Egonean egoteak balio ez duenean

“Nire begien aurrean ari da gales hizkuntza galtzen. Baikor izaten saiatzen naiz, baina egunerokoan gero eta gutxiago erabiltzen dut”. Lyn Lewis Dafis, Galesko Liburutegi Nazionaleko arduradunetakoa da, hain zuzen ere, galesaren aldarriaren bihotza den herrian, Aberystwyth-en.

Lyn Lewis Dafis (eskuinean), Galesko Liburutegi Nazionalean.
Lyn Lewis Dafis (eskuinean), Galesko Liburutegi Nazionalean.

Hizkuntza gutxituetako kide asko bezala, euforia eta porrotaren arteko mendi errusiarrean eseri ohi da Lyn Dafis. Tamalez, ezkortasunerako arrazoiak eman dizkiote, egunerokoak ez ezik, datu gordinek ere; hiztunak galtzen ari da Aberystwyth herri nagusi duen Ceredigion eskualdeko arnasgunea. “Beste norbaitengana jo beharko duzu baikortasun bila”, apal aitortu du Lyn-ek, itxaropenerako zirrikitua ireki aurretik, “gauzak aldatu daitezke, baina politikariek zein hiritarrek horretarako nahia izan behar dute”.

Zenbaterainokoa da galesaren egoera kezkagarria? Lagin ñimiñoa bezain adierazgarria da Aberystwyth-eko liburutegi komertzial batera jotzea, Waterstone’s-era, kale nagusian. Apaletako kartelak elebitan daude,  baina liburuak ingelesez. Guztiak, Galesko gaiei buruzko apaleko apur batzuk salbu, eta haurrentzako saila. Erakusmahaiaren bestaldetik, dendako arduradunak, harriduraz erantzun du: “Galesez zenbat liburu saltzen ditugun? Ehuneko  bat edo bi, haurrentzako liburu bila datozen gurasoek”.

Lyn bezalako galesdunek baikortasuna Waterstone-etik bi minutura aurkitu behar dute. Kalexka izkin batean dago Inc liburutegi txikia, galesezko argitalpenetan espezializatua. Apal horietan gorde dira, Welsh Books Councilen datuen arabera, 2013an galesez argitaratutako 473 liburuetako batzuk. Argitalpen asko dira ala gutxi? Orain dela 25 urte bezain beste. 1990ean 479 liburu atera ziren inprentetatik galesez, iaz baino sei gehiago.

Alarma gorria: hiztunak galtzen ari da

562.000 hiztun ditu galesak,  biztanleriaren %19 erabiltzeko gai omen da, eta status ofiziala dauka 2011tik. Hau da, euskararen tamainakoa, kantitatez eta dentsitatez, baina hizkuntza politikei berandu ekin diete. Inertziari utzita, ordea, ia egonean egonda, politika linguistiko indartsurik gabe, gorriak ikusiko ditu ingelesaren aurrean. Hiztunak galdu egin ditu azken hamarkadan (-%2), Office for National Statistics-en 2012ko datuen arabera. Galesaren arnasguneak ahultzen ari direla erakutsi zuen ikerketak, hegomendebaldean bereziki -Aberystwythen barne- baina baita iparraldeko gotorlekuetan ere.

2001 eta 2011ko OFNsren hizkuntza dentsitate datuen alderaketa (osorik ikusteko):

Galesa

Cymdeithar yr Iaith hizkuntzaren alde 1962tik borrokan dirauen presio taldea da. 1.000 militante inguru ditu, 250 modu iraunkorrean. 1970eko eta 1980eko hamarkadetan, errepide seinale elebidunak eta S4C telebista katea dira erakundeak egindako presioaren garaipen gogoangarrienak. Robin Farrar (28) erakundeko burua da , eta Aberystwyth-eko trasteleku tankerako bulego nagusian hartu du ZuZeu. Izotza baino hotzagoa da eskaintzen duen bostekoa. Militantzia kide batzuen arabera, ekintzetan irmoa bezain kaskarra da alor komunikatiboan.

