak buru-mozketa bidez egin ohi dira eta, maiz, plaza publikoetan.

Gezurra badirudi ere, albiste triste hauek denboran hamar mende baino gehiago bidaiarazten digute, erlijio sinesmen gogorrek Europako biztanleen bizitzak gidatzen zituzten garaira. Zorionez, gizarteak aurrera egin du Eliza Katolikoak, nahiz eta kostata, zientziaren eboluzioaren aurrean burua makurtu duen heinean. Baina, zoritxarrez, bizitzako alderdi gehienen sekularizazioa ez da berdina izan planeta osoan. Hortxe ditugu herrialde islamiarrak, non oraindik ere, lege sakratuei lotuta bizi diren.

Pasa den irailean, sudandar bat ere exekutatu zuten antzeko sorginkeria kasu batengatik eta 2007an, egiptoar bati lepoa moztu zioten ustez sorginkerien bidez ezkontzak desegiteagatik. Iaz, Arabia Sudiko agintariek igarleen telebista programa bat aurkezten zuen Libanoko gizon bat heriotza zigorretik libratu zuten; antza, bere ekintzek ez zuten kalterik sortu.

Saudi Arabia da, Txinaren ondoren, heriotzara pertsona gehien zigortzen dituen herria eta Nazioarteko Amnistiaren arabera, exekuzioak “gora egiten ari dira erritmo kezkagarrian”. Erakundearen arabera, 140 preso daude heriotza korridorean.