Castrologia eta Castrofisika

Castrologia eta Castrofisika

Castrologia eta CastrofisikaAstrologia gizakien patua ezagutzea eta aurresatea, eta ezagutza horrekin etorkizuneko gertaerak iragartzea helburu duen sinesmen multzoa da. Astrologoek ezagutzara heltzeko astroen posizioa eta mugimendua behatzen dute. Zientzialarien ustez, astrologia zientzia-oinarririk ez duen sineskeria edo sasi-zientzia baino ez da.

Astrofisika unibertsoaren izaera eta bertan dauden astroak (adibidez, kometak, galaxiak eta erreakzio nuklearrak) aztertzen dituen fisikaren arloa da.

Castrologia Castroren inguruko guztia ezagutzea edo aurresatea, eta “ezagutza” horrekin Kubako gertaerak aztertzen dituen sinesmen multzoa da. Castrologoek ezagutzara heltzeko Castroren posizioa eta mugimendua behatzen dute, ondoren guztiz kontrakoa egiteko. Castrofisikoen ustez, castrologia oinarri politikorik gabeko sineskeria edo sasi-politika baino ez da.

Hego Euskal Herrian, estatu espainiarrean bezala, oso modan egon da beti Mendebaldeko Sahararen alde egotea. Ezker Abertzalea beti posizionatu da Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren alde. Eusko Alderdi Jeltzaleak Mohamed Abdelaziz zena estatu independente bateko presidente bati egiten zaion protokoloaz agurtu zuen; orain ez dakit, baina lehen Ibarretxeren eskuari erreparatuz gero beti ikusiko zenioten eraztun beltz bat, eraztun saharar bat. Gorka Maneirok historiarako esaldi gogoangarri bat utzi zigun: “ni autodeterminazio eskubidearen alde nago… Saharan”. PSOE-ren traizioak eta nazkagarrikeriak ere ez du mugarik izan eremu honetan, eta hala ere beti egon dira Sahararen alde mintzatu diren kideak, Odon Elorza kasu. Carmelo Barrio PP-ko kidea eta UPN-koak ere lagunen zerrendan daude, zer uste zenuten ba? Espainiar batzuk nostalgiko sentitzen dira beren “inperioak” Afrikan zeukan azken zatiaz (Kanariar Uharteak, Ceuta, Melilla eta hori dena kontatu gabe).

Eta ze politak diren udan etortzen diren ume sahararrak, baietz? Eta zein goxoak karitate kanpainetan bidaltzen diren atun latak, Saharako uretan ilegalki arrantzatutako atunez betetakoak! Ñam ñam! (Tartean itsasontzi euskaldunak fijo).

Castrologia eta CastrofisikaBaina nork eman zuen elkartasun politikoa egoera gordinena zenean? Nork hil ala bizikoa zen laguntza? Oso gutxik, eta tartean Kubak. 

Demokrazia pila baten artean egin zioten hozka saharar herriari. Marokoar demokraziak inbaditu zituen, Frantziako demokraziak lagunduta, Israelgo demokraziaren bultzadaz, Saudi Arabiako demokraziaren diruaren abalaz, Espainiako demokrazia jaio berriak zilarrezko platerean zerbitzatuta, Europako demokraziek beste aldera begiratzen zuten bitartean. Herrialde zibila napalm demokratikoarekin bonbardatu zuten, eta milaka lagun hil; gure ama han izan zen erizain, eta bizirik atera zen Umdreigako sarraskitik. Duela urte dezente egin zioten dokumentalean kontatzen du 20, 25 eta 30 pertsona baino gehiago lurperatzen zituztela egun batzuetan. Ez zegoen botikarik, ez zegoen ezertarako bitartekorik, gudari batzuen fusilak batek daki noizko mauserrak ziren…

Eta nork lagundu zien sahararrei? Kubak. “Kubako diktadurak”. Zer kristo galdu zitzaion Karibeko irla bati basamortu erdian? Elkartasuna, ez besterik; independenteak bihurtuz gero komertzio harremanak ezartzea? Baita; baina horri lehentasuna ematen dionak “harreman atsegin, normalizatu eta iraunkorrak” dauzka Marokorekin. Kasu honetan Kubak eman besterik ez dio egin herri sahararri, urtea joan eta urtea etorri; ez zen analista zorrotza izan behar hor negozio borobilik ez zela ikusteko. Baina hala ere lagundu. Beti.

Castrologia eta Castrofisika
Saharar gazte bat bere lizentziatu diploma jasoz, Habanan

Fidelek ez zuen guztia ondo egin, ziur, pertsona bat ezin delako perfektua izan, mitifikatu arren hori zelako, pertsona bat, ibilian dabilena erortzen delako beti, eta bere alde txarrak izan behar zituelako, derrigor. Baina Fidelen heriotzak eragin dituen iruzkin, idatzi eta esames guztien atzean oso gauza sinplea dagoela iruditzen zait: bi eredu ekonomikoen arteko talka. Menpekotasuna eta burujabetza. BURUJABETZA. 

Kubak baditu bere arazoak, bistan dena, eta bere prozesu sozialista oso baldintza zailetan eraman behar izan du aurrera. Baina hemen, askatasunaren Europan, ez dago prozesu sozialistarik, eta jendeak balkoitik egiten du salto ezin duelako etxea ordaindu, edo etxea erretzen zaio ezin duelako argia ordaindu, edo eskola askok udan jangelak irekitzen dituzte haurrek otordu duin bat izan dezaten egunean.

Castrologia eta CastrofisikaArazoak arazo, kritikak kritika, ez du edonork AEB-en atzaparra gainetik kentzen; sekulako analfabetismo arazoa lurrazaletik desagerrarazten inoizko abiadura handienean; haurren heriotza tasa %42tik %4ra jaisten. Ez dute edonon mediku bat 130 pertsonako; Euskal Herrian daukaguna zera da, polizia bat 160 laguneko, gu bai aurreratuak, redios! Kuba, Latinoamerikako lurralde bakarra haur desnutrizio gabe; %100eko eskolatze tasarekin; etxea eskubide bihurtu duena. Edonor ez da gai minbiziaren aurkako txerto bat sortzeko, ez eta ekologikoki jasangarria den munduko lurralde bakarretakoa izateko.

Castrologia eta Castrofisika ezberdintze aldera, diot.

#gorakuba

#agurfidel

Castrologia eta Castrofisika
castrofisika, castrologia, Castrologia eta Castrofisika, Euskal Herria, fidel, Fidel Castro, fronte polisario, internazionalismoa, Kuba, Mendebaldeko Sahara, sadr, Sahara, sozialismoa, umdreiga
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “Castrologia eta Castrofisika”-ri buruz

  • Beñat, Fidel Castroren gudarosteak laguntza eman zien sobietikei eta Mengistu etiopiako diktadoreari Somaliako herri sozialista konkistatzeko. Somaliako gudarosteak atzera bota zituen etiopiarrak, kubatarrak, sobietikoak eta hego Yemeneko gudarosteak Ogadeneko gerran. Kastrok laguntza eman zion ere Mengistu diktadoreari Eritreako gerran. Kastro Sobiet Batasunak txotxongilo arduratsu bat izan zen gerra hoietan herriak zapaltzearen laguntza paregabea emanez. Bestelako datuetaz, geroago hitzegingo dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude