[2022ko brigadak] Brasildik 1. kronika

[2022ko brigadak] Brasildik 1. kronika –

Hauteskunde kanpaina pil-pilean: komite popularrak eta klase borroka.

Urriaren 2an ospatuko diren hauteskundeen kanpainan bete betean iritsi gara Brasilera. Lula da Silva hautagaia (PT – Langileen Alderdia) denon ahotan dago eta bere aurpegiak apaintzen ditu kaleak, banderolak, arropak nahiz txapelak. Itxaropena arnasten da, azken urteotan Bolsonarok herrialdean egindako txikizio guztiak konpontzeko premia baitago.

.

80. hamarkadako borroken oihartzunak ozen entzuten dira gaur

Egungo testuinguru politikoa ulertzeko ezinbestekoa da denboran atzera egitea. 1964ko kolpe militarrak 21 urteko diktadura-aldia ekarri zuen Brasilera. Aldi horretan, agerikoa izan zen herrialdearen atzerapen ekonomikoa, baita langile klasearen eskubide galera ere. Ildo horretan, 80ko hamarkadan Brasilgo herri masen borrokak ugaritzen hasi ziren. Garai haietako iraultzaileen artean Lula zegoen, metalurgiaren sindikatuari lotuta.

Mobilizazio masibo hauen eraginez diktadura amaitu eta 1988an Brasilgo Konstituzioaren promulgazioa eman zen. Hala eta guztiz ere, demokraziarako trantsizio honetan ez ziren aintzat hartu langile klasearen aldarrikapen nagusiak, eredu neoliberala ezarriz; enpresa nazionalak pribatizatu ziren eta politika ekonomikoa nazioarteko kapital finantzieroaren mesedetara bideratu zen, adibidez.

[2022ko brigadak] Brasildik 1. kronika2002an Lulak irabazi zituen hauteskundeak, eta 2016ra bitartean Brasilgo Langileen Alderdiaren (PT) esku egon zen gobernua: Lularen presidentziarekin lehenengo eta Dilma Roussefenarekin ondoren. PTren proiektu politikoa “klaseen arteko kontziliazioan” oinarrituta zegoen, eragile eta sektore guztiak asebetetzen saiatuz. Langile klaseari dagokionez, laguntza sozialetan inbertitu eta gutxieneko soldata finkatu zen, besteak beste.

Aldi horretan 2008ko krisi kapitalista etorri zen, beraz, klaseen arteko kontziliazio proiektuak ezin zuen martxan jarraitu. Enplegu eta soldaten egonkortasunak talka zuzena egiten zuen burgesiaren interesekin. Testuinguru honetan, PTren aurkako kontserbadoreen mobilizazioak sortzen hasi ziren, alderdi ezkertiarraren ustezko ustelkeriak salatuz. Honek PTn eragin negatibo handia izan zuen.

Azkenean, 2016an eskuineko sektoreek estatu kolpe parlamentarioa eman zuten (impeachment deiturikoa) eta Michel Temer presidente izendatua izan zen. 2018an Brasilgo hauteskundeen atarian, PT bere indarra berreskuratzen hasi zenean, Lula inhabilitatu eta atxilotu zuten, bere hautagaitza pikutara bidaliz. “Lava jato” deituriko operazio honek Jair Bolsonaroren garaipena erraztu zuen, proiektu politiko erabat ultraliberala, erreakzionarioa eta populista.

Begi bistakoa da beraz burguesia faxismoaz baliatu zela status quoa mantendu eta ezkerraren gorakada baretzeko, herritarrak iraganeko diktadura militarraren testuinguru berean kokatuz gutxiengoen interesak asetzeko. Horren aurrean, Lularen askapenarekin batera Brasilgo herri langileak 80ko hamarkadaren indarra berpiztu eta kaleetara itzuli da beste behin politika zapaltzaileekin akabatzeko.

.

Jair Bolsonaro, Donald Trumpen bide beretik

Jair Bolsonaro presidenteak indar militarrean oinarritzen du bere botere politikoa eta eliza ebangelistan, aldiz, botere ideologikoa. Pandemian zabaldutako diskurtso negazionistek bere boterea nabarmen jaitsi dute, kontserbadoreen artean ere bai. Ildo horretan, lehen inkesten arabera Lulak abantaila argia erakusten du Bolsonaroren aurrean, beraz egungo presidenteak bere makinaria erreakzionario guztia martxan jarri du.

Gorrotozko diskurtsoen bitartez indarikeria politikoa sustatzen ari da Bolsonaro. Horren erakusle argia da uztailean polizia bolsonarista batek PTko kide bat tiroz akatu izana Paranako estatuan. Zentzu berean, hauteskundeetan iruzur posible baten fikziozko narratiba bat martxan jarri du, Donald Trumpek AEBn eraiki zuen moduan.

Etsi-etsian, klase apalen artean bozkak eskuratzeko, Bolsonarok pobreziari aurre egiteko laguntza sozial sorta bat martxan jarri du.

[2022ko brigadak] Brasildik 1. kronika

.

Komite Popularrak nazio eraikuntzaren erreminta

Eragile zein militante ezberdinekin hauteskundeen inguruan hitz egiteko aukera izan dugu eta denek ondorio berbera helarazi digute: “Lularen proiektu politikoa esperantzagarria da baina benetako aldaketa estrukturalak lortzeko ezinbestekoa dugu herria antolatzea”. Horrexegatik Komite Popularren eraketa herrialde osoan.

Komite Popularrak herritarren kontzientzia politikoa piztea dute helburu, Bolsonaroren faxismoa eta neoliberalismo basatia borrokatzeko eta Lularen hautagaitza babestearekin batera, nazio eraikuntzan parte hartzea sustatzeko.  Horretarako auzoetan, herrietan eta eskualdetan modu pluralean antolatzen hasiak dira, bizilagun/familia multzoetan eta sektoreetan (gazteak, ikasleak, artistak, nekazariak, langileak…) banatuta.

Antolaketari dagokionez, Komite bakoitzak emakumezkoen eta gizonezkoen arteko parekidetasuna eta beltz komunitatearen parte hartzea bilatu behar du. Gainera, asanbladak burutzeko metologia konkretu bat finkatu behar dute partaideen artean (bileren iraunkortasuna, quoruma, eguneko ordena…).

Honako hauek dira Komite Popularren eginkizun nagusiak:

  • Gai konkretuen inguruko eztabaidak sustatzea (osasuna, etxebizita, hezkuntza, segurtasuna…).
  • Astintze eta propaganda ekintzak burutzea (kale margoketak, eskuorriak…)
  • Ekimen politikoak zein kulturalak sortzea (musika kontzertuak, antzerki popularrak…).
  • Sareetan presentzia bermatzea (Twitter, Whatsapp, Instagram…).
  • Komite Popularren sorkuntza sustatzea.

Esan beharra dago Komiteen jarduna ez dela hauteskundeekin bukatuko, jarraikortasun bat izateko sortuak baitira.

.

Brasilgo klase borrokan Lularen gobernu berria arnasaldia litzateke langileriarentzat

Bolsonaroren politika faxistak eta ultraneoliberalak eragin lazgarriak izan ditu Brasilgo herrian:

  • [2022ko brigadak] Brasildik 1. kronikaBizitzaren garestitzea basatia izan da azken urteotan (inflazioa), elikagaien eta gasolinaren prezioak bikoiztuz.
  • Etxebizitzaren arloan ere datuak oso larriak dira: Brasil osoan kale gorrian bizi diren pertsona kopurua ia 20 milioietara iritsi zen 2021ean. Hirietako biztanleriaren %23,7a suposatzen du horrek. Sekula egon den daturik latzena.
  • Emakumeen eta LGTB+ kolektiboaren kontrako biolentzia handitu egin da: 2021. urtean 1.341 feminizidio erregistratu ziren, horietatik %62a emakume beltzak zirelarik. Bi egunez behin trans pertsona bat erailtzen da.

Lehen aipatu bezala, argi dute brasildarrek Lularen gobernu posible batek ez duela sistema kapitalistarekin bukatuko, langile klasearen antolakuntza eta borrokaren bitartez lortuko baita nahitaez. Hala ere, hori lortzerako bidean herriak Lularen politika sozialen beharra duela erakusten dizkigute datuek.

Jarraituko dugu Brasildik informatzen!

[2022ko brigadak] Brasildik 1. kronika [2022ko brigadak] Brasildik 1. kronika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude