Eliza katolikoak Pinocheten lekaioak indultatu nahi ditu

Mjk0OA==

Giza eskubideen bortxaketak leporatuta kartzelan dauden hainbat militar ohiren indultua eskatzen duen proposamen bat helarazi zioten atzo Alejandro Goic Txileko Konferentzia Episkopaleko buruak eta Francisco Javier Errázuriz Santiagoko Kardinalak Sebastián Piñera Txileko presidenteari.

“Chile: Una mesa para todos en el Bicentenario” izeneko proposamenean, “errukia eta barkamena” eskatzen ditu, hitzez hitz, eliza katolikoak, Pinochet generalaren diktaduran gertaturiko desagerketekin, exekuzioekin edo torturekin lotura izan arren, gaur egun “gizartearentzat arriskutsuak ez diren” presoentzat. Zaku horretan sartzen ditu, besteak beste, 70 urte baino gehiago dituztenak, adin txikiko seme-alabak dituzten emakumeak edo gaixotasun terminalak dituzten presoak.

Proposamenean irakur daitekeenez, “Mahaia ez litzateke osatuta egongo, eskakizun honetan erregimen militarraren garaian gertaturiko giza eskubideen aurkako krimenengatik zigorrak betetzen ari direnak ere aintzat hartuko ez bagenitu.”

“Inpunitaterako bidea” ireki dezakeen “akats” bat

Bien bitartean, Txileko giza eskubideen aldeko elkarteek adierazi dute elizaren proposamena “akats” bat dela, besteak beste, Txilek sinaturiko nazioarteko itunekiko kontraesan bat delako. Lorena Pizarro, desagertutako atxilotuen senideen presidenteak esan du proposamen hau “inpunitaterako bide bat” dela.

Irudia | Pinochet eta bere lekaioak | Xavier Zaragoza | Creative Commons By SA
giza-eskubideak, indultua, Pinochet, Txile

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude