Dena irakurtzen zuen gizonaren madarikazioa

Literaturak irakurlearen izaera eraikitzen omen du

Bazen behin den-dena irakurtzen zuen gizon bat; ez borondate hutsez, idatziriko edozein testu irakurtzera behartzen zuen kondena lazgarri bat zuelako baizik. Oraindik hitz egiten ikasi gabe, haurtzaroan, amari keinuak egiten zizkion jada, txutxumutxu aldizkarien orrialdeak azkarrago pasa zitzan. Hiru urte beteta, ez zen geratzen etxeko apaletan bere eskuetatik pasa ez zen libururik eta, orduan, barreneko gar ero baten bultzada inork geratu ezin ziola; etxetresnen gida liburuak, botiken prospektuak, zein janari poteetako etiketak irakurtzeari ekin zion. Odoleztatutako begiak, aurkitzen zuen edozein eraikuntza gramatikalen gainean paratzen ziren.

Bere irakurgaiak bukatu arte utzi ezinda, hain zen gogorra sufrimendua, hain bortitz eta eldarniagarria honen ohitura, ezen gurasoek, etxea, zeuden testu erako idazki guztiez hustu zuten (eleberri, egutegi, ordainagiri…) eta bera, atxikipena goretsiko zion ezer gabeko, horma zuriko gela biluzi batean sartu. Hala ere, gurasoak despistatu ziren egun batean, bere kartzelatik ihes egitea lortu eta kalera atera zen norabide jakinik gabe. Bere eskaratzetik metro eskasetara, hirian ireki zuten liburutegi berria topatzea nahi izan zuen patu ankerrak. Hala izan zen. Irakurle gaixoti hura han sartu zen bederatzi urteko gaztetxo zela, eta lau hamarkada oso milaka eta milaka liburu irakurtzen igaro ostean, 51 urteko heldu tamalgarri bihurtuta irten zen. Guztiz etsita, gizonak madarikazio horrekin amaitzeko era bakarra zegoela ikusi zuen eta, Edipo moderno baten gisan, bere eskuekin atera zituen begiak.

Ospitaleko ohean esnatu zenean iluntasun itsugarri batek zuen inguratua. Hutsune ulertezina nabari zuen garai batean bere begientzat zulo zirenetan, baina halaber, laster mila zatitan apurtu behar zen bake bat ere bai. Bere usain berezia nabarituta jakin zuen bere aita zaharra gelara sartzen zela eta hitz egiten hasi aurretik, ia entzun ere egin gabe, bere barrenerako aditu zion: “Ume zoro madarikatua… atsekabez hil zuen ama eta orain ni akituko nau eztarriko minbiziak berak baino lehenago”. Geroago erizaina iritsi zen, eta oraindik honek ere berari ezer esan aurretik, entzun zion hausnartzen: “Zergatik esnatu behar ote da tipo hau nire txandan?”. Eta doktoreak berriz, lasaigarri bat ziztatzen zion bitartean, egiten zuen gogoeta: “Ederra mauka zorigaiztoko honena”. Ikara bizkar hezurretik gora igo zitzaion kondena bat beste baten truke lortu zuela jakin orduko: idazkien zurrupatzaile kontsumatu izatetik, besteen gogoetan aurkitzen ziren perpausen ustekabeko irakurle bilakatu baitzen.

Hemen duzue originala

Egilea: Fotero del Panico
Itzultzailea: Zerdiok

Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Zer duzu buruan “Dena irakurtzen zuen gizonaren madarikazioa”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude