Dimentsio berria lantzen

Dimentsio berria lantzen –

Azaroan jarraitu ahal izan nituen Jorge Riechmannen hitzaldiak Gasteizen, Errenterian eta Bilbon. Sakona, aberatsa eta adoretsua bere ekarpena. Hiru gai azpimarratuko ditut hemen eta jarrera bat.

Dimentsio berria lantzen
Arg: Marisol Ramirez (FOKU / BERRIA)

1.- Genozidiora eta ekozidiora doan bidean sartzen ari garela onartzeko ausardia behar da. Baina sartuak gaude jadanik. Nekropolitika martxan dago jada. Adibideak: George Floidek “ezin dut arnasa hartu” esaten zuen poliziaren bota lepoan zuela, baina bota horrek Trumpen inguruko mugimendu supremazistaren babesa zuen; Bolsonaro arnasarik gabe uzten ari da Amazonia, deforestazioarekin oihana oxigeno eta urik gabe utziz, eta nazio indigenak heriotzara kondenatuz; Ruanda, Afganistan, Irak, Siria, Palestinako gerrak koltan, petrolio, uraren jabetza justifikatzeko egiten dira; Mediterraneoan hildakoak zer dira? Hilak edo erailak? Eta nor da hiltzailea? Europarron bizimodu eta maila babesteko legitimoa al da hiltzea? Gertuago oraindik: COVID-19arekin hil diren milioitik gora pertsonak zer dira hilak edo erailak? Iragan hurbileko edo oraintsuko adibideak dira, baina gertu dugun geroa are ilunago dator. Ezjakinarena egiteak ez du balio.

2.-Lur planetan bizitza dagoenez geroztik (3.800 milioi urte) gure egunotan gertatzen ari da biodibertsitatearen seigarren suntsipen handia, orain arte izan direnak baino handiagoa. Hortik etor daitezkeen pandemietatik aparte, suntsipen horrek azkartu egin du aldaketa klimatikoa, eta honekin azkartuko da biodibertsitatearen suntsipena. Eta honekin giza bizitza eta bestelako bizitza mota asko bide berean gaude…. Eta eransten dut: biodibertsitatearen seigarren suntsipenarekin batera ematen hari da giza hizkuntzen lehen suntsipen erraldoia. Unescok hala dio: milaka hizkuntza (euskara tartean) desagertzeko zorian daude, eta hizkuntza handiak informazioaren kaosarekin eta manipulazioarekin degradatzen ari dira. COVID-19a dela eta, Leonard Boff askapenaren teologiaren pentsalariak baieztatzen zuenez, Abya Yalako hizkuntza batzuk hiztunik gabe geratzen ari dira.

3- Beharrezkoa dena ezinezkoa dirudienean, eta behin eta berriz gurpil-ero horretan katramilatzen garenean, ordua da beste dimentsio batera jauzi egiteko. Hauxe da jauzi horretarako unea. Kapitalismo globalizatuan ezin dira krisi hauek konpondu, baina kapitalismo globalizatua gainditzea ezinezkoa begitantzen zaigu. Orduan beste dimentsio batean kokatu behar ditugu geure buruak eta geure gizarteak. Zer da dimentsio berri bat? Zein da behar dugun dimentsio berri hori?

Dimentsio berri bat –funtsean begirada berri bat–, zer den adibide batzuekin azalduko dut. Inaki Antigüedadek eta Ane Zabaletak, Martin Ugalden egin zen Petxarromanen liburuaren aurkezpenean, esaten ziguten: erreka begiratu beharrean arroa begiratu behar dugu. Arroa gabe erreka ez da ezer. Carlos de Castrori irakurri diot arbolak banan bana begiratzea eta basoa osotasunean begiratzea ez dela berdina. Arbolaz arbolaz begiratuta ez ditugu ikusten arbolen arteko koordinazioak, sinbiosiak, lurrarekin duten harremana, ebapotranspirazioen neurria. Areago joanda, bizitzaren historia guztia holako unez beterik dago. Molekula oso konplexuetatik bizitza, hau da, autopoiesia duten bakterioetara jauzia; nukleorik gabeko bakterioetatik bakterio nukleodunetara; oxigenorik gabeko bizitzatik (anaerobioak) oxigenoz bizitzen diren aerobioetara; bakterio unizelularretik bakterio plurizelularretara; konplexutasun gutxiko organismoetatik (zelula mota desberdin gutxirekin) zelula mota desberdin asko (odola, giltzurruna, neuronak, biriketako zelulak eta abar) duten organismoetara (animaliak, kasu). Baina kasu guzti hauetan dimentsio berriak ez ditu deuseztatzen bizitzaren aurreko pausuak. Gu geuk, gizakiok, gure bizitzarentzat ezinbestekoak diren birus, mikrobio unizelular eta plurizelular desberdinak, funtzio berezi desberdinak duten organoz, eta garen osotasunean (gure hit zegiteko, ugaltzeko, eta naturarekin energia-materia metabolismoa izateko dugun ahalmena), dimentsio guzti horiek presente daude gugan. Historiak era ematen ditu horrelako adibideak. Ez luzatzeagatik kasu bat azpimarratuko dut: Karlos Marxek, dimentsio berri batean, begirada berri batean jarri zituen ordura arteko Ilustrazioak marraztutako ortzi-muga demokratikoak: lanaren esklabotzan dagoen pertsona demokraziatik egotzita dago. Feminismoak ere begirada aldaketa izugarria ekarri digu, emantzipazioaren beste dimentsio bat eskaini digu. Gauza bera esan daiteke Lynn Margulisek bizitzaren sortze, ugaritze, iraupenean, eta bizitzaren beraren oinarrizko baldintzak sortzean sinbiosiak, koordinazioak eta elkarlaguntzak izan duten papera agertzean eta Gaiaren osaketaren oinarriak jartzean bizitzak duen papera argitzean, egin duen ekarpenagatik. Begirada berriak egoera limite batean kokatzen garenean.

Eta zein da gaur egun behar dugun dimentsio, begirada berria? Begirada hori osatzen ari da esperientzia praktikoz eta gogoeta intelektualez, eta lan hori giltzarria da geroa duina lortu ahal izateko. Funtsean, ni ikusten hasi naizenez, hauxe da: gizarteari buruzko begirada Gaiaren dimentsioaren barnean jartzea. Ez da soilik sistema kapitalista azti-ikasle miserable bat bezala Natura desegiten ari dela. Ez da soilik eurozentrismoa gainditu behar dela. Ez da soilik androzentrismoa gainditu behar dela. Orain eta premiaz, antropozentrismo bera da gainditu behar duguna. Bat gara bizitza guztiarekin, bakterioetatik hasi, onddo eta algekin segi, landareak eta arbolak, eta azkenean, etorri berriak diren animali ugaztunekin segi eta azken etorria Homo espeziearekin, eta berri-berri eta erotuta dagoen Homo sapiens-arekin bukatu. Bizitzaren kate orekatua da dimentsio berria. Hortik abiatuta ezinbestekoa bihurtzen da deskarbonizazioa, desnuklearizazioa, deshazkundea, hiri-metropoli erogarriekin amaitzea, zaintzaren uholdea, bizitza erdigunean jartzea, berdintasun sozioekonomikoa, bakoitzaren garapen sortzaile bizigarria, harrokeriazko luxua deitoratzea, umiltasun intelektuala, munduko herri kultura guztien artean elkarrekin landutako gogoetak, maitasun sentimendu askatzaileak… eta horregatik behar dugu bizitzaren hizkuntza eta hizkuntzen bizitza gure eguneroko praxia bihurtu.

“Biodibertsitatearen galera eta hizkuntzen galera eskutik doaz. Lehena bizitza biologikoaren kolapsoa da, bigarrena giza gogoaren kolapsoa. Eta biodibertsitatea ezinbestekoa bada bizitzaren iraupenerako, hizkuntz-kultura aniztasuna ezinbestekoa da gizakion hitz egiteko ahalmenaren iraupenerako”

Dominazioan, lehia krudelean, hierarki umiliagarrian, insolidaritate itogarrian… oinarrituta, txertatu dizkiguten desio-sistema pozoitsuak erauzi behar ditugu. Gizakiak eta natura dominatzeko eraikitako pentsamendu sistemak eta horiekiko dugun sineskortasun inozoak eta fantasia ustelak deserrotu behar ditugu. Dena, gure pentsamenduak eta sentimenduak, antolakuntza eta egitura sozialak, harremanetarako harresiak, dena, ezbaian jarri; eta begiratu ea desberdintasun eta dominazioaren zama areagotzen duten edo berdintasun eta elkarrekiko zaintzaren eta bizitza askearen indarra areagotzen duten. Aukeratu beharra dago: heriotzaren (zehatzago oraindik erailketaren) isiltasun derrigortua edota bizitzaren hizkuntz askea. Adibidez? Publizitatea da desira nekrotikoen agerpen lizuna. Desira nazkagarrien ekoizpen fabrikak. Colgateren anuntzio inozo bat ikusten ari nintzela nire buruarekin harritu nintzen. Honela zioen: “¿Tiene usted la boca llena de bacterias? No se preocupe. Colgate eliminará todas las bacterias de su boca”. Hori entzun eta sutan jarri nintzen, etxean nengoen, suabe baino oihuka: “Colgate hiltzaile!”. Izan ere bakteriorik gabe ezin gara bizi… Desiragarria da… errepasa ditzagun gure desio guztiak, gure desioen sistema! Petrolioaren eta koltanaren jabe izateko Irak-Afganistan edo Ruandako gerra bat egitea justifikatzen bada, Amazonia suntsitzea progresoaren ikurra bada, nola ez ditu Colgatek bakterio guztiak akabatuko!

