COP25ak porrot egin du berriro

COP25ak porrot egin du –

COP25ak porrot egin du berriro,

eta hamar urte baino gehiago dira jada…

 

“Nazioarteak aukera garrantzitsua galdu du krisi klimatikoari aurre egiteko, arintzen, egokitzen eta finantzaketan anbizio handiagoa erakusteko”. Ez dira klimaren aldeko ekintzaile baten hitzak, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusi Antonio Guterresenak dira. Susmagarria ez dena ere porrotaz mintzo da, orain arte beti esaten zutenean lortutako akordioa, edonolakoa izanda ere, positiboa zela. Zein txarra ote da hain garbi esateko…
COP25ak porrot egin du berriro

Ez da adostasunik egon karbono isuriak murrizteko konpromiso nazionalei dagokienez. Ez da aurrerapausorik izan zenbait gairen inguruko desadostasunen ondorioz, hala nola, emisioak murrizteko kuota nazionalak, klima aldaketara egokitzeko finantzaketa eta klima aldaketaren ondorioz gehien sufritzen duten baina karbono emisio oso baxuak dituzten herrialdeei laguntza ematea.

Aurtengo negoziazioen zati handi bat karbonoaren munduko merkatuen erregulazioaren alderdi teknikoen ingurukoa izan da, baita isurketen murrizketa herrialdeen artean orekatzeko moduaren ingurukoa ere. Parisko Akordioaren 6. artikulua atmosferara isurtzen diren berotegi efektuko gasak konpentsatzeko karbono dioxidoaren merkatuei buruzkoa da, baita herrialdeen eta enpresen artean isurketa eskubideak trukatzeko mekanismoak garatzeari buruzkoa ere.

Puntu hori zailenetakoa bihurtu da. Polonian iaz egindako COP24n ez zen adostasunik lortu eta beraz Madrilgo COP25ean adostu behar zen, baina horretan ere ez da ezer aurreratu.

Baina hau ez da artikulu bat gehiago. Berotegi efektuko gasen isurketen merkatua herrialde igorleen isurketetan murrizketak egon direla esateko tranpa bat da, baina, errealitateak erakusten du gero eta gas emisio gehiago dituztela. Mekanismo honek emisio kalkuluetan iruzur egiteko eta klima aldaketari eta haren ondorioei aurre egiteko dagoen konpromiso eza zuritzeko soilik balio du.

IPCCko zientzialarien arabera (NBErentzat klima aldaketa ikertzen duen aditu taldea), isuriak murrizteko egungo konpromisoekin, planeta 3 gradu baino gehiago berotuko da mende amaierarako, industriaurreko mailekin alderatuta, eta horrek Lurreko bizitza osorako hondamendi egoera bermatzen du.

Azterketa zientifikoetan oinarrituta, NBEk ohartarazi du 2020tik aurrera karbono isurketak %7,6ko erritmoan murriztu beharko direla urtero, berotze globala 1,5 gradutara mugatzeko helburua betetzeko.

Nola egingo da hori inolako konpromisorik gabe eta berotegi efektuko gasen isurien merkatua bezalako irtenbide faltsuekin?

COP25ak porrot egin du berriro

Ainhara Plazaola

ELAko Ingurumena arloa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude