Obama, Bushen ahoberokeriak jazarria

Obama, Bushen ahoberokeriak jazarria

Obama, Bushen ahoberokeriak jazarria«Obama, Bushen ahoberokeriak jazarria» AEBetako presidenteak amaiera duina eman dio berak babestu ez zuen Irakeko gerrari. Baina ez dago ezkutatzerik nolako hondamendia izan den irakiarrentzat. James Denselow The Guardian, 2010eko abuztuak 31 Duela bi urte, Barack Obama presidentetzarako hautagaiak John McCain aurkaria kritikatu zuen, aldaketa «faltsua» eskaintzeagatik, hauxe esanez: «Zerri bati ezpainetakoa jar diezaiokezu, baina zerri izaten jarraitzen du».

Astearte arratsaldean, Obama presidenteak Irakeko gerra katastrofikoari ezpainetakoa jarri zion. Ameriketako Estatu Batuek Iraken izandako esku-hartzeak sortu duen pozoi politikoa xurgatu nahi zuen, garaipena aldarrikatzeko George W. Bushek, duela zazpi urte pasatxo, hegazkin-ontzi batetik egin zituen adierazpen zuhurtziagabeak baino ñabardura handiagoko hitzak erabiliz. Obamak Irakeko gatazka despolitizatzea lortu du. Aurrekariaren erretiratze plan ia berberak jarraituz, Biden presidenteordea AEBen Bagdadeko politikaren aurpegi gisa erabiliz, eta soldadu uniformatuak erretiratzearekin batera kontratista zibilen kopurua handituz, Obamak AEBen Irakeko inbasioari buruzko bertsio ofiziala finkatzea lortu du. Baina Iraken indarkeriak gora egiten jarraitzen duen bitartean, bi hilabetez jarraian 500dik gora zibil hilda, Egunsenti Berria operazioa errealitatearen aurrean inposatutako garaipen erretorikoa izan daitekeela dirudi.

Egiazki, 50.000tik gora soldadu estatubatuarrek herrialde horretan jarraitzen dute. Erresuma Batuko armadaren ia erdia da eta borroka misioetan ez dauden arren, halakoetan parte hartzeko gaitasun osoa daukate, irakiarrek hala eskatuz gero. Gogora ezazue joan den ekainetik ez zuela AEBetako soldadurik egon behar Irakeko hirietan, baina Al Jazeerak asteburuan jakinarazi duenez, Mosulen misioak egiten jarraitzen dute –beste zenbat hiritan jarduten dute?–.

Indarren Egoerari buruzko Hitzarmenari (Sofa) jarraiki, geratzen diren AEBetako gainerako soldaduek 94 base utziko dituztela 2011ren bukaerarako, baina hitzarmen hori erraz birnegozia daiteke; bereziki, Irakeko buruzagiek armadako goi-kargudunen eskaerak kontuan hartzen badituzte. AEBek, planetan daukaten enbaxada handiena (80 bat futbol zelairen neurria dauka) eta Kirkukeko kontsulatu berriak (non AEB eta Irakeko soldaduek elkarrekin patruilatzen duten asmo txarrez «probokazio lerro» deitzen dena) zaintzeko, kontratista zibilen presentzia puztea, minen aurkako ibilgailu blindatuak eta Blackhawk-ak [gerra helikopteroak] dituzten 7.000 lagun gehiagoz baliatuta, estrategia baten ondorio da.

Gatazkaren pribatizazio honek «gure soldaduak etxera ekarriz» argudioaren inguruko eztena atera du eta, agian, Obamari atzerri politikan garaipen bat ekarri dio, Afganistanen estatubatuarren odola isurtzen jarraitzen den bitartean. Maskarada osoko ironia handiena da hasieran Irak suntsipen handiko armak aurkitzeko (ez zuen batere aurkitu) inbaditu zuen AEBen misioak taktika aldatu eta Irakeko demokraziaren jaiotza bultzatu zuela. Hala eta guztiz ere, AEBetako Stryker ibilgailuak Kuwaitera doazelarik, zazpi urtez lehergailu inprobisatuen aurka borrokatuz ikasi dituzten lezioek utzitako orbainekin, Bagdaden ez dago demokratikoki aukeratutako gobernurik haiei eskuaz agur esateko.

Horren ordez, duela ia sei hilabete egin zituzten hauteskundeetatik sortutako behin-behineko gobernuaren hondarrak geratzen dira. Nuri al Maliki lehen ministroa telebistako pantailetan nagusituko da, baina sektakeriaren aldeko joera hartzen ari den legitimitate gabeko buruzagitzat jotzen dute, gero eta gehiago. Izan ere, joan den astean zabaldu ziren berrien arabera, Al Malikik Irakeko lehen ministroa xiita izatea exijitu zuen eta mugimendu horrek Iraken Libanokoa bezalako sistema konfesional bat ezarriko luke.

Al Maliki Irakeko politikariek estatu-politikari izateko duten ezintasunaren sintoma da, AEBek kodiseinatu duten konstituzioak eragindako ezintasunarena. Izan ere, konstituzio horrek batasun nazionaleko gobernu itxiak osatzea eskatzen duen sistema federal bat eman die eta horren ondorioz sortu diren gobernuak ez dira gai izan herrialdeak dituen erronka handiei aurre egiteko. Hildako kopurua handitzen ari da eta hutsune politikoaren eraginez herritarrek liskarrak konpontzeko modu zuzenagoa hartu behar dute. Orain, eguneko 15,2 lagun hiltzen dira –urteko lehen sei hilabeteekin alderatuz, gorakada handia, batez bestekoa 9,2koa baitzen–. Irakeko aliantza politiko jaioberriak hartzen ari diren kutsu sektario gero eta handiagoa 2006-2007ko gerra zibil odoltsura begira jarri du zenbait jende.

Garai hartan, hilero milaka lagun hiltzen ziren eta jendeak beren izenak eta helbideak gorputzean tatuatzen zituen, erahil eta milizien kontrolpeko gorputegietara eraman zitzaten eragozteko. Matxino sunita ohiek eragina izaten jarraitzen dute, nahiz eta AEBen oldarraldiaren ondorioz nabarmen ahuldu ziren. 90.000 laguneko mugimendutik 50.000tik gorari lana eman eta erabakietan parte hartzen uzteko Irakeko Gobernuaren gaitasun gabezia edo borondate eza iraganeko segurtasun lorpen ahulen gaineko Damoklesen ezpata da.

Inguruan beste ezpata batzuk ere badaude zintzilik: kurduen eta arabiarren arteko harremana, Irango eraginen barneratze jarraia edo federalismo eta petrolio lege konpondugabeekin lotutako politika zehatzagoak. Nahastu osagai hauek guztiak batera eta «Irak berria» osatzen duen edabe aldakorra lortuko duzue. Imaginazio urriko zenbait politikari erlatibistak «orain, gauzak Saddamen garaian baino hobeto daude» argumentu gaur egun garrantzirik gabekoari heltzen diote, baina irakiar gehienak ez dira iraganari buruzko eztabaidetan sartzen, orainean bizirauteko nahikoa lan baitaukate.

Gauza guztiak kontuan hartuta, baliteke AEBen ustezko arrakastak Iraki ezarri dion ezpainetakoa laster lausotzen hastea.

.
Irudia | Amaitua ote? | Aaron Escobar | Creative Commons By SA
Obama, Bushen ahoberokeriak jazarria Obama, Bushen ahoberokeriak jazarria
AEBak, gerra, Irak, okupazioa
Ainara Mendiola

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude