Donald Trumpen alimaleko 6 arazo

Donald Trumpen alimaleko 6 arazo –

Estatu Batuak inoiz baino banatuagoak daude. Beltz ala zuri, ez dago erdibidekorik. Edo Trump erotzat hartzen duenen taldekoa zara ala Trumpen zale borrokatua. Halaxe izan zen hauteskundeak irabazi zituenean, eta hala izaten segitzen du, baina, orain arazoak pilatu eta pilatu, geroz eta gutxiago dira presidentearen aldekoen otarrekoak. Zeintzuk dira baina Trumpi pilatu zaizkion auziak?

Donald Trumpen alimaleko 6 arazo

1- Errusia

Geroz eta nabarmenagoa da Donald Trumpen hauteskunde taldearen eta Errusiarean arteko elkarlana azken AEBtako hauteskundeetan. Duela astebete inguru jakin genuen Trumpen seme zaharrena Clintonen aurkako informazioa pasatuko zion errusiar abokatu batekin bildu zela. Azken kolpe honen ostean inor gutxi atera da Etxe Zuriko buruaren alde. Izan ere, Donald Trump Jr-en emailetako informazioa larria da, frogatzen baitu kanpainako estrategia arduradunek gezurra esan dutela. Inteligentzia agentziak ikertzen ari dira kasua, eta Time aldizkariak uztailaren 24eko alean dioen legez: “Txarra dela badakigu dagoeneko, baina zenbateraino?”


Donald Trumpen alimaleko 6 arazo

2- Osasun sistema kinkan

Trumpek Barack Obamak martxan jarritako Osasun Sistema Eskuragarrirako legea bertan behera uzteko ahaleginean kale egin du. Izan ere, demokrata eta geroz eta errepublikar askorentzat, Obamacare delakoa kentzeko ez du alternatiba zehatzik proposatu. Alta, proposatu duen zirriborroak Obamacare polemikoak baino are babes gutxiago lortu du. Kontuak kontu, astelehen honetan errepublikarren oposizioa publiko eginda, honakoa da Trumpen lehen porrot politiko nabarmena.

Donald Trumpen alimaleko 6 arazo

3- Mexikoko horma

Donald Trumpen kanpainako mezu nagusia izan zen Mexikoko mugako hormarena. Egin egingo zela eta Mexikok berak ordainduko zuela zioen presidentegaiak orduan. Gainera obrak ekainean hasiko zirela promestu zuen. Baina ekaina pasa zen eta obrarik ez da hasi. Diotenez, irailera atzeratu dira murruaren eraikuntza lanak. Nolanahi ere, hedabide kontserbadoreetako iritzi sortzaile asko urduri jartzen hasiak dira gai honekin. Bete gabeko promesa bat da, pisuzkoa Etxe Zuriarentzat.

4- Aldaketa klimatikoa

Etxe zuriko Zientzia eta Teknologia bulegoa hutsik dago. Ekainaren amaieran utzi zuten bere postua bulegoko azken zientzialariek. Obamak zituen 9 adituetatik bat bera ere ez da geratzen dagoeneko.


Beste gaietan bezalatsu, harrokeriaz, aldaketa klimatikoa gizakiek sortua dela ukatzen segitzen du AEBtako presidenteak. Aitzitik, gai honetan ere bakar bakarrik ari da geratzen. Estatu Batuetako komunitate zientifiko osoak aho batez onartzen baitu gertatzen ari den aldaketa lazgarria. Munduko gainerako potentziek ere Pariseko ituna berretsi dute, Trumpek Europara egindako bisita probestuz.

5- @realDonaldTrump


Aldeko sutsuenek ere (FOXeko leizea) ez dute begi onez ikusten Donald Trumpen sare sozialen erabilpena. Bere agenda politikoaren aurka egiten duela diote Rush Limbaugh eta enparauek. Bestalde, demokraten zein hainbat errepublikarren aldetik auzitan da magnatearen presidentzialtasuna. Egiten duen twitterren erabilpen baldarra ez da AEBtako buruzagi baten mailakoa, hauen ustez. Tira, ez da egun bat igarotzen Trumpen txio bat albiste izan gabe.

6- Hedabideen -“Fake News”- aurka


Donald Trumpek hedabideak gutxietsi eta erasotu ditu. Presidentearentzat gustatzen ez zaion oro, bere aldekoa ez dena, “fake” da. Fox katea eta bere ingurukoak salbu, gainerako guztiak aurrez aipatu arazoak behin eta berriz haizatzen ari dira. Eta arazoak konpondu beharrean pilatu eta pilatu ari zaizkio. “Fake News!” oihukatzeak ez ditu arazoak konpontzen.

Donald Trumpen alimaleko 6 arazo

Ekaitza bainuontzi batean

Zer duzu buruan “Donald Trumpen alimaleko 6 arazo”-ri buruz

  • joseba garcia 2017-07-18 12:42

    “XXX hedabideak gutxietsi eta erasotu ditu. XXX gustatzen ez zaion oro, bere aldekoa ez dena, “fake” da.”

    Ze kabroia Trump presidentea! Baina benetan, ze kabroia!