Biodibertsitatearen galera eta hizkuntzen galera eskutik doaz. Lehena bizitza biologikoaren kolapsoa da, bigarrena giza gogoaren kolapsoa. Eta biodibertsitatea ezinbestekoa bada bizitzaren iraupenerako, hizkuntz-kultura aniztasuna ezinbestekoa da gizakion hitz egiteko ahalmenaren iraupenerako. Horrela bada, hala nola Lur planetako biodibertsitate biologikoa ezinbestekoa den bizitza beraren iraupena bermatzeko, modu berean gizakion munduaren hizkuntzen aniztasuna eta bizitasuna ezinbestekoa da hitz egiteko ahalmenaren iraupena bermatzeko. Biodibertsitate biologikoaren eta aniztasun linguistiko kulturalaren defentsa batzea ezinbestekoa da: Natura osasuntsua eta Giza Gogoa osasuntsua, ahalegin beraren bi aldeak dira.

Eta jarrera bat. Jorge Riechmann, beste lan askoren artean, “ekosozialismo oinuts” liburua idatzi zuen, Ecologistas en Accion eta Extincion Rebelion mugimenduko partaide da Madrilen, eta duela hilabete batzuk mugimendu horren ekintza batean atxilotua izan zen. Ametsak ditu baino ametsak-egitea da bere ahalegina.

Babeleko Dorrean gaude, Nahasketaren Dorrea. Bizitzaren hizkuntza eta hizkuntz aniztasunaren bizitza dira Horroreen Dorre hori eraisteko tresna printzipalenetako bat.

Dimentsio berria lantzen
Dimentsio berria lantzen
Dimentsio berria lantzen  Dimentsio berria lantzen
Dimentsio berria lantzen  Dimentsio berria lantzen  Dimentsio berria lantzen

2 pentsamendu “Dimentsio berria lantzen”-ri buruz

  • Benat Castorene 2021-01-01 19:03

    Joseba, nik bezain ongi dakikezu seguraz ere, baina erran behar zinuen Sozialismo erreala bera ere kapitalismoa bezain azti-ikasle agertu dela boterean den edo zen herrietan.
    Ulertzen baldinbadut dut zergaitik erraiten duzun antropozentrismoa gainditu egin behar dela , ezdakit egin behar den ezta zinez egingarria den ere. Ez ote ginuke lehen pauso batean imaginatzen ahal antropozentrismo umil, erantzule eta inteligente bat?
    “Begirada hori osatzen ari da esperientzia praktikoz eta gogoeta intelektualez” esaldia irakurrita, zure azken paragrafoa “eta jarrera bat” titulukoa nahikoa motz aurkitu dut eta gosearen gainean geratu naiz.
    Horiek horrela, milesker zure artikulu honentzat. Zure “altermondialista” hau interesgarria iduritu zait batez ere ikusi dutalarik titulu hau
    ” ¡Peligro! Hombres trabajando.: El trabajo en la era de la crisis ecológico-social” Ezdakit zerbait berri duzun hartaz.
    Garai hauetan lanari buruzko hausnarketa erabakigarria delako askoren ustez.
    urte berri on Joseba

  • Benat Castorene 2021-01-02 10:46

    Josebak aipatu korrente altermondialista honek kabitzen du neurri batean gure hizkuntza eta kulturaren biziraupenaren arazoa. Antropozentrismoa gainditu nahian eta herri-artekoa izan nahian, ez dut uste halere korrente horrek hizkuntzari eta elkarlanari emaiten duen, duela urte pare bat inguru zuzeun guk kibutzen hipotesian emaiten ginien lehentasuna.
    Nola nahi ere, iduritzen zait korrente altermondialistaren arrazoigarriak diten kezka eta xede asko bateragarriak direla irudikatzen entseiatu ginuen erreskate soluzioarekin, gehiago dena abertzaleen arazo eta xede propioekin guztiz osagarriak lirateke.
    Aurreikusten dugun errealitate ibilbide tragikoari aurre egiteko, sinplifikatuz gizakiok hiru portaera eta ekintza-norabide asma ditzakegu: indibiduala, kolektiboa eta politikoa. Hiruak ez doaz batere bat bestearen kontra. Baina lehena zaila eta eraginkortasun urrikoa da. Hirugarrena hau da politikoa zaila eta bakarrik hartuta hipotetikoa da, suposatzen baitu gehiengo eroso bat botere ezarrien kontra higiaraztea lortu behar dela.
    Azkenean, bigarren portaera eta ekintza- moduari dagokionez, kolektiboarena, hau da bere bizimodua konkretuki irauli nahi nahi lukeen talde guti edo asko handi batena, honek merezi luke arreta gehiago gure partetik.