Ekialde Hurbileko gerra odoltsuenaren 40. urteurrena

Ekialde Hurbileko gerra odoltsuenaren 40. urteurrena – 

Gaur egun ohituta gaude Mendebaldeko biztanleak Ekialde Hurbilean gertatzen diren gatazka armatuen eta afera politikoen inguruan albisteak entzutera baina, oro har, zailtasun handiak izan ohi ditugu benetan eskualde hartan gertatzen dena ulertzeko. Izan ere, ia ezinezkoa da gaur egungo gertakariak ulertzea aurreko gertaera historikoak ulertu gabe. Hutsune hori betetzen laguntzeko, hona hemen Ekialde Hurbilaren –eta munduaren– bilakaera aldatu zuen gudaren inguruko artikulu bat.

1963an Iraneko estatuburuak, Reza Pahlevik, bere herrialdea eraldatzera bideraturiko erreforma programa aurrerakoi baten berri eman zuen. Aldaketa hauek herrialdeko buruzagi erlijiosoen eta sektore kontserbadoreen iritziekin egin zuten talka. Aldiz, Iraniar gizarteko sektore aurrerakoientzat –klase ertainetako eta unibertsitateetako ikasle ezkertiar zein nazionalistak– neurri hauek ez ziren gizartea berriztatzeko nahikoak. 1963ko ekainean, Iraneko buruzagi erlijioso garrantzitsuenetako bat, Jomeini ayatollah, atxilotua izan zen Reza Pahleviren erreformen aurka hitz egiteagatik, bereziki nekazal erreformari eta emakumeen eskubide berriei dagokienez, eta hilabete batzuk geroago erregeak erbesteratu egin zuen. 1975ean, Shahk alderdi politikoen desagerpena agindu eta alderdi bakarreko –Rastakhiz izenekoa– sistema ezarri zuen. Aldi berean, krisi ekonomikoa nabarmentzen hasi zen, eta 1977an istilu politikoak gero eta larriagoak bilakatu ziren, alderdi islamisten eta ezkertiarren eskutik. 1978ko udan segurtasun-indarren neurri errepresiboek zenbait hildako utzi zituzten langabeziaren aurkako manifestaldietan. Egoera okertzeko, lurrikara batek 15.000 hildako utzi zituen eta, Estatuaren ezgaitasunaren aurrean, talde islamikoek hartu zituzten bere kabuz kaltetuak laguntzeko beharrezko neurriak, bere ospeak populartasuna areagotuz. Horrela, islamistek gobernuaren aurkako protesten kontrola bereganatu zuten, eta erbestean zegoen Jomeini Ayatollah aukeratu zuten buruzagi. 1979an Jomeini Iranera itzuli zen, eta apirilaren 1ean Errepublika Islamikoa ezarri zen.

Aldi berean, Iranen 1979an Jomeinik boterea bereganatzen zuen momentuan, Sadam Hussein Irakeko estatuburu bilakatu zen, 1958an monarkia erail eta errepublika ezarri zuen Baaz (“Berpizkunde”, arabieraz) alderdi politikoan garbiketa odoltsu bat egin eta gero. Behin botere politiko osoa bereganaturik, Sadamek petrolio ustiapenetik lorturiko dirutza bere herrialdea modernizatzeko eta armada indartsu bat eraikitzeko erabili zuen.

Iraniar Iraultzak kezka handiak eragin zituen bai AEBetan, bai Sobietar Batasunean. Gerra Hotzaren testuinguruan hainbeste urtez elkarri mokoka ibili ondoren, bi potentzietako inteligentzia zerbitzuek Islamak oraindik zeukan mobilizazio gaitasuna gutxietsi zuten. Hortaz, kapitalismoaren eta sozialismoaren arteko gudalekuan indar handiko aktore berri bat agertu zen.

Testuinguru horretan, AEBek eta Sobietar Batasunak bezala, Sadamek Iraniar Iraultzaren mehatxua argi eta garbi ikusi zuen, betiere arrazoi ezberdinengatik. Teorian, Baaz alderdia laikoa zen, baina Sadam bera sunia zenez gero, bere gobernua Iraken minoria zen gizatalde horretan oinarritzen zen. Iraken biztanleriaren %60a xiita izanda, nabarmena zen Sadamentzat iraniar ereduak hauek ere antzeko iraultza egitera bultzatu ahal zituela. Susmo horiek gero eta gehiago nabarmendu ziren, Jomeinik etengabe eta publikoki kondenatzen zuelako Irakeko erregimena, gehienbat laikoa izateagatik. Gainera, aspalditik zetozen bi herrialdeek bere mugen inguruan zeuzkaten gatazkak, batez ere Juzestaneko probintziari eta Pertsiar Golfoko kostaldeari dagokionez –Juzestanen petrolio ustiategiak eta Abadaneko errefindegia zeuden, eta kostaldeko itsas portuak beharrezkoak ziren petrolioa esportatzeko–.

Ezkerrean, Jomeini Ayatollah; eskuinean, Sadam Husein.

Iran oso ahuldua zegoen arlo militarrean. Alde batetik, erregimen berriak garbiketa handiak egin zituen armadan, bereziki ofizialen artean; bestetik, nahiz eta AEBek aurreko urteetan Shahri arma mordoa saldu, Reaganen gobernuak ez zeukan erregimen berriari armak saltzen jarraitzeko asmorik (edo ez momentu hartan behintzat, aurrerago ikusiko dugun moduan). Horrela, Sadamek argi ikusi zuen Iran erasotzeko aukera paregabea zela.

Ezkerrean, Ekialde Hurbileko herrialdeak; eskuinean, Juzestaneko probintzia estrategikoa.

Sadamek Iran inbaditu zuen 1980ko irailaren 28an, herrialde sunita gehienen –adibidez, Saudi Arabiak eta Kuwaitek 50.000 milioi dolarreko laguntza eman zioten– eta AEBen oniritziarekin. Lehengo egunetan hainbat garaipen txiki lortu zituzten irakiarrek, baina aste batzuk igarota argi ikusi zen gerra asko luzatuko zela. 1981ean, iraniar soldadu eta boluntarioek kontraerasoari ekin zioten, eta 1982ko maiatzean tropa irakiarrak Iranetik kanporatzea lortu zuten.

Iraniar boluntario gazte bat. Armada irakiarraren nagusitasuna ikusita, iraniar gobernuak 13 urtetik gorako gazteei frontera joateko baimena eman zien.
Iraniar boluntarioak fronterako bidean.
Bi errealitate ezberdin gainezarrita.

Gerraren bilakaera kezkagarria ikusirik, Sadamek bakea eskaini zion Jomeiniri, baina iraniarrek uko egin zioten eta, bere burua garaile ikusirik, Irak inbaditu zuten, herrialde osoa konkistatzeko asmoarekin. Iraniar soldadu eta milizianoen bultzadaren aurrean, desesperaturik, Sadamen armadak arma kimikoak erabili behar izan zituen Bagdad ez galtzeko. Momentu hartan erabaki zuen AEBetako gobernuak Sadamek ezin zuela gerra galdu. Irakeko erregimenari laguntza emateko National Security Decision Directive izeneko batzorde sekretu bat sortu zuen Reagan administrazioak. Laguntza honen barne, armamentu konbentzionalez gain, ordutik aurrera irakiarrek maiztasunez erabiliko zituzten arma biologikoak eta kimikoak sortzeko baliabideak egon ziren.

Soldadu irakiarrak erasopean.
Soldadu irakiarren gorpuak iraniar eraso baten ondoren. Gerra honetan Lehen Mundu Gerrako lubakien paisaia berbera errepikatu zen.

1984an iraniarren alde zegoen Libanoko Hezbollah miliziak zazpi estatubatuar bahitu zituen Beiruten; hauen artean CIAk Libanon zeukan kargurik garrantzitsuena. AEBko presidentea bahitzaileekin edozein motatako negoziazioren aurka agertu zen, eta bere aliatuei iraniarrei armak ez saltzeko eskatu zien. Baina hurrengo bi urteetan egoerak sekulako aldaketa jasango zuen, ikusiko dugun moduan.

1985eko udan, erbestean zegoen arma trafikatzaile iraniar batek, Manucher Ghorbanifar, bahituak askatzeko aukera bat aurkeztu zien estatubatuarrei. Tipo horren arabera, iraniarrek armak lortzeko sekulako premia zeukaten, eta prest zeuden Hezbollahrekin kontaktuan jartzeko bahituen askapena lortzeko, betiere hainbeste behar zituzten armak saltzearen truke. Estatubatuarrek onartu egin zuten.

Aldi berean, urte haietan Reagenen gobernua Nikaraguako Contra gerrilla antikomunista ari zen finantziatzen. Xede horretarako presidenteak Kongresuari dirua eskatu zionean, honek ukatu egin zion, eta hortik aurrera gerrilla indartzeko dirua beste modu batean bilatzeari ekin zion Reagan administrazioak. Horrela, CIAk Irani saltzen zizkion armen truke lortutako dirua Nikaraguako Contra finantziatzeko erabili zuen. Hortaz, 1986an egoera guztiz paradoxikoa eman zen: Amerikako Estatu Batuek Saddam Hussein laguntzen zuten Iranen aurkako gerran, iraniar horiei soldadu irakiarrak hiltzeko erabiltzen zituzten armak saltzen zizkieten bitartean.

1988an bi herrialdeak leher eginda zeuden, milioi bat hildako ta ia zortzi urteko gerra nekagarri baten ondorioz. Saddamek bake negoziazioak nahi zituen, baina erregimen iraniarrak, inbasioarengatik mendekua hartu nahian, ez zuen mahaira esertzeko eskaintza onartu. Bere partetik, Reaganek bakea sinatzeko ordua heldua zela erabaki zuen. 1988ko apirilean armada estatubatuarrak iraniar flota suntsitu zuen, eta uztailaren 3an, 290 iraniar zeramatzan hegazkin bat eraitsi zuen –ofizialki kaza iraniar batekin nahastu zutela adierazi zuten, nahiz eta begi-bistakoa izan hegazkin hura kaza bat baino askoz ere handiagoa zela–. Ondorioz, Jomeinik bakea onartu zuen 1988ko abuztuaren 20an.

Soldadu iraniarra Sadamen argazkia sastakatzen.

Gerra honek izan zituen ondorioak anitzak dira, baina hauek laburbiltzen saia gaitezke. Izan ere, Ekialde Hurbileko aferetan gertatu ohi den bezala, gerra honetan karta ezberdin asko jokatzen zituzten hainbat jokalarik hartu zuten parte; eta ongi erakusten digu nola nahasten diren Europa, Afrika eta Asia lotzen dituen eskualde honetan interes ekonomiko eta geoestrategiko internazionalak bertako gatazka etniko-erlijiosoekin.

Preso irakiarrak Iraneko kontzentrazio esparru batean.

Irani dagokionez, gerra hau Iraniar Iraultzak jasan duen frogarik gogorrena izan da. Erregimen berriak, oraindik bere oinarriak eraiki gabe, zortzi urteko gerra bati egin zion aurre, eta nahiz eta gerra ez irabazi –azken finean, presio estatubatuarrak bakea onartzera behartu zuen Iraniar gobernua–, gatazkatik indartuta irtetea lortu zuen. Kanpo politikari dagokienez, jaioberria zen Errepublika Islamikoak bere indar militarra eta erresistentzia gaitasuna erakutsi zuen. Barnealdean aldiz, lider berriek gerra ahaleginaren aitzakia edozein disidentzia mota zapaltzeko eta kontrol politikoa buruzagi erlijiosoen eskuetan erabat jartzeko erabili zuten.

Iraki dagokionez, Sadamen egoera asko ahuldu zen. Teorian Irak Ekialde Hurbileko potentzia handiena bilakatu behar zuen garaipen militarra sekulako porrota bilakatu zen, eta erregimenak kritika asko jaso zituen hiritarren artean. Gatazkak Sadamen erregimenak etorkizunean izango zuen bilakaera ere markatu zuen. Iranen jaso zuen porrotaren oroipena ezabatzeko, 1991an Kuwait inbaditu eta bere egin zuen, bertako petrolio ustiategiak bereganatzeko, baina oraingo honetan lehen bere aliatuak izandako AEBek gerra deklaratu zioten. Hortik aurrera, Sadam estatubatuarren etsai publikoetako bat bilakatu zen, 2003ko martxoan Irak inbaditu eta bere erregimena erail zuten arte, Iraken gaur egun jarraitzen duen gudari hasiera emanez.

Iraniar soldaduen hilobiratzea.

1986ko urriaren 5ean Nikaraguan sandinistek Contrarentzat armak zeramatzan hegazkin estatubatuar bat derribatu zuten. Pilotuak CIAk kontratatu zuela onartu zuen, eta denbora gutxira “Iran-Contra” izena jaso zuen afera hau AEBetako historiako ustelkeria istilu nagusienetako bat bilakatu zen. Bertan inplikaturik zeuden inteligentzia agente eta militarrek Reagan presidentea defendatu zuten, azken honek operazioaren inguruan ia ezer ez zekiela argudiatuz. Nahiz eta aitzakia itxura izan, posible da zati bat behintzat egia izatea, urte haietan gero eta nabarmenagoak zirelako presidenteak pairatzen zuen alzheimerraren sintomak. Dena den, behin estatubatuarrek gatazka honetan –eta beste askotan– izan zuten papera ikusita, nabarmena da potentzia handienak ere askotan bere interesen eta estrategien biktimak izan daitezkeela, teorian defendatzen dituzten balioen gainetik dagoen hipokrisia agerian utziz.

Mundu mailan, Iraniar Iraultzak sekulako eragina izan zuen mundu islamikoan. Islamak mobilizazio gaitasuna berreskuratu zuen; eta hori aitortzen dute hurrengo urteetan sortu ziren alderdi eta mugimendu islamistek. Adibidez, Egipton islamistek Israelekin bakea mantentzearen alde zegoen estatuburua eraili zuten 1981ean; 1982an Sirian Hafez al-Assadek armada erabili behar izan zuen Anaia Musulmanak erakunde islamistak eragindako altxamendu integrista bat erreprimitzeko; Afganistanen, erregimen sozialistaren aurkako mugimendu gerrillari islamistak agertu ziren; Algerian, 1992an, Salbaziorako Fronte Islamikoak erregimen sozialistaren aurkako protestak kapitalizatu zituen, Armadaren erreakzioa eta, ondorioz, 100.000 hildako utzi zituen gerra zibila eraginez.

Bukatzeko, eta aurretik adierazitakoa ikusirik, argi dago Iran eta Iraken arteko gerrak, Ekialde Hurbilean Aro Garaikidean gertatu den gatazkarik odoltsuena izateaz gain –gogora dezagun milioi bat lagun hil zirela bertan–, eskualde hartako geopolitika betirako eraldatu zuela. Gerra honen emaitza ezberdina izan balitz, mundu mailan hain estrategikoa den eskualde hura eta, ondorioz, gaur egun ezagutzen dugun mundua ere oso bestelakoak izango lirateke.

Ekialde Hurbileko gerra odoltsuenaren 40. urteurrena