Chavezen aurkako hedabideak pozik ‘padre de familia’ debekatu duelako

by teosollana
by teosollana

Chavezi ‘Padre de familia’ gustatzen ez zaiola irakurri dugu hedabideetan. Kapitulu batean familiako txakurrak, Brianek, marihuana legeztatzeko kanpaina bat abiarazten du. Hori horrela, telesailak substantzia horren kontsumoa bultzatzen duela erabaki du justizia ministerioak eta ondorioz, debekatu egin du. Telesaila emititzen badute, telebista kateek isuna ordaindu beharko dute.

Baina ‘Family Guy’ marrazkien ondoan, iaz, Chavezek Simpson familiaren abenturak debekatu zituela bildu dute Venezuelako presidentearen aurkako hedabideek. El País, La Razón, Abc eta beste hainbat komunikabideetan irakurri daiteke hori.

Egia ordea, bestelakoa da. Iaz, marrazki biziduenen familia ezagunenaren edukia haur eta nerabeentzat ezegokia zelakoan, emisio ordutegia mugatu zuen. Multak haurren ordutegian Simpsonak jartzen zituztenentzat ziren, ez Simpsonak emititzen zituzten kateentzat.

Bada gainera kapitulu bat, non Homerrek, “Re-elect Chavez” dioen tatuajea duen besoan. Ez dut uste titularretan bildu zuten gisan Chavezi gizarte amerikarraren kritika gordina egiten duten marrazki bizidunen aurka ezer duenik, baina batek daki!