Sorpresa izan zen hiztunak galtzea?

R.F: Ez. Arrazoi asko daude egoera zaila ulertzeko, baina, funtsean, hizkuntza politiken porrota da. Esparru horretan eragin eta bultz egin dezake Cymdeithas-ek politikak alda daitezen. Horregatik, emaitza horien ondotik politikak aldatzeko adierazpena argitaratu genuen. Milaka laguneko manifestazioak egin genituen. Birritan elkartu gara lehen ministro Carwyn Jones-ekin. Denbora pasa ahala argi gelditu da Gobernuak ez duela ezer egin krisiari aurre egiteko. Gauzak horrela, ekintza zuzenari ekin diogu gure sei puntuekiko arreta deitzeko.
CyI-k berriki egindako ekintza

Hauek dira 2013ko uztailean Cymdeithas yr Iaith-ek adostutako sei aldarrikapenak:

  • Hezkuntza galesez guztientzako
  • Komunitate mailako plan sistema, etxebizitza politikak hizkuntzaren alde erabiliz
  • Hizkuntzaren finantziazioa haztea
  • Hizkuntza eskubide argiak, estatus ofiziala praktikan jartzea
  • Gobernuko sailek Galesez lan egitea
  • Garapen jasangarria datozen belaunaldientzako, hizkuntzaren etorkizun osasuntsua barne

Sei puntu horien aldeko kanpaina baketsu bezain erradikalean jo eta ke dabiltza militanteak. Farrar bera ere birritan atxilotu dute gobernuaren eraikinetan pintadak egiteagatik. Galesko asanbladaren atarian kanpin dendekin gauak pasa zituzten, apirilean, eta gose grebara ere jo dute. Hizkuntza afera agendaren erdian jarri asmo dute, eta sei puntuak ezartzea. Estatistika kezkagarriak akuilua izan dira, Cymdeithas berriz indarrez martxan jartzeko. Beste egitasmo batzuk ere hasi berri dituzte gizarte mugimenduek, Ras yr Iaith, hizkuntzaren aldeko Korrika adibidez, Aberystwyth-etik zehar.

Nolako egoera nahiko zenuke galesarentzat 2020an?

(itzulpena: Begotxu Olaizola)

Aldarteak eta diruak

Carwyn Jones-en Gobernu Laboristari epelkeria egozten diote hizkuntzaren aldeko aktibistek. Normalizaziorako tresnak izan arren, babes instituzional nahikorik ez ematea. Ingeles hizkuntza orohartzailearen aurrean larru gorritan uztea, alegia. Halere, azken hilabeteetan garaipen txikiak eskuratu ditu Cymdeithas-ek. “Erantzutera behartu ditugu”, azaldu du Robin Farrarek, “eta eztabaida bera baldintzatzea lortu dugu”. Izan ere, protestak eta gero, ekainean, Carwyn Jonesek hizkuntzaren normalizaziorako 1,6 milioi librako inbertsioa iragarri zuen, datozen bi urteetarako. Ministroa jendaurrean iragarpen horrekin agertu izana presioaren erantzun gisa hartu du Cymdeithas-ek, nahiz eta diru hori gutxiegi dela iritzi. Diruaren tamainaz jabetzeko, adierazgarria da datu hau: soilik IKT Informazio eta Komunikazio Teknologietan euskara sustatzeko Jaurlaritzak  1,46 milioi euro esleitu zituen 2012an, eta, orotara, euskara sustatzeko 102 milioi 2014an.

Hiritarren borondateez gain, normalizaziorako lagun boteretsua da diru jauna. Finantziazio ekonomikoaren datuak mahai gainean jarrita sumindu egiten da Elin Jones, Aberystwytheko unibertsitateko irakaslea. EAEko eta Galesko egoerak alderatzen ditu. Mahai gainera datoz sentimendu behinenak: “25 urtean Euskal Herrira joan naiz. Gauza etsigarriena hori da guretzat. 1980ko hamarkadan bi herrialdeetako egoerak alderagarriak ziren, baina orain euskaldunak beste esparru batean dadude, eta gu atzo konturatu ginen hizkuntza plan bat zer zen”.

“Eskularruak kendu eta hizkuntza politikan hain adeitsu izateari utzi behar diogu”, Iolo ap Dafydd kazetariaren ustea da, “politikarien izenak eman eta lotsarazi egin behar ditugu. Ez dute hitza bete eta hizkuntzaren alde piperrik ere egiten”. BBC Waleseko kazetariak Cymdeithas-ek 1970-1980 hamarkadetan izandako jarrera txalotu du, “erakunde eredugarria eta indartsua zen”, baina ordutik belaunaldi bat galdu egin dela uste du, “eta beste esparru batzuetako aldarrikapenetan sartu da”. Helburuen itxurazko nahaste horrek garai bateko ospea higatu duela iritzi dio Ap Dafyddek. Ildo beretik, “erosotu egin gara”, uste du Sion Jobbins, Ras yr Iaith (Galesko Korrika-ren) sustatzaileak, “1993ko Hizkuntza Akta eta Asanblada Nazionala onartuta dena eginda zegoela uste izan genuen”. 1993ko dokumentu horren arabera, sektore publikoan maila berean egon behar dira galesa eta ingelesa, “arrazoizkoa eta praktikoa den heinean”.

Galesaren sustapenaren egoerari buruzko kezka orokorrak kezka, Elin Jonesek ere baikortasunerako leihoa zabaltzen du noizbehinka: “Egin dugun gauza hoberena eskoletan sartzea izan da, ingeles hutsak ziren haurrak galesez heziz. Harrotzeko moduko lorpena da”. Haur eta gazteen %20 inguruk galesez ikasten du, 2000 urtean baino %2 gehiagok. Gainontzekoek bigarren hezkuntza bezala ikasten dute galesa, EAEko ‘A’ ereduaren moduan. Euskararekin bezala, nabarmena da, ingeles handinahitsuaren aurrean galesa eskolara mugatzeko arriskua (Cardiff-eko ikasle baten irudipenak: The Welsh As I See It).

Aberystwyth-eko zubi honetan gertatu zen Galesaren berdintasunaren aldeko lehenbiziko ekintza baketsua
Aberystwyth-eko zubi honetan gertatu zen Galesaren berdintasunaren aldeko lehenbiziko ekintza baketsua

Hiztunen gaur egungo datuak hor daude, galesa osasun hauskorrean egonkor dagoela ebazteko. Unesco-ren arabera, arriskuan dauden hizkuntzen artean galesa onenen artean dago, euskararen maila berean. Zilborretik ingurura begiratuko balute ere pozik egoteko arrazoiak aurkituko lituzkete, gainontzekoen gaitza norberaren bozkario izatea inozoa den arren. Anaia-arreba zeltiarrak, kornubiera, bretainiera, Eskoziako gaelikoa eta irlandera egoera okerragoan daude.

Hizkuntza gutxituetako hiztunek ongi dakite zein nekeza den estres linguistikoari baretasunez erantzutea, analisi objektiboak egitea, eta, ondorioz, bizi ala irautearen artean hautatu beharra. Batzuetan, kezkaren mendi errusiarrak hondoa jotzen du, Lyn Lewis: “nekatuta gaude esne bila goazen bakoitzean borroka linguistikoa egiteaz. Normalak izan nahi dugu“. Etsipenak tarte batez alboratzeko eskatuta, mendi errusiarrean gora hauspotuta, Elin Jones: “Gales hiztunen artean energia handia dago eta ez dugu berehalakoan etsiko. Milioi erdi hiztun gara. Ez da beranduegi“.

(Hurrengo artikuluan: hedabideak eta teknologiak galesez…)

Galesi buruzko lehenbiziko erreportajea: Eskoziako erreferenduma badator, eta Galesen zer?

 

cardiff, cymdeithas, ez, Gales, galesa, gutxitua, hizkuntza, hiztunak, wales, welsh, zeltikoa
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Egonean egoteak balio ez duenean”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude