Distopiak

Distopiak –

Goizalde Landabasok Berria egunkarian.

DistopiakEmakumezko ahots batek errealitate apokaliptikoaz abisua ematen du Terminatorren garaian biziko balitz bezala. Bihar, ohartarazten du, eta halako batean katastrofe izugarria bizi dute, berak eta bere belaunaldikoek, nire etxe azpian. Bai, etxe azpian errodatutakoa da iragarkia, dena zuri-beltzean. Etorkizun ezin okerragoa irudikatzen digute. Modan daude distopiak. Ni, ordea, dagoeneko nazkatu egin naiz eta koleratu baino ez naute egiten. Ezin uka askoren utopia dela distopia. Badakit, jakin, krisi klimatiko betean gaudela, pandemiaren hondarretan, hor kanpoan gerrak daudela, emakumeen kontrako indarkeria (hau barruan eta kanpoan), argindarraren krisia, kamioilariak, prezioen gorakada… Ez dut xalotasunez baztertzen distopiarik. Ez da hori. Kontua da etorkizunaz ematen diguten irudi interesatu hori, itxaropenik bakoa, aukeretatik okerrena, eta horrek denak gugan gizabanako/herri edota gizarte bezala eragiten duen ezintasun immobilizatzailea. Hots, batzuek hainbeste maite dituzten egoera distopiko horiek izan litezkeen etorkizun posible guztietatik aukera bakarra erakusten dutela; okerrena.

Marina Garces filosofoak bezala, nik ere ez dut utopietan sinesten. Distopiak bezain galgarriak iruditzen zaizkit; galgatik eta galtzetik. Beste mundu posibleetan sinesten dut, aldaketetarako gaitasunetan, Pepe Mujicak aipatzen zuen garaipen horren aldeko naiz: jausi eta goratu eta jausi eta goratu eta jausi, eta goratu. Hori baita bizitza; lehen, orain, eta, ziurrenen, gero. Eta altxatzeko aukera oro suntsitzen badugu modako distopiekin, burmuinetan sortuko ditugun ezintasunak egonkortu besterik ez dugu egingo. Uste dut itxaropena merezi dutela hurrengo belaunaldikoek; gutxienez, aukera anitzeko etorkizunak. Bai, aitortzen dizut, ni ere distopia kontsumitzailea izan naiz, gainezka egin didaten arte. Honezkero ez ditut ikusten, ez ditut entzuten. Zarata antzu lar eragiten dute.

Distopiak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Distopiak”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2021-11-26 12:21

    – Sexua, egitate biologiko eta kategoria juridiko gisa, erabat ahaztu eta legerietatik ezabatu; horren ordez, hamaika “genero” autodefinitu, lauso eta frogaezin legeetan aitortu eta jaso.

    – Eskolan neska-mutikoei esplikatu, sexu biologikoa gorabehera, “neskak bezala” portatzen badira neskak direla eta “mutikoak bezala” portatzen badira, berriz, mutikoak.

    – Buruko eritasunak eta sindromeak tratatzeko, hormonazioa eta zirugia. Baita adin txikikoekin ere.

    – Emakume kirolariak lehian, beren burua emakumetzat daukaten gizonezko kirolariekin. Emakume presoak, zelda konpartitzen beren burua emakumetzat daukaten gizonezko gaizkileekin. Emakume eta neskak, beren komun eta aldageletako ateak zabaltzen gonaz janztea gustatzen zaien gizon fetixistei.

    – Derrigorrezko ikastaroak lantegi eta ikasguneetan, zeinetan sexu dimorfismoaren egitate biologikoa ukatzen den eta norberaren genero-autodeterminazio librea goresten.

    Niri, hori guztia eta gehiago, ciberpunk nobela distopiko baterako oso material ona iruditzen zait.