Bubisherrekin egin dut amets

Bubisherrekin egin dut amets –

Badator eta agur egin digu bisitariak: Salam aleikum – Bego bakea zurekin, eta bertan daudenek ihardetsi: Bego bakea zurekin ere – Aleikum bi salam. Agure batek esan du Yak lebas, txingorrak astintzen dituelarik, eta besteek segidan Yak eljeir, denok gaude ongi, tea hartzen dutelarik. Merhba, merhba, ongi etorri, ongi etorri, zatozen lekutik zatozela, bisitari. Ume baten begi handiek ez dute xehetasun ñimiñoena ere galtzen, aguren elkarrizketak nola uztartzen diren atzematen.

Bubisherrekin egin dut amets

Egon badago denbora, baita basamortuaren basamortu den hamadanhaizeak jotzen duenean ere, senideez galdetu eta gero galdetzen jarraitzeko. Shtari mn lajbar? Berririk al da? Bonbardaketak Un Dagan-en, Al-Bagari-n, eta Marokoren baseen aurka Al-Feiyin-en, Farsi-n. Eta beste batek osatzen du entzundakoa atzo Hauza-n ere eraso egiten dutela esanda, ume begi-handiak ñabardura guztiak irensten dituen bitartean. Espainiako Estatuaren traizioaren eta NBEren utzikeriaren ondoren eta ondorioz, Saharako herri baketsuari armen bidea baizik ez zaio gelditu. Liman Boisha poetaren olerkien ordez, Marokoko Armadak okupatutako leku-izenak nagusitu dira tearen inguruko solasaldietan.

Ume begi-handia bakarrik dago haiman, anaia koxkorra akademia militarrera joan delako, eta Aaiun-go errefuxiatu-kanpamentuan ia-ia ez dago mutilik; ume begi-handiaren aita bera ere Polisarioan dago erizain lanetan. Ez ahal da bere lana beharrezkoa izanen! Ilundutakoan egon badago denbora xake-jokoan aritzeko lagun zaharrekin, tea eta tea hartzen den bitartean, ume begi-handiak den-dena ikusten duelarik. Agureak xake-jokoan ari zirela loak hartu du ume begi-handia, eta esnatutakoan pozik eta uros dago bubisher saldo batekin egin duelako amets: bubisher txori beltza, basamortuko hegazti txikia, orobat, mezulari eta albiste onen iragarle, itxaropen mandatari, Saharako herriaren duitasunaren mezulari, baita hamada-n ere, basamortuaren basamortuan, haizeak haima anitzen artean firi-firi jotzen duenean.

Bubisherrekin egin dut amets

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.