Elhuyarrek eta DIPCk IV. ON ZIENTZIA bideo-lehiaketa jarri dute abian

on zientzia logoaElhuyarrek eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatuta, hasiera eman zaio zientziaren eta teknologiaren dibulgaziorako IV. ON ZIENTZIA bideo-lehiaketari. Lehiaketa hau Teknopolis telebista-saioaren barruan antolatua da, eta bideorik onenak telebista-saio horretan ikusteko aukera izango da.
Hiru kategoria izango dira:
Bideo amateur onenaren saria: 3.000 euro
Bideo profesional onenaren saria: 2.000 euro
Euskarazko bideo onenaren saria: 1.000 euro
Edonork har dezake parte lehiaketa honetan, eta bideoen gaia librea da: norberaren edo besteren ikerketak, eztabaidak, zientziaren mugarriak, oinarrizko kontzeptuak, pertsonaia historikoak, etorkizuneko edo iraganeko zientzia, bitxikeriak… Bideoek gehienez 5 minutuko iraupena izan behar dute, eta euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez aurkeztu ahal izango dira. Helburua da publiko-mota guztiek ulertzeko moduko aurkezpen erakargarria egitea.

Epaimahaia zientziaren, teknologiaren, komunikazioaren eta zinemaren munduko bost lagunek osatuko dute. Lehiaketaren oinarriak, izena emateko orria eta aurreko urteetako bideoak www.onzientzia.tv webgunean daude ikusgai.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.